ZINEMA

'Yoko eta lagunak', animaziozko film onenaren Goya sarirako hautagai

Iraia Elias aktore berri onenaren sarirako hautagai izendatu dute, Amama pelikulan egindako lanagatik.

'Yoko eta lagunak' filmaren fotograma bat. SOMUGA, DIBULITOON ETA WIZART
Ainhoa Sarasola.
2015eko abenduaren 14a
12:17
Entzun

Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako hautagaiak jakinarazi dituzte goizean, eta euskarazko film bat, Yoko eta lagunak dago animaziozko pelikula onenaren saria eramateko hautagaien artean. Juanjo Elordiren zuzendaritzapean eta Edorta Barruetabeñaren gidoiarekin, joan den hilean estreinatu zen lana zinema aretoetan.

Goya sari bat irabazteko hautagaien artean dago, halaber, euskarazko beste film bateko aktore protagonistetako bat: Iraia Elias izendatu dute emakumezko aktore berri onenaren sarirako hautagai, Asier Altunak zuzendutako Amama pelikulan egindako lanagatik.

Joan den irailean, Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean estreinatu zuten lana. Kategoria berean, Irene Escolar ere izendatu dute, Lara Izagirre zornotzarrak zuzendutako Un otoño sin Berlin lanean jokatutako rolagatik. Gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako, berriz, Asier Etxeandia bilbotarra dago izendatuen artean. Aktorea bera ari zen, Emma Suarez lankidearekin batera, hautagaitzen berri ematen, eta hunkituta agertu da izendapenarekin.

Jatorrizko gidoi onenaren sailean, Borja Kobeaga donostiarra dago hautagaien artean, Negociador filmagatik. Iazko Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar saria eraman zuen zinemagileak pelikula horrekin. Eta beste euskal herritar bat, Alberto Iglesias konpositore donostiarra ere hautagai, jatorrizko musika hoberenaren sarirako, Ma Ma pelikularako sortutako doinuengatik.

Alex de la Iglesia bilbotarraren Mi gran noche lanak lau izendapen lortu ditu: efektu berezi, jantzien diseinu, zuzendaritza artistiko eta soinu onenaren kategorietan da hautagai. Aurtengo Zinemaldian estreinatu zen pelikula hori ere, Sail Ofizialean, baina lehiaz kanpo.

Bestalde, film labur dokumental onenaren kategorian, hautagaien artean dago Hijos de la tierra, Patxi Uriz argazki-kazetari nafarrak eta Axel O'Mill-ek zuzendutako lana.

Madrilen, heldu den otsailaren 6an egingo dute Goya sarien 30. aldiko sari emate ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.