Donostiako 55. Jazzaldia hasteko zazpi hilabete baino gehiago falta diren honetan, antolatzaileek dagoeneko iragarri dituzte jaialdian parte hartuko duten musikari ugariren izenak. Oraindik itxi gabe du Jazzaldiak hurrengo urteko programazioa, baina gaur egindako aurrerapenak jaialdiaren nondik norakoak erakusten ditu. Hain zuzen ere, azkeneko urteetan Donostiako jaialdian izan diren hainbat musikarik berriro joko dute bertan, eta haiei gehituko zaizkie musika beltzaren nahiz poparen eta rockaren eremuan ibilbide luzea egin dutenak.
Izenen artean ezinbestean azpimarratu beharrekoa da John Zornena. New Yorkeko abangoardiako saxo jotzailea bitan izan da azken urteetan Donostian, eta kontzertu edo kontzertu saio bereziak egin ditu bietan. 2013an Masada Maratoiarekin izan zen jaialdian, eta bost orduz aritu zen Kursaaleko auditoriumean, hamabi taldez lagunduta. Aurtengo aldian, berriz, Bagatelles maratoian parte hartu zuen bi egunetan. Bi saio horietan, hamalau taldek Bagatelles disko-liburuan bildutako 50 konposizio interpretatu zituzten. Oholtzara igo ziren musikarien artean zeuden Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen eta Trevor Dunn. Aurten, gainera, Donostiako Jazzaldia saria ere jaso zuen Zornek.
Hurrengo urteko jaialdian, Jazzaldirako beren-beregi prestatutako proiektu bat aurkeztuko du. Hain zuzen ere, Masada Quartet bere talde historikoarekin izango da oholtzan Zorn, eta baita New Masada Quartet taldearekin ere.
Jazzaldian pianista ezagunak dira Abdullah Ibrahim —2017an izan zen—, Kenny Barron —2000n Donostia Jazzaldia saria jaso zuen, eta 2018an ere aritu zen Donostian—, Hiromi —2010ean Stanley Clarke kontrabaxu jotzailearekin jo zuen, eta 2017an, Edgar Castaneda harpa jotzailearekin—, eta baita Cecile McLorin Salvant kantari gaztea —2017an abestu zuen— eta Kurt Elling abeslaria ere —Brandford Marsalisen taldearekin aritu zen 2016an—.
[youtube]https://youtu.be/h2_-aAx1F-w[/youtube]
Jazzari lotuak daude, halaber, Donostiako 55. Jazzaldian izango diren beste musikari ugari ere: Danilo Perez, Rita Marcotulli eta Dado Moroni piano jotzaileak, Joe Magnarelli, Enrico Rava, Fabrizio Bosso eta Paolo Fresu tronpeta jotzaileak, Sharon Clark abeslaria, Makaya McRaven bateria jotzailea, Dave Holland baxu jotzailea, Ezra Collective eta Fire! Orchestra.
Pop eta rock izarrak
Aspaldi utzi zien Donostiako Jazzaldiak lekua jazzaz aparteko musikei ere, eta Zurriolako hondartzan kokatu ohi den Agertoki Berdeak jaso izan ditu popetik eta rocketik gertuago dauden proposamenak. Hain zuzen ere, agertoki horretan joko du Simple Minds talde eskoziarrak, jaialdiaren inaugurazio egunean. Jim Kerr abeslariaren taldea 1980ko hamarkadaren hasieran nabarmendu zen, new wave eta synth-pop doinuekin, baina gerora rock epikorako bidea hartu zuen, eta hamarkadaren erdialderako estadioak betetzen zituen. Bere ibilbidean —40 urte bete dituela ospatuko du Donostian—, hainbat kantu arrakastatsu argitaratu ditu taldeak, Promise You A Miracle eta Don't You, esaterako.
[youtube]https://youtu.be/CdqoNKCCt7A[/youtube]
Simple Minds baino beteranoagoa da Graham Nash. The Hollies taldeko kide zela nabarmendu zen, 1960ko hamarkadan, eta, gerora, Crosby, Stills, Nash & Young supertaldeko partaidea izan zen, David Crosby, Stephen Stills eta Neil Youngekin batera.
Mitotzat har daiteke Taj Mahal ere. 1960ko hamarkadaren amaieratik darama bluesa, zydecoa, jazza eta musika beltzaren beste aldaera batzuk uztartzen dituen proposamen pertsonala lantzen.
[youtube]https://youtu.be/sjTEkhXgu_4[/youtube]
Jazz kanonikotik kanpo daude Jazzaldian izango diren beste talde batzuk ere: Vintage Trouble, North Mississippi Allstars, Sly & Robbie eta Leon Benavente.
Jazzaldirako sarrerak laster jarriko dituzte salgai, www.heinekenjazzaldia.eus eta www.donostiakultura.eus webguneetan. Oraindik, ordea, eta Simple Mindsen kontzertua salbu, ez dute zehaztu artista bakoitzak jaialdiko zein gunetan eta egunetan joko duen.