Faborito nagusien artean zegoen The Shape of Water Guillermo del Tororen filma, eta ez du huts egin: hamahiru izendapen zituen Oscar sarietarako, eta lau sari jaso ditu. Gainera, hark eskuratu ditu bi preziatuenak: film onenarena eta zuzendari onenarena. Soinu bandarik onenaren saria (Alexandre Desplat) eta produkzioko diseinurik onenarena (Paul D. Austerberry, Jeffrey A. Melvin eta Shane Vieau) ere eskuratu ditu.
[youtube]https://youtu.be/uiA4B5Y63IQ[/youtube]
Three Billboards Outside Ebbing, Missouri zen beste faboritoa, eta, sari nagusiak eskuratu ez arren, hark ere lortu du sari potolorik: Frances McDormandek emakumezko aktorerik onenaren saria eskuratu du, eta Sam Rockwellek taldeko aktorerik onenarena.
[youtube]https://youtu.be/Jit3YhGx5pU[/youtube]
Darkest Hour filmean egindako lanagatik, Gary Oldman zen faborito nagusia gizonezko onenaren saria eskuratzeko, eta irabazi egin du. Film horrentzat izan da makillaje eta ile apaintze onenaren saria ere, Kazuhiro Tsuji, David Malinowski eta Lucy Sibbickek egindako lanagatik.
Hiru sari lortu ditu Dunkerque-k: soinu muntatzerik onenarena (Alex Gibson eta Richard King), soinu nahasketa onenarena (Mark Weingarten, Gregg Landaker eta Gary A. Rizzo), eta muntatzerik onenarena (Lee Smith).
Taldeko aktorerik onenaren saria Allison Janneyri eman diote I, Tonya filmean egindako lanagatik; jatorrizko gidoirik onenarena Jordan Peeleri, Get Out filmagatik; egokitutako gidoi onenarena James Ivoryk, Call Me by Your Name filmagatik; ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako lan onenaren saria Una mujer fantástica film chiletarrak eskuratu du. Coco-k irabazi ditu animazioko film onenarena eta abestirik onenarena (Remember Me de Kristen Anderson Lopez eta Robert Lopez). Argazki onenarena Roger Deakinsek eskuratu du, Blade Runner 2049 filmean egindako lanagatik; eta film hura izan da efektu berezirik onenaren saria eskuratu duena ere (John Nelson, Paul Lambert, Richard R. Hoover eta Gerd Nefzer). Janzkera onenaren saria, berriz, Mark Bridgesek irabazi du, Phantom Thread-em egindako lanagatik.
Dokumental onenaren saria Icarus-ek lortu du; film labur dokumental onenarena, Heaven is a Traffic Jam on the 405-ek; fikziozko labur onenanera, The Silent Child-ek; eta animaziozko labur onenarena, Dear Basketball-ek.
Aldarrikapenen gaua
Frances McDormanden eskutik etorri da gaueko aldarrikapen feminista nagusia. Izendapena zuten emakumezko guztiei beren aulkietatik altxatzeko eskatu die, eta honako hau esan du: "Guztiok ditugu kontatzeko istorioak eta finantzaketa behar duten proiektuak. Baina ez iezaguzue horretaz hitz egin gaur gaueko festetan. Hemendik pare bat egunetara deituiguzue zuen bulegoetara, edo nahiago baduzue, etor zaitezte zuek gureetara".
[youtube]https://youtu.be/1DCH4y5CgTo[/youtube]
#MeToo mugimendua ere presente izan da. Han izan dira Harvey Weinstein produktorearen eskutik sexu jazarpena jasan dutela jakinarazi duten aktoreak, Salma Hayek, Ashley Judd eta Annabella Sciorra, eta azken horrek ahotsak altxatzera dei egin du: "Bizitzen ari garen aldaketa gure ahots boteretsuek eragin dute, ahots desberdinek. Abesbatza zoragarri batean elkartu izanak, azkenean, esateko, [jazarpen sexuala] amaitu dela".
Aldarrikapen feministak ez ezik, beste gizarte gai batzuek ere izan zuten lekurik atzo. Del Torok berak, esate baterako, migratzaileen aldeko aldarria egin zuen: "Migratzailea naiz zuetako asko bezala, eta gure lanbideak egiten dugun gauzarik ederrenetako bat banantzen gaituzten marrak borratzea da".