52. Jazzaldia, «osatuenetakoa»

Musikarien «kalitate artistikoa» eta publikoaren «berotasuna» nabarmendu ditu Donostiako Jazzaldiak. Antolatzaileen arabera, 156.000 ikusle inguru bildu dira guztira

The Pretenderseko Chrissie Hynde, ostiralean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitu da 52. Jazzaldia Donostian, eta ona izan da antolatzaileen balorazioa: «Bere historiako osatuenetakoa izan da, kalitate artistiko onekoa, eta publikoaren erantzuna sutsua izan da, ohi denez». Jaialdiak izan dituen datuak ere eman dituzte: 156.000 ikusle bildu dira hamazazpi agertokietan emandako 105 saioen artean. «Artisten eta entzuleen eskutik etorri da berotasuna, eta haiek bihurtuko dute gogoangarri». Hurrengo urteko datak ere jakinarazi dituzte: uztailaren 25etik 29ra izango da 53. Jazzaldia.

Kontzertuei dagokienez, agertoki nagusietako emanaldien artean bakarra aukeratzea «zaila» dela nabarmendu dute. «Saxofonisten urtea» izan da Trinitate plazan, haien arabera, eta ikusleak «txunditu» egin dituzte han aritu diren taldeek. «Donny McCaslin eta Kamasi Washington izan ditugu, proposamen arrunt desberdinekin, baina biak ere jazz garaikideari buru eta bihotz emanak. Eta Charles Lloyd maisu hunkigarria, jakina, aurtengo Donostiako Jazzaldia saria». Era berean, Trinitateko oholtzara igotako abeslariak ere nabarmendu dituzte: Macy Grayren «soul intimoa» eta Gregory Porter, «momentuko jazz abeslaria». Abdullah Ibrahim piano jotzaile «historikoa» ere nabarmendu dute: «Beti da plazera Ibrahim entzutea, bakarka, Ekaya bere taldearekin edo Terence Blanchardek lagunduta».

Kursaaleko emanaldiei dagokienez, Wayne Shorter nabarmendu dute: «Azken 50 urteetako saxofoi jotzaile handienetakoa da: etorkizuneko saxofoi jotzaileek seguru oso aintzat hartuko dutela Danilo Perezekin, John Patituccirekin eta Brian Bladerekin egiten duena». Ikusleak zutiarazi zituen Bryan Ferryk eta haren bandak «perfekzioa bilatzeko duten grinak». Era berean, Stefan Winter musika ekoizle alemaniarrak zuzendutako Poem of a cell ikuskizunaren bakantasuna azpimarratu dute antolatzaileek: «Irudi ederren uholde bat da, eta musika ere bikaina; 42 musikarik zuzenean interpretatua, guztiak ere jazzeko, musika klasikoko, etnikoko eta koraleko figura nabarmenak».

The Pretenders izan da Agertoki Berdeko talde nagusia: «Ezin bestela izan». Antolatzaileen esanetan, 37.000 ikusle bildu zituen Chrissie Hynderen taldeak, «amarrurik gabeko kontzertu zintzo batean». Sir The Baptisten, Cory Henryren, Lucky Chopsen, Fantastic Negritoren eta Of Montrealen «emanaldi dibertigarriek» eta King Creosoteren saio erlaxatuak ere «jende andana» batu zuten. Niña Coyotek eta Chico Tornadok jasotako txalo zaparrada ere nabarmendu dute.

Tendentziak eta klasikoak

Kursaaleko terraza jazzaren «tendentzia guztien» agertoki izatea nahi zuten, eta «ondo baino hobeto» bete du zeregina, antolatzaileen arabera. Houston Person eta Ernie Watts «klasiko erraldoiak» nabarmendu dituzte, nahiz eta hango eskaintza «askoz gehiago ere» izan zen.

Aipamen berezia egin diete Musikeneko irakasleei, Ella Fitzgeralden, Thelonious Monken eta Dizzy Gillespieren omenaldiak zuzentzen egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.