2018ko irailean hasiko du bere lehen ikasturtea Elias Kerejeta Zinema Eskolak

Zinemaldiarekin batera hasiko dituzte eskolak. Aurtengo urrian, baina, ikerketari eta dibulgazioari lotutako jarduerak jarriko dituzte martxan

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua, Carlos Mugiro eskolako zuzendaria eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, atzo. J. URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Zinemaldira joateko kurtso hasierako eskolak galtzen zitueneko garaia gogoan du Carlos Mugirok. Halakorik ez dute biziko Mugirok zuzentzen duen Elias Kerejeta Zinema Eskolako ikasleek. Aurten ez azkenean, baizik eta heldu den urtean hasiko dute bertan ikasturte akademikoa, irailaren 21ean, Donostiako 66. Zinemaldiaren lehen egunarekin batera. Hala, Donostiako Tabakalerako eraikinean izango dituzten ikasgeletan ez, zinema aretoetan hasiko dira ikasten lehen urteko ikasleak. Hori eta eskola martxan jartzeari buruzko beste hainbat xehetasun eman zituen atzo Mugirok, eskola sustatzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiko, Zinemaldiko, Tabakalerako eta Euskadiko Filmategiko arduradunekin batera egindako agerraldian.

Hiru graduondoko emango dituzte eskolan datorren urtetik aurrera: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Arlo bakoitzeko arduraduna zein izango den jakinarazi du Mugirok. Artxibatzeari lotutakoa Clara Sanchez-Dehesak gidatuko du; New Yorkeko L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation eskolan materialen lehengoratzean aditua da. Komisariotza saileko ardura, berriz, Maria Palacios Cruzek hartuko du; komisarioa, irakaslea eta LUX filmen banaketa etxeko zuzendari laguntzailea da. Eta sorkuntzaren arloko burua, berriz, Laida Lertxundi izango da; artista, zinemagilea eta Arte Ederretako eta Giza Zientzietako irakaslea da Art Center College of Design eskolan, Pasadenan (Kalifornia, AEB). Irakasle lanetan 50 lagun inguru ariko dira urte bakoitzeko, bertakoak nahiz nazioartekoak, eta hainbaten izenak eskolaren webg unean ageri dira jada —besteak beste, Garbiñe Ortega, Harkaitz Cano, Koldo Almandoz, Vanesa Fernandez eta Xabier Erkiziarenak—. Ikasgai gehienak ere zehaztu dituzte. Halaber, 40-45 ikasle hartuko dituzte urtero. Matrikularen prezioa ere jakinarazi dute dagoeneko: 3.500 euro izango da.

Moduluka banatuko dute ikasturtea, eta 54 aste iraungo du, hurrengo urteko Zinemaldira bitarte —orduan sartuko da bigarren ikasle txanda—. Bitarte horretan, eskolak jasotzeaz gain, praktikak ere egingo dituzte ikasleek, baita nork bere proiektua garatu ere.

Tarkovski ikergai

Hala ere, eskolak bere lehen urratsak aurtengo urrian egingo ditu, prestakuntzaren arlotik ez, baina bai ikerketa eta dibulgazioaren ildoetatik. Ikerketari lotuta, bere iritziz «urteko albistea» izan daitekeenaren berri eman zuen Mugirok: Andrei Tarkovskiren hainbat zinta agertu berri direla, non Moskuko Zinema Eskolan klaseak ematen ageri den zinemagilea. Zinta horien ikerketa, zaharberritze eta dibulgazioan parte hartuko du eskolak, Tarkovski Institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatuta. Halaber, bi beka deialdi egingo dituzte zinemari lotutako proiektuak lantzen ari diren ikerlari gipuzkoarrei begira.

Urrian, berriz, herritarren parte hartzea bilatuko dute, etxeko zinema ardatz izango duen programa bat martxan jarrita.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.zine-eskola.eus/eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.