Xabier Amuriza

"75 urte asko dira, eta plazako ibilerak ez dira adin horretan egitekoak"

[youtube]https://youtu.be/axVtlD-B_aY[/youtube] Bertsolaritza aipatzea Xabier Amuriza aipatzea da. 51 urte eman ditu kantuan, eta hari zor zaio bertsolaritzaren modernizazioa. Atzo, 75 urte beteta, plazako ibilera utziko duela iragarri zuen. Literatur sorkuntzan ariko da aurrerantzean, batik bat. (Bideoa: Lara Madinabeitia / BerriaTB)

Ander Perez Argote
2016ko maiatzaren 4a
08:27
Entzun

Hitz egiten ikasi aurretik hasi zen bertsotan Xabier Amuriza (Etxano, Bizkaia, 1941), aitari entzundako koplak errepikatuz. Apaiz zelarik egin zuen lehen saio ofiziala, sotana eta guzti. Zazpi urte eman zituen kartzelan, 1968tik 1975era, eta barrote artean hausnartu zuen bertsolaritzaren irakaskuntzaren inguruan, ordura arteko mitoekin apurtuz. 1980an eta 1982an, Euskal Herriko txapeldun izan zen, eta, garai hartan eragindako berritasunen ondorioz, bertsolaritza modernoaren aitatzat hartua da. Azken mende erdian, makina bat plazatan kantatu du. Baina amaitu da: joan den ostiralean egin zuen bere ibilbideko azken saioa, Altzon (Gipuzkoa). Atzo, 75 urte beteta, plazako ibilera etengo duela iragarri zuen. Aurrerantzean, orain arte ere egin bezala, literatura sorkuntzan ariko da, batik bat. Lan horrekin lotutako emanaldiak ere egingo ditu, jendaurrean. Eta «izugarrizko poza» hartuko luke bere bertsoetara hurbildu dena horietara ere hurbilduko balitz.

Zer esan nahi duzu erretiroa hartuko duzula diozunean?

Bertsolaritzak baditu bat-bateko bertsolaritza eta bertsolaritza jarria. Plazakoa, presentzia publikoa, hori da utzi nahi dudana, eta hori bat-bateko bertsolaritzarekin dago lotua, batez ere. Eta baita bertsolaritzaren zirkuitu edo mobida guzti hori ere. 51 urte daramatzat horretan, eta seminarioan gure isilezko eskola hasi genuenetik 60 urte, eta nahikoa da. Plazako presentzia publikoa uztera noa, eta, uztekotan, erabat, modu erradikalean utzi behar da, ezin duzu hasi hemen bai eta han ez.

Zergatik orain?

Bada, 75 urte asko direlako; zenbaki biribil bat da, handia, eta plazako ibilerak ez dira adin horretan egitekoak. Noizbait jarri behar nion epe bat nire buruari. Ez da bakarrik bertsolaritza; bertsolaritza bide dela beste gauza askotan ibili naiz 51 urtean. 24 urterekin apaiz egin nintzen; beraz, 51 urte daramatzat hara eta hona, bertsolaritza bide dela zergintza askotan parte hartzen, ekintza askoren jantzigarri, berme, lagungarri. Saioa bizibide bat izan da niretzat, baina baita militantzia modu bat ere. Hori guztia ere utzi nahi dut, presentzia publiko hori.

Aurretik ere utzi zenituen saio batzuk.

Plaza mota batzuk utzi izan nituen nik, plaza libreak bakarrik egiteko. Orain formatu asko daude bertsolaritza egiteko, gure garaian, edo libreak edo gaia jarritako saioak izaten ziren. Nik gaiak jarritako jaialdietan ez parte hartzea erabaki nuen. Librean, nahi den guztia. Eta, gero, nik sortutako lan batzuk ere egin ditut; egin nituen Xalbador, bat-bateko mirakulua eta Lazkao txiki, bat-bateko sorgina izeneko diskoak eta lanak. Hori nire produkzioa da, eta ez daukat utzi beharrik, ez da plazako ibilera, eta egin nezake, jendeak eskatzen didana hori bada. Bertsolaritza uzten dut, baina nolabaiteko ontzi aldatze bat bezala da: lehen ere ibili naiz idazle moduan, eta orain ere horretara jarri nahi dut. Nire azken urteak ez dira luzeegiak izango, beste hainbeste ez behintzat, eta horri eskaini nahi diot geratzen zaidan denbora eta geratzen zaidan argitasuna. Maiatzaren 19an, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, 19:00tan, egingo dut emanaldi bat, entzunkizun bat: Zein ongi bizi zen Ulises. Kontakizun bat da, pasarte eta pertsonaia ugariz osatua. Izatez da bukatua daukadan nobela baten sinopsia, baina argitaratu gabea. Beste kontu bat, literatura kontu bat da hori. Nik horretan jarraitu nahi dut.

Askok ez du sinetsiko, halere, Amuriza erabat bereiziko denik bertsolaritzatik.

Bai, izan naizenarekin segituko dut, jakina. Apaiza ere izan nintzen, eta apaizgaia, eta umea ere bai. Hori hor dago. Nire gizartea eta niri biziera hori izan da, baina nire interesa azkenaldian ez da hor egon, bertsolaritza nire burutik nahiko joanda dago. Lagunak inguruan izango ditut tarteka, beste motibo batzuengatik, baina ez bertsolaritza dela bide. Eta entzun ere gutxi egingo dut; igual, batere ez. Txapelketak-eta ez.

7 urterekin kantatu zenuen lehen aldiz jende aurrean.

Bai, baina hura nolabaiteko istripua izan zen. Gure aita oso fantasiosoa eta kantaria zen. Nik ez nuen ahorik irekitzen hizketan hasteko, eta denbora aurrera zihoan. Gure ama zebilen San Antonio Urkiolakoarengana, eta San Felizisimo eta medikuak eta denak... Hiru bat urte nituen, eta oraindik ez nuen ahorik irekitzen, baina bertsoak kantatzen nituen, Xenpelarrenak, aitari entzunda. Gure amak esan zuen behin kantatzen sumatu ninduela. Orduan zerua ireki zitzaion: ikusi zuenean kantatzeko ahoa irekitzen nuela, santuak eta medikuak amaitu ziren. Pentsatu zuen: «Kantatzeko ahoa irekitzen badu, hitz egiteko ere irekiko du». Bestalde, gure aita auzoko tabernetan ibiltzen zen kantuan. 7 urte egin nituen egunean bertan, Bizkargiko erromeriara joan, eta bueltan hantxe kantatzen hasi zen. Orduan jaso ninduten mostradorera: hark kantatu, eta nik ere jarraitu nion. Hasi eta bukatzen nuen. Eta jendeak txaloak eta dirua eta badakizu... Niretzako horrelako lilura zen, txapela pasatu zuten, eta diru pila bat bota zuten. Egun ederra izan zen, baina orduan denak hasi ziren Torreburuko mutikoa gora eta behera, bazter guztietan bertsoa kantatzeko eskatzen zidaten, edozein egun edo jaietan. Orduan ni saiatzen nintzen ezkutatzen horrelako unerik etor zitekeen toki guztietatik, 11 urterekin komentura fraide izateko eramana izan arte. Triste joan nintzen komentura, baina kontsolamendu bat neraman: «behintzat hemen ez didate bertsorik eskatuko».

Apaiz zinela egin zenuen lehen saio ofiziala, sotana eta guzti.

Apaizgaiak ginenean ere bai. Orain, apaiz egin eta kontzientzia osoz Abel Muniategirekin batera saio bat antolatu zen, eta banekien horrek beste batzuk ekarriko zituela atzetik. Horretarako ere egin genuen, hori ere bazelako arma bat gure beste mezu batzuk zabaltzeko. Zetorren frankismoaren osteko pizkunde olatu horretan gehigarri inportante bat izan zen [bertsolaritza]. Bestela ere apaiz errebelde fama eta izana bagenuen, gauza gutxi behar baizen orduan errebelde izateko. Inpaktu bat izan zen, apaiza bertsotan. Nik meza emateari utzi, eta sotanarekin plazara joaten nintzen. Jende bat oso kontra zegoen, baina beste batzuk alde ere bai. Bizipen intentsuak izan ziren.

Bertsoa berritzen hasi zinen orduan. Hautu kontzientea zen?

Kartzelatik bueltan erabaki nuen: «Nik bertsolari izan nahi dut». Sentitzen nuen bertsolaritza bera, forma eta teknika aldatzea baino gehiago, edukietan aldatu behar zela. Ohartzen nintzen bertsolaritza zela tresna on bat nire mezua zabaltzeko, jendeak maite zuena eta gustatzen zitzaidana. Horren kontzientzia osoa neukan. Apaiz garaian bertsolaritza bera aldatzen ari nintzenik, ez. Baina kartzelatik bueltan, adibidez Hiztegi errimatua-rekin, bai. Konturatu nintzen errima kontuan hizkuntzaren aukeretatik oso parte txikia erabiltzen zela, Txirritak eta Xenpelarrek errimaren oso parte txikia zerabiltela. Esaten nuen: «Hauek egiten zutena nolabait sistematizatzeko moduren bat derrigor egon behar du».

Horrek bazekarren mito sakratu harekin apurtzea: bertsotarako berezko dohaina behar zela, alegia, ez zegoela ikasterik.

Ni ere mito horren barruan egon nintzen, eta horri lilura eman ere bai, baina karrera bat egiten ari nintzen, nahiz eta karrera eklesiastikoa izan. Han, zientziak, filosofia, musika ikasten ziren, eta inon ez nuen ikusten ezein diziplinaren prolegomeno moduan berezkoa behar zenik hura jakiteko. Ni bertsotan izan naizena baino askoz ere handiagoa izan da Mozart musikan. Baina musikan sekula ez duzu inoiz planteatua ikusiko berezkoa behar denik. Bertso eskolak hasi zirenean, batzuek jartzen zuten aurreiritzi hori, baina berehala desegiten zen, ikusten zutelako hutsetik hasita nola aurreratzen ziren gauza batzuk. Berezkoa bai, berezkoa denerako behar izaten da. Tratante izateko behar da. Gauza guztietarako eduki behar dira dohain batzuk, baina horrekin bakarrik ez zara inora iritsiko. Horretarako daude ikasketak eta trebatzeak.

Jende askok ez zituen begi onez ikusi aldaketa horiek guztiak. Zer zeneritzon horri?

Gauza asko nahasten ziren. Alde batera zen bertsolaritza formalki berritzea, baina, gero, ni bertsotara dedikazioz hasi nintzenerako fama bat neukan. Kartzelan zazpi urte egitetik nentorren, apaiz mugimendukoa izatetik, eta askoren buruan herria nahasten ibilitakoa nintzen. Beste askok apaiz mugimendu hura oso ondo ikusten zuten. Konfrontazio batetik nentorren, eta ordurako pertsonaia bat nintzen. Aukera kontzientea zen batuan egitea, eta banekien horrek zeresana ekarriko zuela. 1980ko txapelketa aukera zen frogatzeko batua bazela euskaldun guztien hizkuntza, non eta ahozko arlo tipiko eta sakratua kontsideratua zen horretan. Nire poz handiena izan zen txapelketa egin eta txapela irabaztea batuan. Jende askoren buruan apurketa bat izan zen hori, eta asko kontra jarri ziren.

Zer aldatu da ordutik bertsolaritzan?

Eboluzionatu dute gauza askok. Aro hartan, hiru oztopo handi jartzen zitzaizkion bertsolaritzari. Bat: berezkoa ala ikastearena, betikoa. Bigarrena: euskaldun berriak egin dezake bertsotan? Debate gori eta furibundoak sortzen ziren. Eta zergatik ez du egingo ba euskaldun berriak? Lehen txapela Araban irabazi zuen batek, gero Bizkaian Xabi Payak irabazi zuen, eta argudio hori erori zen berehalaxe. Eta, denborarekin, Maialen Lujanbiok Euskal Herrikoa irabazi zuen, eta hori [emakume bertsolariena] orain planteatu ere ez da egiten. Nik adibide bat jartzen nien [emakumeei]: «Arraro egingo zaizue, baina hemen ohiturak berehala sartzen dira. Ez zen izango arraroagoa apaiz bat meza ematen ikusi eta gero plazan bertsotan kantatzen ikustea?»

Euskararen garbizaletasun eta purismoa salatu duzu luzaroan. Azkenaldian, badirudi sendotu direla era horretako diskurtsoak. Praktika, halere, urrun dago oraindik. Zer falta da?

Hasteko, alperrik ikasi dugun lexiko asko dago. Ez dugu benetan pentsatu euskaraz bakarrik mundua adieraz daitekeenik. Azken batean, egiten duzun guztian beste hizkuntza bat duzu ondoan, eta harekin gehiago bizi zara euskararekin baino. Eta ez arlo zientifikoan, esaten denez. Ez, zientzia da errazena, zientziako terminologia eginda dago. Askoz ere zailagoa da literatura, zeren ñabardura askoz gehiago daude. Terminologia hori beste inguruko hizkuntzetan eginda dago, eta gu hortik oso aparte gabiltza. Eta alperrik. Nik esana dut, eta mantentzen dut gure hiztegietan 20.000 hitz basiko falta direla oraindik, egunerokoak. Hor ibiltzen gara hitzak esan ezinik. Euskarak behar du hizkuntzaren kultura, ez daukagu hizkuntzaren kulturarik. Zergatik? Beste hizkuntza potenteago bat dugulako hobeto maneiatzen duguna, eta, beraz, ez dugu premiarik.

Baina beti, edo luzaroan behintzat, izango dira ondoan hizkuntza boteretsuagoak.

Bai, baina gainera ahultasunari deformazioa gehitzen badiogu... Hizkuntza ahula da euskara, baina beste bi horiek zergatik dira indartsuak? Alde batera masa sozial handia dutelako, baina baita terminoetan ez dutelako hemen armatu dugun labirintorik armatu. Gurea tristea da, ridikulua. Euskaraz bakarrik bizi daitekeela nork pentsatzen du? Gehiago diot: euskal idazleek, nik lehenengoa, hobeto ulertzen dugu erdaraz euskaraz baino. Zergatik? Termino guztiak, asko behintzat, nahastuta dauzkagulako. Ez dakigu zer esan nahi dugun zehatz-ekin? Ea den prezisoa, ea den determinatua, ea definitua... Hitz horiek beste hizkuntzetan oso zehatzak dira. Esaten dugu zehatz-ekin bost edo sei kontzeptu beste hizkuntzetan oso bereizita daudenak. Horrek ez du balio.

Literaturan ariko zara aurrerantzean. Orain arte ez duzu arlo horretan arrakasta handirik lortu.

Ez, ez dut izan, baina beti izan naiz ilusoa, eta jarraituko dut. Uste dut Zein ongi bizi zen Ulises-ekin izango dudala arrakasta pixka bat. Baina ez badaukat ere, bada, aizu, hemen nire porrotik handiena da laster, beste urte mordo bat barru, akabatu beharko dudala. Ilusioa badut, eta bizi zirela arrakasta izan ez zuten artista asko izan dira munduan, eta ni horien artean nago, baina horregatik jarraitu behar dut. Hizkuntza kontuetan ere jarraituko dut. Galdetzen didate: «Euskara galduko dela uste duzu?» Ez dakit galduko den ala ez, baina euskara galtzeak baino ni akabatzeak pena handiagoa ematen dit. Baina horregatik ez naiz triste biziko.

Omenaldi batzuk egingo dizkizute ekainean. Baldintza bat eskatu omen diezu antolatzaileei.

Bai, Xalbadorrena ez gertatzeko moduan izan dadila [bere omenaldi egunean hil zen Xalbador], baina ez dut uste gertatuko denik [barreak]. Gauzak sinpleak dira: zahartu naiz, eta ez dago bueltarik. Baina jarraituko dut nire etxean eta nire ordenagailuan neurea egiten, eta, arrakasta izan edo ez, konformatuko naiz arrakastarik izan ez zuten artistekin.

Tira, arrakasta eremu askotan lortu duzu zuk.

Bai, tira, gainera, bertsolaritza niretzako bizibide bat izan da; literatura, orain arte, ruina bat izan da. Hamar urte dira jubilatu nintzenetik, eta ordutik urtean 1.500 ordu sartu ditut nik hor; hamar urtean, 15.000 ordu. Ordu bakoitzari 10 euro jarrita, 150.000 euro sasira bota ditut! [barrezka] Ez dut etxerako ezer ekarri!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.