Fikziozko istorioekin Gotzon Hermosillak (Barakaldo, Bizkaia, 1966) bakarka osatu duen lehen liburua da Gaur galtzea tokatzen da. Eta beste istorio batzuk (Elkar). Lehenago, Road-movie bidaia-kronika (alberdania, 2002), eta Ramones, familia maitagarria musika taldearen biografia (Paper hotsak, 2005) idatzi zituen, eta Idoloak akatu genituenekoa punk giroko ipuin bilduma kolektiboan (Barnezomorro, 2016) parte hartu zuen.
Bi zatitan banatu du Gaur galtzea tokatzen da lana. Batetik, taberna-zuloko istorioak bildu ditu, liburuari izena ematen dion ipuina izanik haietako lehena. "Gauean noraezean bezala irten eta lokal jakin batzuetara jotzea, zer harrapatuko; dela droga legala, dela, batez ere, ilegala". Bestetik, han eta hemen giroturiko narrazioak bildu ditu bigarren partean. Lehen atalak bezala, sei kontakizun ditu bigarrenak ere: Galizian gerraostean Guardia Zibilaren zanpaketa, 60ko hamarkadan Euskal Herrian grebak apurtzeko eskirol gisa kontrataturiko migratzaileak, Meatzaldeko industrializazioaren lan-baldintza gogorrak, Txina urrunean kokaturiko kontakizun miresgarriak...
Bizkaiko ezkerraldeak eta meatzaldeak presentzia ageriko dute ipuinotan. "Euskal literaturan ez da askotan azaldu ezkerraldea. Hala ere, ez dut egin aldarrikapen modura. Neuk gehien ezagutzen dudan gunea hori da, eta hor kokatuta daude istorioetako batzuk". Ipuinak batzen dituen hari bat egotekotan, "pertsonaien izaera galtzailea da", Hermosillaren hitzetan.