Musika

'Iparrorratzak' leloarekin egingo dute Atlantikaldia jaialdia

Oum, Alos Quarte, Sharon Shannon, Joseba Tapia, Ladama, Olatz Salvador, Arat Kilo & Mamani Keita, Mad Muasel, Che Sudaka, Zuriñe Hidalgo eta Arima Soul ariko dira Errenteriako festibalean, hilaren 23tik 26ra.

Oum kantari marokoarra Alos Quartekin ariko da. AMINE CHBANI
Berria
2021eko irailaren 8a
12:32
Entzun

Zortzigarren urtez antolatu dute Errenterian (Gipuzkoa) Atlantikaldia, kulturen arteko elkarbizitza helburu duen jaialdia. Hori izan du jomuga hasieratik, eta aurten ere norabide horretan antolatu dute lau eguneko programazioa. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak gaur egindako aurkezpenean azaldu duenez, «elkarbizitza hori gerta dadin bide eta aukera ezberdinak eskaini nahi ditugu jaialdiaren programazioarekin».

Kultur jaialdia izanik ere, musikak protagonismo berezia izango du Atlantikaldian, eta, aurreko urteetan bezala, aurten ere itsas elkarrizketak antolatu dituzte, hau da, nazioarteko eta bertako artisten kolaborazioak.

Lehenengo egunean, 23an, Oum kantari marokoarra eta Alos Quartet elkartuko ditu jaialdiak, Lekuona fabrikan —hori izango da itsas elkarrizketen agertokia—. 24an, Joseba Tapiak eta Sharon Shannon abeslari irlandarrak oholtza partekatuko dute, eta ondoren Venezuela, Kolonbia, Brasil eta AEBetako lau emakumek osatzen duten Ladama taldea Olatz Salvadorrekin ariko da leku berean.

25ean Arat Kilo eta Mamani Keitak Mad Muaselekin batera parte hartuko dute jaialdian, eta egun berean jatorri argentinarra eta kolonbiarra duen Che Sudaka taldea igoko da oholtzara, Zuriñe Hidalgok lagunduta. Azkeneko egunean, Arima Soul euskal taldeak emango du kontzertua.

Horiez gain, beste kontzertu batzuk ere izango dira Fanderian eta Migel Irastoza areto futboleko zelaian, eta horietan honako hauek hartuko dute parte: Dupla, Ibil Bedi, J Martina, Chill Mafia, Antia Muiño, Blanquita Carraquela, DJ Flaca, Gitano de Palo, Ene Kantak, Albosax eta Mugan.

Musikaz aparteko ekitaldiak ere izango dira Atlantikaldian: dantza tailerrak, arte urbanora zuzendutako espazio bat, bisita gidatuak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.