Abel Azkonaren aurkako auzia artxibatu dute

Iruñeko 2. Instrukzio epaitegiaren arabera, ez dago sentimendu erlijiosoen aurkako deliturik ezta gorroto deliturik ere

Abel Azkona epaitegira bidean kazetariz inguratua eta alboan Maider Beloki. IñIGO URIZ
joxerra senar
2016ko azaroaren 11
16:29
Entzun

Zarata handia atera zuten bere egunean Nafarroako muturreko talde katolikoek Abel Azkonaren Desenterrados (Lurpetik ateratakoak) erakusketaren aurka. Abokatu Kristauen Elkarteak salaketa jarri zuen hala Azkonaren nola Maider Beloki Iruñeko Kultura zinegotziaren aurka. Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak ere salaketa jarri zuen. Urtebete beranduago, epaitegiek atzera bota dute auzia.

Autoari helegitea jar dakioke, dena den. Azkonaren erakusketak polemika handia eragin zuen ostia sagaratu batzuekin Pederasta hitza idatzi zuelako artistak. Fermin Otamendi Iruñeko 2. Instrukzio epaitegiko magistratuak frogatutzat eman du ostia sagaratuen erabilera profanoa. Hala ere, bere ustez, ez da nahikoa delitua dagoela ebazteko, kasu horretan gurtzeko toki batean -tenplu edo eliza- egin behar delako.

Era berean, Otamendiren arabera, "inondik inora" ezin daiteke ondorioztatu gorroto deliturik dagoela, erakusketak ez baitie animatzen bertaratzen direnei, salatutako errealitatearen aurkako neurririk hartzera, "pederastiaren moduko gaitz baten aurka kontzientzia hartzeaz harago".

Erakusketan, Azkona argazki batean agertzen zen eta ostia batzuekin pederastia hitza osatzen zen. Argazkiaren alboan, hutsune batean, hainbat ostia zeuden, eta pertsonaren batek ebatzi zituen erakusketa ireki eta lehen egunetan. Otamendiren arabera, ezein unetan erakusketan ez zen aipatzen horiek ostia sagaratuak zirela.

Azkonak bereak esan zuen mezetara joan eta banaka atera zituela. Horren aurrean, epaileak uste du ez dela sentimendu erlijiosoa urratzen: "Apaizaren eskutik jasotzen zituelako eta beretzat gorde zituelako, baina modu diskretu batean. Bere jarrera ez da erasokorra edo errespetu gabekoa".

Kritikagarria bai, delitua ez

Epailearen aurrean Azkonak azaldu zuen ez zuela inor iraindu nahi eta bere helburua zela Eliza Katolikoko kideen artean zabaldua dagoen pederastia salatzea. Epailearen arabera, hori ez da delitua. "Kritikagarria izan liteke aukeratutako bitartekoa, erlijio katolikoko ikur sagaratuenetako bat erabili duelako".

Abokatu Kristauen Elkargoak prentsa ohar bidez jakinarazi du helegitea jarriko diola epaile instruktorearen autoari. Elkartea "harrituta" azaldu da bere edukiagatik eta "bere haserrea" azaldu du. Elkartearen arabera, Azkonak "milioika katolikori begirunea oso modu larrian galdu zien" erakusketa horrekin. 

 

Ohar horri ironiaz erantzun die Twitterren Azkonak bi txioren bidez (@abelazcona): "Ilusioz ere bizi da gizasemea". "Maite dut txio hori.  Pieza berria izango da. Eskerrik asko nire izenean sortzeagatik".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.