Sarien denboraldi betean, Jane Campionen The Power of the Dog-ek irabazitakoen zerrenda luzatzen eta luzatzen ari da aldiro. Asteburuan, urteko filmik onenaren bi sari irabazi ditu, ordu gutxiren aldearekin: AEBetako kritikarien Critics' Choice eta Erresuma Batuko Akademiaren Bafta. Gainera, bietan Campionek lortu du zuzendaririk onenaren saria ere. Gaur hamabost emango dituzte 94. Oscar sariak, eta irabazteko faboritoa dela berretsi dute.
Film onenaren kategorian izendatuta zeuden Kenneth Branaghen Belfast, Adam McKayren Don't Look Up, Denis Villeneuveren Dune eta Paul Thomas Andersonen Licorice Pizza filmak ere. Belfast-ek film britainiarrik onenaren saria irabazi du. Dune zen izendapen gehien zituena, eta sari kopuruan ere nagusitu da; bost lortu ditu: argazkirik (Greig Fraser), musikarik (Hans Zimmer), ekoizpen diseinurik, sonurik eta efektu berezirik onenena.
Andersonek jatorrizko gidoirik onenaren saria irabazi du Licorice Pizza-rekin, eta egokitutako gidoirik onenarena Sian Hederri eman diote, Coda filmarengatik.
Emakumezko aktorerik onenaren saria Joanna Scanlani eman diote (After Love), gizonezko aktorerik onenarena Will Smithi (King Richard), taldeko emakumezko aktorerik onenarena Ariana DeBoseri (West Side Story), taldeko gizonezko aktorerik onenarena Troy Kotsurri (Coda), aktore talderik onenarena West Side Story filmeko kideei eta aktore berri onenaren saria Lashana Lynchi (No Time to Die).
Gainontzeko kategorietan, Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car filmak irabazi du ingelesez besteko film onenaren saria; Jared Bush, Charise Castro Smith eta Byron Howarden Encanto-k lortu du animaziozko film onenaren saria; eta Questloveren Summer of Soul-i eman diote dokumental onenarena.