“Inoiz baino egitarau oparoagoa osatu dugu. Bost egunetarako, 250 kultur ekitaldi antolatu ditugu. Hori guztia 700 metroren barruan, eta bost minutuko distantzian”. Datu bidez deskribatu du aurtengo Durangoko AzokaNerea Mugika Gerediaga Elkarteko lehendakariak. Mende erdia beteko du aurten azokak, eta egun bat gehiago iraungo du horregatik egitarauak: abenduaren 4tik 8ra. Landako gunean, 249 erakusmahai izango dira guztira, eta 350 nobedade aurkeztuko dira bertan.
Ez da soilik salerosketa, ordea. Azoka soil baino gehiago da azoka, eta taldean aurkeztu dute horregatik egitaraua gaur Durangoko Plateruena kafe antzokian. Talde argazkia, alegia, azokako egitaraua osatzen duten zortzi guneetako koordinatzaileekin. Kabi@, Ahotsenea, Szenatokia, Irudienea, Plateruena, Saguganbara, Areto Nagusia eta Azoka TB. “Gero eta plaza koloretsuagoa da Durangoko Azoka”, azaldu du Mugikak, “gero eta eragile gehiagorekin batera osatutakoa, eta gero eta kide gehiagorekin lankidetzan osatua”. Eta egin du antolaketa modu horren aldeko defentsa ere. “Duela urte bete Durangoko Azoka estrategikoa dela defendatu genuen, eta bere antolaketa herritarra dela eredurik egokiena. Aurten Durangoko Azoka eta bere antolaketa eredu estrategikoa dela esango nuke”.
Erakunde publikoen babesa
Azoka egun bat gehiago izateak handitu egin du aurten azokaren aurrekontua: 750.000 euro izango da, zehazki. Iaz, finantza egoera «larrialdikoa» zela azaltzera joan ziren Gerediaga elkarteko kideak Gasteizko legebiltzarrera, baina aurten erakunde publikoen eta pribatuen eskutik jasotako laguntza eta babesarekin “konforme” daudela esan du Mugikak. Izan ere, orotara, 410.000 euro bideratu dituzte erakunde publikoek azokarako: 151.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak, 150.000 Eusko Jaurlaritzak, 50.000 Gipuzkoako Foru Aldundiak, 39.600 Durangoko Udalak, 4.000 Nafarroako Gobernuak, 2.000 Durangoko Mankomunitateak, 1.680 Arabako Foru Aldundiak. Bestetik, Madrilgo Gobernuak 10.000 euro ere jarri ditu aurten. Dena dela, kopuruez harago jarri nahi izan du begia Gerediaga Elkarteak. “Oso inportantea izan da guretzat erakunde publikoek bat egitea. Harro gaude”.
Ahotsenearen hazkundea
Nabarmen hazi da Ahotsenea gunea. Lutxo Egia koordinatzaileak azaldu duenez, 40 emanaldi ingurukoa zen haien programa orain bi urte, eta aurten, berriz, 120 saio eskainiko dituzte (70 zuzeneko eta 50 solasaldi). Bi gune izango ditu horregatik aurten ere: kontzertuei eskainitako karpa, batetik, eta solasaldientzako egokitutako espazioa, bestetik. Plateruenan ere aurten lanak aurkezten dituzten taldeen kontzertuak izango dira gauean. Bidehuts gaua izango dute, esaterako, abenduaren 4an, eta Olatz Zugasti, Korrontzi, Iheskide eta beste hainbat talde ere hartuko dituzte.
Kabi@ guneak espazio berria izango du: Landako gune kanpoan egongo da, baina Landako guneari lotuta. Szenatokiak antzerki mundua izango du ardatz, eta hainbat antzezlanen laginak eskaintzen dituen antzerki maratoia antolatuko dute. Familia osoarentzako programazioa eskainiko du Saguganbarak, eta ikus-entzunezko sorkuntzari eskainiko dio egitaraua Irudieneak. Amama filmaren proiekzioa eskainiko du, adibidez, eta Loreak filmaren zuzendariak ere gonbidatuko ditu beren esperientziari buruz hitz egitera. Azoka Tb-k platoa edukiko du Landako gunean, bertan zer gertatzen den azalzeko bertatik.
Irudienean, berriz, Egunkaria-ren inguruko emanaldi berezia antolatu dute abenduaren 6rako, haren sorreraren 25. urteurrena dela eta. Dokumental bat eskainiko dute.
Etorkizuna eztabaidagai
Gogoetari ere tartea egingo zaio egitarauan. Izan ere, aurten bigarrenez, euskal kulturari buruzko gogoeta bultzatzea izango da Areto Nagusian antolatuko den Gogoetaren Plaza egitasmoaren helburua. Mahai inguru eta solasaldi sorta antolatu dute horretarako, eta etorkizunari buruz gogoetan jarriko dituzte euskal kulturan erreferentziazko diren hainbat sortzaile eta eragile. Andoni Egaña eta Asisko Urmeneta euskal kulturaren ikusgarritasunaz arituko dira, esaterako; Jose Mari Agirretxe Porrotx eta Itxaro Borda, erreleboaz; eta Ruper Ordorika eta Jon Maia, euskal kulturaren prestigioaz. Horiek, besteak beste. Goiburu orokorra izango du programak: Biharkoak gaur.
Aurtenez da herri gonbidaturik izango. Mugikak azaldu du: “Uste dugu azokaren 50. urteurrena denez aurten euskal kultura bera dela aurtengo gonbidatua; Euskal Herria bera”. Barrura begira jarri dutela iparra, alegia. Hala, Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute aurtengo Argizaiola saria ere.