Abandonatuen memoriagunea

Bilbon eta beste hainbat hiritan ahaztutako lekuen «memoria gordetzeko», 3D unibertso digital bat sortu du Alba Matillak. Gasteizko Montehermoso kulturunean egongo da ikusgai, apirilaren 14ra arte.

Alba Matilla bere obraren aurkezpenean, Montehermoson, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
Alba Matilla bere obraren aurkezpenean, Montehermoson, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko martxoaren 29a
05:05
Entzun

Alba Matilla artistaren (Aviles, Espainia, 1998) Santutegi obra Gasteizko Montehermoso kulturunean ikusgai dago duela bi astetik, eta hala egongo da apirilaren 14ra bitarte, Jovellanos aretoan. Mundu digitala eta pintura uztartu ditu artistak, eta hainbat industrialdetako txoko abandonatuak oroitzeko unibertso digital bat eraiki du.  

Arte Ederretan graduatua da Matilla, Vigoko Unibertsitatean (Galizia), eta pinturan espezializatua Krakoviako Arte Ederren Akademian (Polonia). Denbora tarte batez kultura kudeaketaren arloan lan egin ondoren, arte garaikidearekin lotutako Ikerketa eta Sorkuntza masterra hasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Han hasi zen bideo eta pintura arloko lanak 3D diseinuko softwarearekin bateratzen. 

Masterra amaitu ondoren, 3D mekaniken arloko prestakuntzarekin lan egiten jarraitu du, baita masterrean sortutako paisaia birtualaren eta fisikoaren dialektiken inguruan ikertzen ere. Hala, mundu digitalean pintura egiteko modu berriak landu ditu. «Bi zutabe ditu erakusketak: digitala eta piktorikoa; eta bien arteko elkarrizketa sortzea da asmoa», azaldu du. Eta gaineratu du, elkarrizketa horretan, pinturak «funtsezko» rola bete duela: «Nire babeslekua da, eta ez dut askatu nahi izan. Nola edo hala sartu behar nuen obran». 

«Bi zutabe ditu erakusketak: digitala eta piktorikoa; eta bien arteko elkarrizketa sortzea da asmoa».

ALBA MATILLAArtista

Erakusketa kolektibo eta arte garaikideko jaialdi askotan izan da ikusgai Matillaren lana jada: Bilbon, Pontevedran eta Coruñan (Galizia), Madrilen, Londresen, Marseillan (Frantzia), Monçaon (Portugal)… baina, bakarka, Gasteizen aurkeztu du lehenbiziko aldiz bere lana. 

Aurtengo apirilean beste erakusketa bat izango du Gijongo (Espainia) arte eta industria sorkuntzarako LABoral zentroan. Egoiliar gisa aritu zen han, 2023tik 2024ra, eta orain, bere obra aurkeztuko du. LABoral zentroan sortu zuen, hain zuzen ere, Santutegi osatzen duen erakusketa.

Simulagailu ibiltaria  

Pinturan eta ikus-entzunezkoetan oinarrituta sortu du Matillak Santutegi 3D simulagailu ibiltaria. Bisitaria kontsola baten agintearekin mugi daiteke artistak sortu duen mundu birtualean, bideojoko batean bezala, baina helbururik gabe. «Bideojokoetan zerbait lortu behar da; santutegian ez. Ibili eta ikusi besterik ez da egin behar», argitu du artistak.

Itsaso urdin baten gainean, belarrez osatutako plataformak ageri dira, eta, horien gainean ibiliz gero, txoko abandonatuak aurki daitezke, Bilbokoak, Avilesekoak eta Galiziako hainbat hiritakoak. Zehaztasun handiz irudikatuta daude, eta, igarri daiteke denboraren poderioz nola hondatu diren. «Horietako asko gaur egun ez dira existitzen, desagertu egin dira, baina, noizbait izan ziren hori erakutsi nahi izan dut». 

Fotogrametria izeneko teknika erabili du inguru birtuala sortzeko. Hau da, benetan existitzen diren —edo ziren— lekuak birtualki marraztu ditu, horien forma, dimentsioak eta posizioa aztertuz eta erreplikatuz. Eta oso zehatz, gainera, paretetako grafitiak eta kartelak xehetasun osoz marraztu baititu.

Santutegiaren bazter guztiak ezagutzeko ez dago modu bakarra, baina. Artistak agintearen bidez mugitzea iradokitzen die bisitariei, baina «agintea erabiltzera ausartzen ez direnek» aretoaren eskuinaldean dagoen pantailaren bidez ikus dezakete aurretik bideo batean grabatutako ibilbidea.

Aureola jainkotiar bat

Simulagailuan ikusgai dauden lekuak abandonatuta egon arren, obra ikusi duen jendeari «etxekotasuna eta gertutasuna» pizten zaizkio, Matillak azaldu duenez. Bestalde, aitortu du gune abandonatuek «aureola jainkotiar» bat transmititzen diotela berari. «Dena desagertu baino lehen izozten zela iruditzen zitzaidan, eta horrek beti eramaten ninduen adiera berberera: santutegia». Izena ez da ezustean aukeratua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.