Abangoardiazko arkadia

Markus Lupertz artistaren ibilbide osoari buruzko erakusketa antologikoa zabaldu dute Bilboko Arte Eder museoan1963tik 2013ra arteko 91 artelan bildu dituzte; margolanak eta eskulturak nagusiki

Markus Lupertz artista eta Kosme Barañano komisarioa, atzo Bilboko Arte Eder museoak sortzaileari eskainitako erakusketa antologikoa ikusten. LUIS TEJIDO / EFE.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mantxak ageri ditu oihalak han-hemenka, koadroan behera nabarmen egiten dute irrist pintura tantek, harramazka margotu diote gorputza paisaiari malenkoniatsu begira dagoen giza irudiari, eta, halere, arkadia da Markus Lupertz artistak irudikatutakoa (Liberec, Bohemia, Txekiar Errepublika, 1941). Arkadien. Iaz margotu zuen lau koadroko serie hori sortzaileak, eta serie horrekin ixten du artistari eskainitako erakusketa Bilboko Arte Eder museoak. Horixe 50 urteko ibilbideari eskainitako bildumako azken pieza. 60 margolan, 19 eskultura, paperean egindako 12 obra, eta, azkenik, arkadia. Neoespresionismoaren eta antzinate klasikoaren arteko bidegurutzean. «Nik ez dut egin uztarketa arrarorik. Antzinateko erreferentzia horiek behin eta berriz hartzen ditugu. Artearen izaerari berezkoa zaio hori. Azken abangoardiak salbu, bere buruari egiten dio aurre arteak. Abangoardia mugimendu horiek iragankorrak dira, eta arteak iraun egiten du». Maiatzaren 19ra arte izango da zabalik bilduma.

Anselm Kiefer, Joerg Immendorff eta Sigmar Polkeren belaunaldi kide, II. Mundu Gerra ostean sortutako Alemaniako artista belaunaldikoa da Lupertz. 60ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea eta Neue Wilden (basati berriak) talde neoespresionistako kide nagusietariko bat izan zen. Figurazioa lantzeko modu pertsonala landu du hasieratik, halere, eta lan ildo hori da Bilboko erakusketan ikus daitekeena. Hasierako lanetatik hasi, eta 2013ko abenduan sortutakoetaraino doan ibilbide osoa. Lupertz osoa, kasik. Eta harrituta eta pozik mintzo zen atzo artista horregatik. Lupertzi begira irribarrez Lupertz bera ere: «Erakusketak neure lana neuri erakusten asmatu du».

Kosme Barañano aritu da komisario lanetan, eta gertutik ezagutzen du sortzailea. Aurrez beste hiru erakusketa antolatu dizkio. Madrilgo Reina Sofia museoan bata (1991), Valentziako IVAM zentroan bestea (2002), eta Iruñeko Baluarte jauregian hirugarrena (2007). Laugarrena du orain Bilbokoa. «Erakusketa antologikoa», komisarioak zehaztutakoaren arabera. Izan ere, artistaren ibilbideko mugarri nagusiak biltzen ditu erakusketak, baina era erdi kronologikoan ere antolatu du ibilbidea Barañanok. Garaika, baina bere buruari salto batzuk onartuz. «Artistaren ibilbide osoan lantzen diren motiboak ulertzen laguntzen du horrek. Lan guztien atzean espiritu bera dagoela erakusten du».

Tradizioarekin hika

Etengabea da artistak tradizioarekin duen elkarrizketa. Hika dabil iraganeko margolariekin. Bere eginak ditu Coroten lanak, Picassorenak, Ernstenak, Giacomettirenak eta baita eskulturagile mizenastarrenak ere. Eta nabarmena da haien oihartzuna Lupertzen zenbait lanetan. Baina bere pintzeletik filtratu ditu beti erreferentzia horiek. Donald Duck Series izeneko lan sortako pieza batekin hasten da ibilbidea, adibidez. Lupertzek pop anglosaxoiak komikietako kodetutako irudiak bereganatzeko zuen joerari emandako erantzunarekin, hain zuzen ere. Haien bereganatze joeraren inguruan, nabarmena da Lupertzen eskua bere Donald ahatearen bertsioan. Baina jarraitu egiten du elkarrizketak gero. Goyaren erara sortzen du 2002an koadro sorta bat, eta nabarmena da Nicolas Poussin paisaia margolariaren figuraren itzala 1985 eta 1993 arteko koadroetan. Eta, noski, etengabea da antzinate klasikoaren oihartzuna areto guztietan. Eskulturetan nagusiki. Greziar eskultura klasikoen irribarre arkaikoa ageri dute haietariko askok, eta oihartzun klasiko argia duen eskultura sorta batek ixten du erakusketa, gainera. Horrek eta arkadiak ere bai.

Bake handiegirik ez, ordea, Lupertzen hitzetan. «Etengabeko gatazka da artearen funtsezko motibazioa. Eta heriotzaren aurkako borroka da artistak izango duen gatazkarik garrantzitsuena, kontzienteki ala inkontzienteki». Erakusketarako prestatu duten katalogoan daude artistaren hitzok, eta erakusketan ere handia da heriotzaren presentzia. Kaskezurrez eta desitxuratutako giza irudiz beteta daude hormak, eta Alemaniako gaiak izeneko koadro sortan ere agerikoa da gerraren erreferentzia. Kasko militarrak, lur metak, eta paleta militarra. Bihurriturik ageri da giza gorputza erakusketan dagoen gurutziltzatu bakarrean, eta deigarria da Trajedun gizona laneko irudia ere. Hiria atzealdean, kalean irudikatu du gizon trajeduna artistak. Zutik, oinez. Baina gizonaren arrastorik ez margolanean. Hutsik trajea.

Txillidarekin solasean

Badira paisaiak, eta natura hil batzuk ere. Pinturaren defendatzailea da artista, eta Donostian esplikatua du bere lan metodoa. Eduardo Txillida eskultorearekin elkarrizketan, Donostiako EHUren Udako Ikastaroetan. Jenioaz mintzo dira bi sortzaileak 1990eko elkarrizketan. Sorkuntza prozesuaren plazeraz. Bilatu nahi dena zehazki zer den jakin gabe ere bilatzen jarraitzeko beharraz. Erakusketako hormetara eraman dute solasaldiaren zati bat, eta hor dator alemaniarraren azalpena: «Nik ez dut dagoeneko ezagutzen dudan zerbait pintatu nahi, nire lanarekin neure burua distraitu nahi dut eta. Beti espero dut zerbait gertatzea nirekin, eta pintatu eta pintatu egin behar izaten dut, erantzunen bat aurkitu arte. Prozesu sortzailea ez dago planifikatuta, ekintza bera da». Eta ekintza horren ondorioa da orain Bilbon ikus daitekeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.