90 urtez euskal kulturaren begirale

Begiraleak elkarteak dantza talde gisa jarduten du nagusiki gaur egun. 90 urte bete ditu, eta horren karietara, ‘Begiralekada’ emanaldia eginen dute gaur arratsaldean.

Begiraleak dantza taldeko otsaileko emanaldia, Donibane Lohizunen. BERRIA
Begiraleak dantza taldeko otsaileko emanaldia, Donibane Lohizunen. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2025eko maiatzaren 24a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Cumann na mBan emazte irlandarren kolektiboan inspiraturik, Euskal Herrian Emakume Abertzale Batza sortu zen 1922an. Handik gutira, Bilbo inguruko erdiko klaseko emazteak batu ziren nagusiki mugimendura. 1934an, Bizkaiko EABk 15.000 kide zituen. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Begiraleak elkartearen sorrerak zerikusi zuzena du Hondarribiko (Gipuzkoa) emakume abertzaleen taldearekin. Polixene Trabadua eta Julia Urzelaik eman zuten lehen mitinera joan ziren Piarres Lafitte apeza, Eugene Goienetxe historialaria eta Jean Jauregiberri medikua. Hortik, Bidasoaren bertze aldeko emazteei azaldu zieten euskal kultura sostengatzeko eta zabaltzeko mugimendua sortzea. 90 urte bete ditu Begiraleak taldeak eta hori ospatzeko Begiralekada emanaldia eginen dute, gaur, Donibane Lohizunen bertan

Ondorioz, Augusta Larraldek Ipar Euskal Herriko emazteei dei egin zien Begiraleak sortzeko. Madalena Jauregiberri aloztarra hartu zuen propaganda egiteko, eta, 1935eko urtarrileko Aintzina aldizkariaren arabera, ez zuten zailtasunik izan talde gotor bat sortzeko. Hitz hauek argitaratu zituzten: «Bertako tradizioak, hizkuntza eta sinesmena ez galtzeko, Madalena Jauregiberrik ez zuen zailtasunik ukan lan egin nahi zutenak batzeko eta emazteak elkartzeko».

Hala, Donibane Lohizuneko Gure Etxean euskara klaseak ematen hasi ziren. Elkartean sartzean, duela 90 urteko izpiritu bera bizi izan duela kontatu du Pantxika Duperouk, Begiraleak dantza taldeko dantzari ohiak. «Hastapeneko helburuak atxiki ditu elkarteak, nik ere euskara ikasi bainuen Begiraleei esker, adibidez».

Kulturaren zaindaria izatea da begirale baten eginbeharra. Pierre Latasa elkarteko lehendakariaren arabera, dantza ardatz nagusia bada ere, mintzapraktika saioak, literatura tailerrak eta korua antolatzen dituzte, euskara erdigunean jarrita. «Garai hartako asmoari eusten diogu. Azken finean, euskaraz egiten dugu ahal dugun guzia. Frantsesak ere badu bere lekua, baina entseatzen gara sentsibilizazio tresna bat izaten».

«Garai hartako asmoari eusten diogu. Azken finean, euskaraz egiten dugu ahal dugun guzia. Frantsesak ere badu bere lekua, baina entseatzen gara sentsibilizazio tresna bat izaten»PIERRE LATASABegiraleak elkarteko lehendakaria

Hirurehun kide inguru ditu elkarteak, baina 90 urteen karietara, laurehun kide dira orain. Izan ere, taldean ibili dantzari ohiei gomita luzatu zieten otsailean Donibane Lohizuneko kaskaroten 50. urteurrena ospatzeko eta Begiralekada dantza emanaldia antolatzeko.

Duperouren erranetan, emozio handia eragin dio dantza taldeko gazteekin elkartzeak. Gainera, kaskarotak berpiztu zituen Betti Beteluri omenaldi «xume bezain hunkigarria» egin diotela adierazi du. «Proiektu handia izan zen, eta xantza ukan dugu berriz berpiztu zirelako Lapurdiko ihauteriak. Otsailean, haurtzaroan bezala berriz dantzatuz, oroitu ditut ttipitako oroitzapenak; emozio handiko momentua izan zen».

Urteurrena ospatzeko, ez dute soilik Begiralekada ikuskizuna egin. Latasak zehaztu duenez, Boga emanaldia karrikaratu zuten nerabeak eta haurrak batuta. «Maiatzaren 3an eta 4an, 84 dantzari, hogei musikari, hainbat kantari eta antzerkilari batu genituen Tanka aretoko eszenaren gainean».

Zubigileak

Duperou 1965ean sartu zen dantza taldean, eta gogoan ditu garai ezegonkorrak. Lokalik gabe, Begiraleak taldea nomada izan zela kontatu du, eta jauzika aritzen zirela Ravel lizeoan, Duconteniako parkean eta eskola publikoetako geletan barna. «9 urte nituela sartu nintzen dantza taldean, eta oroitzen naiz aski luzaz egon ginela dantzatzeko lekurik izan gabe, eta hori ez zen batere erosoa».

(ID_17480056448905) (/EZEZAGUNA) 1948ko euskal ezkontza. Begiraleak
1948ko euskal ezkontza, Begiraleak dantza taldeak emanik, artxiboko irudi batean.

Garai gaziek ez zituztenez oroitzapen gozoak estali, eta bere lehen ateraldiaz ere mintzatu da Duperou. Miarritzera (Lapurdi) joan ziren dantza taldeko kide guziak Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako lehen Dantzari Egunaren karietara. «Harrigarria zitzaidan Miarritzera joatea, 10 urte nituen eta ez nuen sekula parte hartu hain ekitaldi handian. Miresgarria zitzaidan ikustea hainbertze dantzari hain leku ederrean».

Nerabezaroko ateraldiak ere pribilegiotzat jo ditu Duperouk. Frankismopean, Tolosara joan ateraldian ikurrina atera zuten. «Dantza emanaldi bat egin genuen Tolosako plazan, eta oroitzen naiz ikurrina atera genuela eta sekulako zalaparta sortu zuela horrek».

«Dantza emanaldi bat egin genuen Tolosako plazan, eta oroitzen naiz ikurrina atera genuela eta sekulako zalaparta sortu zuela horrek»PANTXIKA DUPEROUBegiraleak dantza taldeko dantzari ohia

Izan ere, ekintza horri esker, Euskal Herriaren ikuspegia ireki zitzaiola nabarmendu du dantzari ohiak. Bertzalde, Beteluk dantza taldeen arteko zubiak eraikitzeko zuen indarra azpimarratu du. Horri esker, Donostiara joaten ziren Argia dantza taldearekin dantzak ikastera, eta ateraldi franko bultzatzen zituzten, Duperouk azaldu duenez. «Iparraren eta Hegoaren arteko zubiak eraikitzen zituen Beteluk, eta zinez hark ekarri zigun Euskal Herriaren nazio ikuspegia».

Garai berean hasi ziren Euskal Herriko beste lurraldeetako dantzak ikasten, eta, zenbait dantza sartu zituzten taldearen errepertorioan, hala nola larrain dantza, axuri beltza eta Leitzako ingurutxoa. Ondorioz, Duperouk erran du Begiraleak elkarteari zor diola «osoki» euskal kulturaren ikuspegi orokorra, eta gaur egun duen dantzaren eta hizkuntzaren ezagutza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.