Zinema

2020ko Kimuak programarako zazpi film aukeratu dituzte

Animazioa, dokumentala eta forma askotariko fikzioa biltzen ditu 23. aldiko katalogoak.      

Maria Eloza eta Koldo Almandozen 'Quebrantos' filma da aukeratuetako bat. Irudian, fotograma bat. TXINTXUA
Erredakzioa
2020ko uztailaren 13a
15:27
Entzun

Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen du Kimuak programa, eta 23. aldia du aurtengoa. Gaur jakinarazi dituzte zer lan aukeratu dituzten aurtengo film sortarako. Zazpi film labur dira guztira: Barbudos (Tucker Davila Wood eta Larry Mankuso), Dar-dar (Paul Urkijo Alijo), Ehiza (Hauazkena taldea), El ruido solar (Pablo Hernando), Interior taxi noche (Iban del Campo eta Silvia Rey), Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz) eta Ya no duermo (Marina Palacio). Animazioa, dokumentala eta forma askotariko fikzioa biltzen ditu, beraz, katalogoak. Filmetako bi euskara hutsezkoak dira; beste bi, gaztelaniaz ondutakoak; beste batek ingelesa eta gaztelania uztartzen ditu, eta beste bat ingelesez sortua da; animaziozko lanak, berriz, ez du elkarrizketarik.

Aurtengo hauek izan dira batzordekideak: Michele Driguez, Montpellierko (Frantzia) Cinemed Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduraduna; Alfonso Lopez, Donostia Kulturako Zinema Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea; Dora Marti, Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezkoen sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduraduna; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; eta Nekane E. Zubiaur Gorozika, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea. Aurkeztutako 72 proposamenak aztertu ostean hautatu dituzte aurtengo zazpi film laburrak.

Kimuak programak euskal film laburrak sustatzea eta banatzea du helburu. Orain, nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko egitasmoetara helaraziko dituzte hautatutako film laburrak.

Barbudos
2013ko apirilean, AEBek ezarritako blokeoagatik, Bob Wood estatubatuarra Kubara itzuli zen, handik alde egin eta ia 60 urtera. Tucker Davila Woodek eta Larry Mankusok sinatu dute Habanan ingelesez eta gaztelaniaz filmatutako dokumental hau. Davila Wooden bigarren film laburra da Kimuak-en, 2015ean Duellum fikzioarekin parte hartu baitzuen.

New Yorken eta Madrilen trebatu eta lan egin ondoren, Tucker Davila Woodek (Bilbo, 1976) Mankuso ekoiztetxea sortu zuen 2005ean. Etxe horretan ekoitzi ditu bere lan nabarmenenak: Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos eta Duellum. Orain, El Comediante bere lehen film luzea garatzen ari da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Dar-dar
Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) beldurrezko lan berriak neskato bat oinazetzen duen deabru bati heltzen dio. Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias Garcia aktoreak dira protagonistak.

Urkijo genero fantastikoaren zale amorratua da. Errementari film luzearekin (2017) arrakasta lortu ondoren, Irati bere bigarren filma prestatzen ari da. Bigarren aldia du Kimuak-en, 2011n Monsters Do Not Exist fikzioarekin hautatua izan baitzen.

Ehiza
Hauazkena taldearen animazio berria da Ehiza. Ruth Escobar, Jugatx Astorkia, Miriam Inza, Angela Jurado, Oihana Leunda, Arrate Lopez Apellaniz, Naiara Mallabia, Uxue Reinoso, Bego Bikario eta Roberto Zabartek osatzen dute kolektiboa, eta 2016tik EHUn lan egin du izen desberdinekin, baina beti irakasle, ikasle eta ikasle ohien arteko elkarlana landuz. Kimuak-en parte hartu dute Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) filmekin.

Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969. urtean egindako Homenaje a Tarzan. Capitulo I. La cazadora inconsciente animaziozko film labur esperimentala «continuará» (jarraituko du) hitzarekin amaitzen zen. Ehiza-k nolabaiteko jarraipena ematen dio film hari, eta animalien harrapaketaren analogia erabiliz, gaur egun gertatzen diren egoera lazgarriak eta giza eskubideen urraketak salatzen ditu.

El ruido solar
Pablo Hernandok (Gasteiz, 1986) lehen film laburra du Kimuak-en. Nahikari Ipiñak ekoitzi du, Code 7 Pictures etxearekin. Gertaera kosmiko ulertezin baten ondoren etorkizunaren ikuspegi labur bat izan zuten pertsonei buruzko istorioen bilduma da El ruido solar. Eva Llorach, Ingrid Garcia Jonsson, Miquel Insua, Julian Genisson, Lorena Iglesias, Vito Sanz, Alejandro Morellon, Axier Raya eta Vicenç Mirallesek osatzen dute aktore multzoa.

Egileak hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu. 2015eko Berserker film luzea Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen, eta Las Nuevas Olas Sari Berezia irabazi zuen. 2016an, Esa sensación idatzi eta zuzendu zuen, Juan Cavestany eta Julian Genissonekin batera, eta Rotterdamgo Zinemaldian estreinatu zuten. Urte hartan bertan, Gijongo Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion.

Interior taxi noche
Iban del Campok eta Silvia Reyk elkarrekin zuzendu dute fikzio hau. Istorioa bietako baten esperientzia pertsonalean oinarritzen da, eta, nolabait, Taxicab Confessions ezkutuko kameren telebista saio ospetsuari eta New York hiriari egindako omenaldi bat da. Tanya de la Cruz eta Alvaro Ogalla ditu protagonista.

Iban del Campok (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) nazioarteko jaialdietan aukeratu eta saritu izan dituzten film labur ugari zuzendu eta ekoitzi ditu. Hirugarren aldia du Kimuak-en: 2009an, Dirty Martini dokumentala izan zuen katalogoan; 2018an, Espedizio handia zientzia-fikziozko lana.

Silvia Rey (Lorca, Murtzia, Espainia, 1977) film labur eta luzeen ekoizlea eta zuzendaria da. Haren azken film laburra, Wan Xia (2018), film labur dokumental onenaren Goya sarirako izendatu zuten.

Quebrantos
Kimuak-en hainbatetan parte hartu dute Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, eta euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko «irratigrafia» egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean.

Maria Elorza (Gasteiz, 1988) ikus-entzunezko komunikazioko lizentziaduna da Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra dauka. Bakarka egindako filmez gain, kolektiboan ere hainbat lan egin ditu; besteak beste, Las Chicas de Pasaik bikotean eta Kalebegiak eta Zinergentziak  proiektuen babesean. Azken urteetan Donostiako Tabakalera arte garaikidearen zentroan egiten du lan, Zinea.eus atarian, eta Larrotxeneko kutur etxean ere gauzatzen ditu proiektuak. Gure hormek (2016, Maider Fernandezekin batera zuzendua) eta Ancora lucciole (2018) dokumentalekin hartu du parte lehenago Kimuak-en.

Koldo Almandoz (Donostia, 1973) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna da, eta zinemako gradua du New York Unibertsitateko Tisch Schoolen. Kimuak-en lehen edizioan parte hartu zuen Razielen itzulera-rekin (1998), eta katalogoan parte hartu zuen azken aldia 2017an izan zen, Plágan lanarekin. Bere filmografia Canneseko Semaine de la Critique, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, Gijon Film Fest eta Bafici bezalako jaialdietan aukeratu eta saritu izan diote. Gaur egun, Donostiako Elias Kerejeta Zinema Eskolako irakaslea da.

Ya no duermo
Marina Palacioren (Donostia, 1996) hirugarren film laburra da Ya no duermo. Elias Kerejeta Zinema Eskolaren Sorkuntza graduondoko lehen promozioan landu du, eta Gariza Produkzioak etxeak ekoitzi du. Arte Ederretan graduatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta hainbat diziplina artistikotan egiten du lan, bereziki zineman eta argazkigintzan. Gaur egun, bere lehen film luzea idazten ari da, Noka Mentoring 2020 programaren barruan.

Ya no duermo-k Miguel eta haren osaba Kechus erakusten dizkigu. Banpiroen pelikula bat filmatu nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko ahalegin horretan, errealitatea eta fikzioa txandakatzen dira, haurraren eta helduaren artean sortzen den harreman berezia erakusten duen jolas batean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.