2.500 urteko tragedia garaikidea

Horman Poster konpainiak Sofoklesen 'Antigona' obra klasikoaren bertsio libre bat aurkeztuko du gaur. Boterearen inguruko kezkak eta gogoetak eguneratu dituzte

Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanaren une bat. Oholtzan gordintasuna eta umorea uztartu dituzte. YURI AGIRRE.
Ane Eslava.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Urteak igaro arren, literaturaren klasiko batzuek ez dute galtzenzentzua. Aktualitatea dira oraindik, gizakiaren gatazkak oraindik antzekoak direlako, gaur eta duela 2.500 urte. «Boterearen, obedientziaren eta desobedientziaren arteko mugan» kulunkan baitabil beti gizakia, hortik atera ezinik. Hori da Horman Poster antzerki konpainiako kideek uste dutena, eta baliteke hori izatea Sofoklesen Antigona tragedia historian gehien interpretatu den obretako bat izateko arrazoia. Boterea, obedientzia eta desobedientzia dituelako ardatz. Jean Anouilh, Beltrolt Brecht, Maria Zabrano, Judith Butler, Slavoj Zizek, Jokin Zaitegi... ez dira gutxi izan klasiko greziarra egokitu dutenak. Euskaraz, baina, inoiz ez da oholtza gainean interpretatu. Gaur arte, Horman Posterreko kideek testuaren irakurketa garaikide bat osatu baitute: Antigone edo ezetzaren beharra. Gaur taularatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian.

Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra Horman Poster konpainiako kideek Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti aktoreekin izandako solasaldi batean erabaki zuten tragedia greziarraren bertsio «libre» bat egitea, iaz. «Ikusi genuen denon artean bazela interes komun bat: obedientzia eta desobedientziaren gaia jorratzea», azaldu du De Quadrak. Aurrekari klasiko bat bazela ikusita, hortik jotzea erabaki zuten; Antigona-rekin «saiakera zoro bat egitea». Hori izan zen lehen bultzada, eta erronka, berriz, testua bere egitea; beren «sentimendu eta gogoetetara» eramatea.

De Quadraren irudiko, urteak igaro arren, Sofoklesen obrak oraindik aktualitatea izatearenarrazoi nagusia da gizartea «zeharkatzen» duen gatazka «etiko eta politiko» batean sakontzen duela; «oinarrizko dilema» batean: «Norbanakoaren eta komunitatearen arteko tentsioa ukitzen du. Beti dago, batetik, legearen edo arauaren beharra, eta bestetik, norberaren askatasunaren beharra; eta bien artean gertatzen dira ezintasunak eta tragediak». Legeak beti «baztertuko» duelako norbait, eta beste norbait «pribilegioz jantzi».

Etengabeko tentsioan dauden hiru elementu horien artean kokatzen da, beraz, tragedia greziarra. «Antigonaren pertsonaiak gorpuzten du gai nagusia, desobedientzia; baina botereak ere badu pisua, Kreonteri lotuta; eta obedientziarako joera, berriz, Ismenerena da». Eta horiek dira tragedia ororen «ezinbesteko osagarriak», Herman Fosterreko kidearen irudiko; Antigona-renak bai, baina baita beste batzuenak ere: «Badirudi gizakiontzat zaila dela hortik urruntzea, hor gaudela harrapatuta». Klasikoaren egokitzapenarekin, boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratzeko ariketa egin dute, beraz.

Horman Posterrekoak izango dira Antigona euskaraz taularatzen lehenak, baina obra euskaraz irakurtzeko aukera bazen aurretik. Jokin Zaitegik Sofoklesen testua grekotik itzuli zuen 1946an, eta Mexikon argitaratu zuen, Antigone izenburuarekin. Talde bilbotarreko kideek haren bideari segitu diote, eta haiek ere Antigone hitza erabili dute, Antigona beharrean. Tituluaren bigarren zatiarekin, «bertsio bat dela erakutsi» nahi izan dute.

Testua egokitzeko Sofoklesen obra hartu dute abiapuntutzat, eta beste egile batzuen moldaketak ere erabili dituzte; zehazki, Zaitegi, Anouilh, Brecht, Zambrano eta Zizekenak. Honezkero «dena esanda» dagoela onartu, eta «agian jada idatziak dauden gauzak berriro entzun» behar direla adierazi dute: «Bestela, zertarako obra klasiko bat taularatu?».

Sormen prozesua modu kolektiboan gauzatu dute, eta horrek bidea zaildu eta luzatu duela onartu du De Quadrak: «Ez delako erraza kide guztien izaerak eta pentsaerak elkartuta bide komun bat aurkitzea». Hori dela eta, hasierako lana guztiz kolektiboa izan zen arren, ondoren De Quadrak berak hartu zuen zuzendaritzaren ardura. Interpretazioa, berriz, Agirrezabalagak, Aizpuruak, De Pedrok eta Urrestik egin dute. Eszenografiaren ardura Miriam Isasik hartu du, Alberto Sinpatronek jantziena, Arantza Floresek argiztapenarena eta Asier Renteriak soinuarena. Horman Posterreko taldearen osaera berri horretan «urteetako ibilbideen esperientzia eta berritasunaren grina» elkar elikatu dutela azpimarratu dute.

Askotariko hizkuntza eta elementu eszenikoak erabili dituzte antzezlana osatzeko: eszena koral nahiz bakarkakoak, koreografia mugimenduak, off-eko narrazioa, zuhaitz genealogikoa azaltzeko kartelak, gorputza eta ahotsa eraldatzen dituzten objektuak... Pertsonaiekin «fidelak» izan dira, baina ez dituzte modu tradizionalean aurkeztuko. «Hasieran giza talde batek egoera bat adieraziko du, eta gutxika-gutxika, pertsonaien artean Sofoklesenak agertuz joango dira: Ismene, Eteocles, Polinices, Tiresias, eta, noski, Antigone», zehaztu du De Quadrak.

Gordintasuna eta umorea

Eszenaratzea gordina da: odolak zipriztinduko du oholtza. Gogortasun horrekin bilatu dute trama originala publikoarekin partekatzea, «Sofokles irakurri ez duena gai izan dadin eszenaratzearen bitartez istorioa ulertzeko». Baina, halere, «mingostasunean alde atsegina» atera daitekeenez, tragediaz hitz egin arren, umoreari ere egingo diote tartea. «Tramaren ulergarritasuna irudi eta forma erakargarriekin» lotzen saiatuko dira, hala, «ondo pasatzeko eta hausnarketarako esperientzia bat izan dadin».

Iragan asteburuan aurrestreinaldia egin zuten Garaion Sorgingunean (Ozeta, Araba), eta erantzuna «positiboa» izan zela esan du De Quadrak. Estreinaldia, berriz, gaur izango da, 19:30ean, Arriaga antzokian. Hurrengo emanaldia hilaren 13an izango da, Azpeitiko (Gipuzkoa) 38. Euskal Antzerki Topaketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.