Jopuntuan dituzte, eta egin egingo dira, baina aurrerago. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak bermatu egin du euskal sortzaileek beren lanak erakusteko aukerak izango dituztela Eskozian, Quebecen eta Flandesen: harremanetan jarraitzen dute hangoekin, baina, osasun egoerak bultzatuta, gertuagoko helmugak hobetsi dituzte uda honetarako: institutuak eskainitako leihoen bitartez, 35 euskal sortzailek baino gehiagok eta arte eszenikoetako hamabost konpainiak erakutsi ahal izango dute euren lana nazioartean.
Hurrengo asteetan, Kataluniako, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo bederatzi festibaletan arituko dira: hala nola Tarregako Fira de Teatre al Carreren (Katalunia), Soriako Expoesian (Espainia), Libourneko Fest’Arts eta Avignongo Opera Teatroan (Frantzia) eta Torres Vedrasen (Portugal). Askotariko diziplinetako artistak igoko dira toki horietako oholtzetara: besteak beste, Kukai, Lasala, Deabru Beltzak eta Marie de Jongh konpainiak, Amaia Zubiria eta Ruper Ordorika musikariak, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak, eta Miren Agur Meabe idazlea. Bilboko Azkuna zentroan goizean egindako prentsaurrekoan eman dute xehetasunen berri.
2020. urtearen bukaeran, institutuak inkestak egin zizkien euskal sortzaileei, eta haiekin bildu zen jakiteko zein aurreikuspen zituzten 2021erako, eta zer izan zitekeen egingarria. Saioetan ondorioztatutakoa oinarri hartuta, diru laguntzak malgutzea erabaki zuten Etxeparekoek, eta, halaber, leihoak beste era batera enfokatu zituzten. «Ikusita jaialdiak gertuko proposamenak aukeratzen ari zirela, gertuen dauden festibalekin eta topaketekin harremana indartzea erabaki genuen», Larrazaren hitzetan.
Euskal sortzaileek lanaren «zati handi bat» nazioartean egiten dutela gogorarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuak; horrenbestez, joan-etorriei ezarritako mugek galarazi egin diete beharrok aurrera eraman ahal izatea. Larrazaren arabera, azken hilabeteak ez dira «samurrak» izan oro har, eta bereziki arte eszenikoetan aritzen direnentzat: zuzendariaren iritziz, literaturaren eta musikaren arloetan, esaterako, online formatuak abaguneren bat ireki die sortzaileei, baina arte eszenikoetako langileentzat zailagoa izan da molde horretara egokitzea. Sektore horretakoak dira leihoetan parte hartuko duten artistetako asko.