14.000 lagunek ikusi dute antzokietan Frankoren bilobari gutuna obra. Zortzi hilabeteko ibilbidea izan du, eta 60 emanaldi egin dituzte Euskal Herri osoko era guztietako agertokietan. Amaitutzat eman dute zuzenekoen aroa, baina, ikusi ez duenari eskura jarri diote horretarako aukera. Antzezlana oso-osorik eskegi dute interneten.
Martxoaren 27an Viktoria Eugenia antzokian grabatu zuten emanaldia jarri dute interneten. Antzerkiaren egunean grabatu zuten, hain zuzen, Donostia antzerki saria jaso zuten egunean.
Nor da Franko? galdera behin eta berriz entzuten da antzezlanean. Galdera horri zuzenean erantzun gabe, frankismoaren oroimena eta herentzia lantzen dira obran, ospitale bateko pertsonaien bitartez. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi zuten gidoia, Ximun Fuschek zuzendu eta Ander Lipusek, Patricia Urrutiak, Manex Fuchsek, Zoila Berastegik, Urko Pescadorrek, Pako Revueltasek eta Erika Olaizolak antzezu. Lan kolektibo gisara definitu dute beti.
Kritika onak jaso ditu, tartean Agus Perezena.