zinema

'Gure Sor Lekua' euskarazko lehen filma, bihar Bilbon

Euskarazko lehen filma da. Berreskuratu ondoren lehen aldiz Hazparnen eman zuten iaz. Bideoa: iaz Hazparneko emanaldiaren aurretik Bilbon egindako aurkezpena (Ander Gartzia, BerriaTB).

2014ko abenduaren 1a
16:57
Entzun 00:00:0000:00:00

EHUk jakinarazi duenez, Gure Sor Lekua Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentala da. 1956an estreinatu zen Hazparnen (Lapurdi), bertakoa baitzen zuzendaria, Andre Madre Frantziako armadako jenerala, eta orain urtebete berriro eman zuten Hazparnen. Orain EHUk Bilbon emango du, bihar 19:30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. 

Diasporako euskaldunei zuzendu zien filma Madrek, bere hitzetan, sorlekua iruditan ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz. Hitzak, Jean Elizalde Zerbitzari idazle, apaiz eta euskaltzainak egin zituen.

Horixe izan zen egin zuen pelikula bakarra. Historiografiak apenas aipatu du dokumentala, guztiz ezezaguna zelako, eta hari buruz emandako datu urrietan, ez zen ageri euskaraz izan zitekeenik. Izan ere, pelikula galdutzat ematen zen, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR ikerketa taldeko Josu Martínezek 2012an kopia mutu bat aurkitu zuen arte.

Hain zuzen ere, Josu Martínezek Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia izenburua duen bere tesia defendatuko du epaimahaiaren aurrean asteazkenean bertan, arratsaldeko 15:30ean.

EHUk antolatutako ekitaldian, filmaren bertsio laburtua proiektatuko da, Joserra Senperenak propio konposatutako jatorrizko musikarekin. Musika zuzenean interpretatuko du Xaer/Hertz laukoteak. Aurkezpenean izango dira Iñaki Goirizelaia errektorea, Andre Madre zuzendariaren alarguna eta EHUko ikerlari Josu Martínez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.