Agerraldi bat egin dute Asisko Urmeneta, Patxi Uharte Zaldieroa eta Exprai marrazkilariek, salatzeko Nafarroako VII. Azokaren antolatzaileek H28 aldizkariaren bi lan zentsuratu dituztela. Azaldu dutenez, hamalau piezako bilduma bat egiteko eskaera jaso zuen aldizkariak orain hiru aste, azokaren barruan fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko. Hautaketa aldizkariaren esku utzi zuten, baina gero atzera bota dituzte bi irudi, eta, aldizkariari hitzez hitz azaldu diotenez, lanen edukia izan da arrazoia.
Zehazki, Opus Deiri eta pedofilia eskandaluez ari da zentsuratutako binetetariko bat, eta Guardia Zibilak Burlatan “Tortura” zioen margoketaren harira egindako atxiloketez bestea. Horregatik, aldizkariak uko egin dio azokan parte hartzeari. Salatu egin du zentsura, eta, gainera, erakusketa antolatu du zentsuratutako irudiekin Iruñeko Katakrak aretoan. "Guk ezker-eskuin ostiak jotzen jarraituko dugu", adierazi dute marrazkilariek: "Aldizkari satiriko bat gara, satira egiten dugu, eta satira egiten jarraituko dugu".
Opus Deiren inguruko marrazkia atzera botatzeko ondorengo arrazoiak eman dizkio Tiza elkarteak aldizkariari: "Opusena gehiegizkoa iruditzen zaigu; ez dugu uste kolektibo oso hori pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik. Eztabaida litekeen kontu bat izan liteke, baina ez dugu egoki ikusten". Zentsuratutako beste lanaren kasuan, berriz, argudio hauek eman ditu antolakuntza taldeak. "Ez zaigu leku egokia iruditzen horri buruz hitz egiteko; ez, behintzat, hain modu esplizituan. Egia da torturarena, baina beste modu batean ere esan daiteke".
Antolatzaileek azaldu dute lan horiek erakutsiz gero arriskua ere egon daitekeela hurrengo urteetan azoka babesle pribatu batzuen laguntzarik gabe geratzeko. Erakunde publikoen laguntza ere jasotzen du jaialdiak, eta "bereziki salagarri" egiten du horrek azokaren "jarrera zentsuratzailea", marrazkilarien esanetan.
Aldizkariak "hilabetero sarean, doan, euskaraz, satira eskaintzen segitzeko konpromisoa" berretsi du. "Penaz" ikusten du, ordea, Nafarroako VII. Komiki Azokak "komiki azoka izateari uko egin izana".
2015eko Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuen ostean kaleratu zuen lehen zenbakia H28-k, urte hartako urtarrilaren 28an. Euskal Herriko lehen lerroko 50 marrazkilari inguru bildu ditu geroztik bere orrietan, eta hilero kaleratzen ditu marrazki satirikoak, hilaren 28an, www.h28.eus webgunean.