1963ko Euskal Herriko aztarnak

Argibel Eubak 'Basker' lana argitaratu du: bi kazetari suediarrek 1963an Euskal Herrian filmatutako bi dokumental landu ditu

Argibel Euba, Basker lanaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Prentsako artikulu baten bila zebilen, baina beste gauza garrantzitsu bat topatu zuen Argibel Euba ikerlariak, EHUn bere doktoregorako lanean ari zela. Aurkikuntza horri esker, 1963an Suediako bi kazetarik Euskal Herrian grabatutako bi dokumental berreskuratu ahal izan ditu, orain arte galduta baitzeuden. Balio handikoak dira: garai hartako euskal kulturaren testigantza zuzena jaso zuten bertan bi kazetari suediarrek. Zenbaitetan, ikus-entzunezko testigantza zaharrenak dira, txalapartaren kasuan, adibidez. EHUko Mikel Laboa katedrari esker, Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak lanean gai hori landu du Eubak. Basker eta Bondei i Baskerland filmak dituen DVD batek eta liburu batek osatzen dute lana.

Eubak filmen edukien ikerketa eta identifikazio lana egin du, eta egileei buruzko informazioa ere bildu du; gainera, Euskal Herrian bi kazetariek bertako gidariekin batera egindako ibilbidearen nondik norakoak ere zehaztu ditu. «Dokumentalak lortu nituenean, hasiera-hasieratik konturatu nintzen balio handikoak zirela. Hortik aurrera, ahalik eta ikerketa zehatz eta osatuena egin dut film honen inguruan», azaldu du Eubak. Hala, liburuak filmak deskribatu eta eszenak identifikatzen ditu, eta egileen biografiak ere berreraiki ditu; biografia «bitxi eta dibertigarriak» direla zehaztu du ikerlariak. Artearen Historian eta Antropologian lizentziaduna da Euba.

Euskal folkloreari lotutako hainbat eszena ageri dira dokumentaletan: trikitilariak, inauteriak, txalaparta, esku pilota... Gehienak ezagunak dira, baina esanguratsuak dira oso, ekintza horien ikus-entzunezko lehendabiziko testigantza direlako. Eubak txalaparta erakusten duen eszenari eman dio garrantzia bereziki. «Garai hartan, musika tresna ezezaguna zen euskal gizartearen zati handi batentzako, baina hemen aste batzuk soilik igaro zituzten kazetari suediar batzuek hori filmatzea lortu zuten. Oso esanguratsua da hori». 1960ko hamarkada izanik, zuri-beltzean ageri dira irudiak.

Iturengo inauteriak

Basker lanean, egilea gogor saiatu da Suediako SVT telebistako bi kazetariek Euskal Herrian zehar egin zuten ibilbidea berreraikitzen. «Nolatan etorri ziren hona, zergatik 1963an zehazki, norekin ibili ziren hemendik eta zein toki bisitatu zituzten ikertu dut», jakinarazi du. Euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri liburua, eta DVDa euskara, gaztelania, frantses eta ingelesezko azpitituluekin ikus daiteke.

Hori egin ondoren, lanaren zatirik «analitikoena» egin du: irudien analisi formala, aurkezpen estrategikoaren xehetasunak, edukien balorazioa... Eubaren arabera, «garrantzi» berezia dute eszena askok, batzuetan ez dagoelako informazio zaharragorik horren inguruan. Iturengo inauterien kasuan (Nafarroa), adibidez, eta txalaparta agertzen den eszenetan. «Oso estilo xumean editatuta daude, film garbiak dira».

Ikerketaren «patua»

«Bitxikeria» batek arreta deitu ziola aitortu du. «Suediako kazetarietako batentzako txalaparta ez zen musika tresna berria, aurretik egona baitzen Euskal Herrian». Ikerlariaren ustez, horrek erakusten du Euskal Herria ez zela hain toki «isolatua» garai hartako atzerriko kazetarientzat. Bukatzeko, dokumentala bere testuinguruan kokatzen saiatu da. Garai hartan Euskal Herrian zer zinemagintza dokumental mota zegoen aztertu du.

EHUko errektore ohi Iñaki Goirizelaiaren aburuz, dokumentalak iragana «hobeto» ezagutzen laguntzen du, eta ziur dago belaunaldi berrien «jakin-mina» piztuko duela. Unibertsitatearen helburu nagusiak «ezin hobeto» biltzen dituela uste du: «Ikerketa, jakintzaren transferentzia eta euskal kulturaren sustapena».

Eubaren lana «kasualitate» batetik abiatu izanaren garrantzia ere azpimarratu du Goirizelaiak. «Ikerketetan ari garela, maiz helburu zehatz bat dugu buruan, baina arrakasta beste toki batean agertzea gerta daiteke. Horixe da ikerketaren patua, eta horrela ibiltzen gara beti unibertsitatean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.