Filmean, Migel Joakin Eleizegiren bizitza kontatuko dute; XIX. mendean ezagun egin zen, eta Altzoko Handia esaten zioten. Eleizegi Altzoko baserri batean jaio zen, 1818an. 20 urte zituela, gaitz batek jo zuen, eta etengabe hazten hasi zen, 2,42 metro luze izateraino; Europako gizonik garaiena izan zen. Horrek ospea eman zion, eta Europan zehar bidaiatzera eraman zuen, erakustaldiak egiteko. Anaiarekin egin zituen bidaia horietan, Aundiya izen komertziala erabili zuen, orduko zenbait agirik diotenaren arabera, eta horrexegatik aukeratu zuten Aundiya filmaren behin-behineko izen gisa. Azkenean, baina, Handia du izen ofiziala. Bideoa: filmaren grabaketa, iazko maiatzean (BerriaTB).
[YouTube]https://youtu.be/KHEXoVHXUV4[/YouTube]
Eneko Sagardoi du protagonista nagusia filmak, eta harekin batera ageri dira filmean Joseba Usabiaga, Ramon Agirre, Aia Kruse, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte. Urriaren 20an ikusi ahal izango da filma aretoetan, baina, aurretik, Zinemaldian lehiatuko da. Hori jakin zutenean, pozik agertu ziren Jon Garaño eta Aitor Arregi filmeko zuzendariak.
Wim Wenders zuzendariaren Submergence filmak hasiko du Zinemaldia, eta The Wife filmaren Europako estreinaldiak itxiko du. Tartean, Glocal in Progress estreinatuko dute, eta, Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo lau film emango dituzte. Irailaren 22tik aurrera, atzera begirakoa eskainiko diote Joseph Loseyri.