The New Yorker aldizkari ospetsuaren irakurleek euskaratik itzulitako poema bat irakurri ahalko dute gaur ateratako edizioan. Kirmen Uriberen 17 segundo poesia liburuko Emakumeak fabrikatik bueltan poema da aldizkari estatubatuarrak hautatutakoa; ingelesez, Back from the cannery da lanaren izenburua, eta Elizabeth Macklin izan da testua itzultzeko arduraduna.
Sarean, The New Yorker-en webgunean, joan den astean argitaratu zuten poemaren itzulpena, eta, lehen aldiz, euskaraz ere jarri zuten entzungai, Uribek berak irakurrita: «Lehen aldia da euskara erabiltzen dutena aldizkarian, eta horrek poztu nau batez ere», azaldu dio idazleak BERRIAri. Aurretik ere argitaratu zuen aldizkariak haren poema bat, 2003an, Maiatza izenekoa.
Azaldu du «oso zaila» dela The New Yorkerren poemak argitaratzea. Uriberen kasuan, badu aurretik ere ingelesera itzulitako poema liburu bat, Bitartean heldu eskutik, eta azken bi urteetan New Yorken bizi izanak ere lagundu diola aitortu du: «Polita da nire bidez euskarari atetxo hori zabaldu izana».
Kirmen Uriberen 'Emakumeak fabrikatik bueltan' poema, ingelesez, gaurko 'The New Yorker'-en papereko edizioan.BERRIA
Paperezko edizioa, ordea, ez dute argitaratu gaur arte. Poema hori The New Yorker-en ateratzea lehen pauso bat dela azaldu du Uribek, argitalpen gehiagotan ere agertzeko asmoa baitu. Egileak jada baieztatu du The Paris Review-n eta beste aldizkari ospetsu batzuetan ere aterako direla 17 segundo liburuaren ingelesezko bertsioko poemak: «Asmoa da pixkanaka aldizkarietan ateratzea, irakurleak erakartzea, harreman estua sortzea eurekin, eta gero argitaratzea liburua».
Pixkanaka argitaratuz
17 segundo poema liburua iazko Durangoko Azokan argitaratu zuen Ondarroako idazleak, eta jada itzuli dute gaztelaniara eta galegora, baina ingelesezko bertsioa argitaratzea falta da. Izan ere, Uribek azaldu bezala, prozesu hori pixkanaka egin nahi du; uste du liburua bat-batean ateratzen badu, oharkabean pasatzeko arriskua izaten dela, eta, batzuetan, hobe izaten dela «pazientzia apur batekin han-hemenka ateratzea poemak, eta gero liburua».
Azkenik, euskara «zuzenean mundura» ateratzearen aldeko aldarria egin du idazleak: «Garai batean, Madril zen jomuga, eta bazirudien nazioartera jotzeko Madriletik igaro behar zela, baina nik ez dut uste hala denik, badaude beste bide batzuk». Argi du euskaraz badagoela nahikoa kalitatezko literatura, eta uste du badela garaia «kristalezko bola hori» apurtzeko.