'20.000 especies de abejas' Berlinaleko lehian erakutsi du Estibaliz Urresolak

Euskal zinemagilearen filma jaialdiaren sari ofizialetako bat irabazteko hemeretzi hautagaien artean dago. Etzi jakinaraziko dituzte saridunak

Estibaliz Urresola —erdian—, Valerie Delpierre eta Lara Izagirre ekoizleekin, atzo, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE.
Erredakzioa
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskara entzun ahal izan zen atzo Berlinale Palasten. Hain zuzen ere, Estibaliz Urresola Solaguren zinemagileak (Laudio, Araba, 1984) han estreinatu zuen 20.000 especies de abejas filma, Berlingo zinema jaialdiaren 73. aldiko lehia ofizialaren barruan. Sexu aniztasunaren aldarria egiten du lanak, haurren errealitateak ardatz hartuta. «Zinematik abiatuta, nire lanbidetik, ekarpen bat egin nahi nuen, itxuraz elkarrengandik oso urruti dauden jarrerak gerturatze aldera», adierazi zuen zuzendariak atzo, prentsarako emanaldiaren ondotik. Lehen aldia da euskal zinemagile batek Berlinaleko Sail Ofizialean bere lehen filma erakusten duena; eta zinema jaialdiko Hartzetako bat sari gisa eramateko hemeretzi hautagaien artean dago Urresolaren lana.

Narrazioko protagonista haur bat da —Sofia Oterok jokatu du haren rola—, eta haren barne bizitza eta familia, eta eskola eta gizarte ingurunea erretratatu ditu zuzendari arabarrak. Ez da Aitor izenarekin eroso sentitzen, ez eta Coco izen neutralarekin deitzen diotenean ere. Gurasoek jarrera diferenteak dituzte horren gainean: ama (Patricia Lopez Arnaiz) aniztasunerako eskubidea onartzearen alde agertzen da, baina aitak (Martxelo Rubio) goizegi deritzo 8 urteko haurrak barruan duenari, Luciari, bide emateko. Haiekin batera, elkarrengandik «urrun» egon litezkeen beste jarrera batzuk ere agertzen dituzte pertsonaiek, hala nola elizara joan ohi den amonak (Itziar Lazkano) eta izeba erlezainak (Ane Gabarain). Guztiek haurren transexualitatearen inguruko ikuspegiak erakutsiko dizkiote ikusleari, betiere harenganako maitasuna erdigunean dela. Urresolaren ustez, zinema «askotariko errealitateak gerturatzeko tresna bat» izan daiteke.

Zuzendariarekin batera, filmeko lantaldeko hainbat kide izan ziren Berlinen atzoko estreinaldian, tartean Otero, Lopez Arnaiz, Gabarain, Lazkano eta Sara Cozar aktoreak, eta Lara Izagirre eta Valerie Delpierre ekoizleak.

'Cuerdas'-en ondotik

Urresolak Cannesko jaialdian estreinatu zuen bere aurreko lana, Cuerdas laburra—Urrezko Erraila saria lortu zuen—. Muskizko (Bizkaia) Petronorren lantegia oinarri hartuta, enpresaren boterea eta eragindako osasun kalteak azaleratu zituen lanak, eta Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean ere erakutsi zuen.

Lan berriak saririk ekarriko ote dion etzi argituko du Kristen Stewart buru duen epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.