Hogei urte ziren Pako Aristik ez zuela nobelarik idazten, Urregilearen orduak (1998, Erein) argitaratu zuenetik. Ordutik hona, hiru saiakera lan, lau poesia liburu eta ehunka artikulu idatzi ditu. Baina eleberri batekin bueltatu da orain plazara: Rosa itzuli da (Erein). ETAko kide izatea egotzita 25 urte kartzelan eman ondoren, etxera itzuli den emakume bat da protagonista. Herrira itzultzean zer topatuko duen, bizitakoez zein gogoeta egiten dituen, nola begiratzen dion orainari, nola iraganari... Hainbat gai tartekatuko dira kontakizunean. "Memoriari buruzko nobela da, iragan lazgarri bat ahaztu nahiaren eta alzheimerraren oroitu ezinaren artean zabuka doana, belaunaldien arteko transmisioari buruzkoa, thriller politiko bat, arduraz diharduena, hartutako erabakien ondorioez, eta erantzunik zailenaren bilaketaz, izandako ametsak eta idealak non geratu diren", azaldu du egileak.
Nobela idazteko "txinparta" 2013an sortu zitzaiola azaldu du Aristik, "Parot doktrina baliogabetu eta preso politiko saldo bat atera zen garaian". Bi arrazoi aipatu ditu gaiari heltzeko: batetik, preso horietako batzuk ezagunak zituela. Eta bestetik, "estigmatizatuak zeudela" sentitzen zuela. Pertsona horien atzean "gai sakonak" zeudela, eta haien inguruan fikziozko lan bat eraikitzea "oso interesgarria" iruditu zitzaiola gaineratu du. "Historia kolektiboa" izan arren, "lehen pertsonako ahotsaren intimismoaz" eraiki du kontakizuna.