'Crai nou' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Alina Grigorek zuzendutako ekoizpen errumaniarra ez zegoen Donostiako Zinemaldiko sari nagusia irabazteko hautagai nagusien artean.

Alina Grigore zuzendaria. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Berria
2021eko irailaren 25a
21:44
Entzun

Donostiako 69. Zinemaldiak badu irabazlea: Crai Nou / Blue Moon (Aline Grigore). Film errumaniarra nahiko oharkabean pasatu zen jaialdian eman zutenean, eta ez zegoen festibala segitzen duten kritikarien gustukoenen artean. Neska gazte bat du protagonista, bere familia disfuntzionalaren indarkeriatik ihes egin eta goi mailako hezkuntza lortzea nahi duena.

Zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra, berriz, Tea Lindeburg zinemagile daniarrak jaso du Du som er i himlen / As in Heaven filmagatik.

Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Lucile Hadzihalilovic zinemagile frantziarraren Earwig filmarentzat izan da.

Aurten, lehenengo aldiz, generoak bereizi gabeko interpretazio sariak eman ditu Donostiako Zinemaldian, eta epaimahaiak bi emakume saritzea erabaki du. Batetik Flora Ofelia Hofmann, Du som er i himlen / As in Heaven filmagatik, eta bestetik, Jessica Chastain, The Eyes of Tammy Faye filmean egindako lanagatik.

Zinemaldiak ematen duen lehen Taldeko aktore onenaren saria Jonas Trueba zinemagile espainiarraren Quien lo impide filmeko aktore talde osoak jaso du: Candela Recio, Pablo Hoyos, Silvio Aguilar, Pablo Gavira, Claudia Navarro, Marta Casado, Rony-Michelle Pinzaru eta Javier Sánchez.

Terence Daviesen Benediction zen aurtengo faboritoetako bat, eta azkenean gidoi onenaren saria jaso du. Argazki onenaren saria, berriz, Claire Mahonek eskuratu du Enquete sur un scandale d'etat filmagatik.

Euskal zinemaren saria Iciar Bollainen Maixabel-ek jaso du, eta epaimahaiak erabaki du aipamen berezi bat egitea Maider Oleagaren Kuartk Valley filmari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.