Abenturarako gertu

Trizak hirukotea sortu dute Jon Pirisek, Hasier Oleagak eta Julen Izarrak, kontrabaxua, bateria eta saxofoia batuta. Lehen diskoa plazaratu dute

Maialen Unanue Irureta.
2017ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Trizak da Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarraren talde berria, eta trizak dira itsasontzietan belak igo eta jaisteko sokak ere. Badira, gainera, bidaien hasieren irudi: «Trizak listo eduki» esan ohi da portuan adi egoteko eskatzen denean, etortzekoa den edonolako gertaeraren aurrean prest egoteko, Pirisek azaldu duenez. «Abentura baten irudia nahi genuen erabili, baita trio edo hirukote baten ideiarekin hitz jokoa egin ere».

Talde berria da Trizak, baina musikan ibilbide luzea egina dute taldekideek. Hainbat proiektutan ibiliak dira, eta dabiltza oraindik ere, baina Trizak «bestelakoa» da, Pirisen esanetan: «Beste proposamen bat da, desberdina, formazio aldetik —jazzean, erabiltzen da, baina nahiko talde berezia da: saxoa, kontrabaxua eta bateria—. Ez dago instrumentu harmonikorik: hori izan daiteke berezitasuna».

Taldearen izen bera du grabatu duten lehen diskoak, eta inprobisazioak pisu handia du lanean: «Badago kanten parte bat idatzita, baina beren garapen guztia inprobisazioan oinarrituta dago». Hori da hirukotearen lan egiteko modua, hain zuzen. «Ez daukagu musika klasikoan izaten dituzten partitura oso edo itxi horiek: gureak gehiago dira zirriborroak, aldatzen doazenak... Abiapuntua dira partiturak, eta, hortik aurrera, momentuaren arabera».

Lan molde hori igarri egiten da diskoan, Pirisen ustez. «Grabatu ostean ez dugu inolako postprodukziorik egiten. Kantuak beren inperfekzioekin gelditzen dira normalean: badauka momentuaren inperfekzio hori». Eta igartzen da, baita ere, hainbat iturritatik edan dutela hirurek: «Eskola zehatz batetik baino gehiago, hainbat lekutatik gatoz: hau da, jazz tradizionala badago, baina badago bestelako eraginik ere—musika klasikoarena, herrikoiarena edo rockarena...—, apur bat gure ibilbidearen erakusle edo».

Elkar ulertzearen garrantzia

Bederatzi kanturekin osatu dute lehenengo diskoa: zazpi abesti propio eta bi bertsio ditu (Ennio Morriconeren Here's to You eta Birjiña maite). «Ez dugu imitazio hertsi bat egiten, gure baztertxotik egindako zera bat baizik». Pirisen arabera, jazzean ohikoa izaten da bertsioak egitea, batez ere, «Ameriketatik datozen estandarrena». Haiek, ordea, bestelako bertsio mota batzuk landu nahi dituzte: «Beste bide bat hartu nahi izan dugu: gertuago ditugulako edo, gure bizitzetan, modu batera edo bestera, garrantzia izan duten iraganeko soinuen gure ikuspegi berezia eman nahi izan dugu». Aurrerago etor litezkeen lanetan ere, abesti propioez gain, bertsioak egin nahi dituzte: «Atea zabalik utzi nahi diegu, soinu horiek hartu eta gure filtrotik pasatzeko».

Kontzertuak ez dira diskoaren kopia bat izaten: ez dituzte abestiak bere horretan jotzen. «Jotzen dugu diskoan dagoen materiala, baina egunero desberdina da, momentu edo emanaldi bakoitzean kantek hartzen dutelako bide bat, gu ere harritzen gaituena». Horrek, hain zuzen, taldekideen arteko elkar ezagutza handia eskatzen du, Pirisek azaldu duenez. «Partiturak ez direnez itxiak eta bakarrik abiapuntu direnez, beharrezkoa da elkarrenganako konfiantza izatea, adi egotea eta belarria adi izatea».

Nevermind Trio taldeko kide dira Izarra eta Oleaga. Hainbat talderekin kolaboratu du Oleagak; besteak beste, Ruper Ordorikaren zuzeneko taldean dabil azken urteetan. Pirisek, berriz, Memoriaren mapan diskoaren bikote formatuko biran lagundu zion Ordorikari. «Musikak eraman» ditu taldea osatzera, baita formatu horretan osatzera ere: «Alde batetik, gustura aritzen gara elkarrekin, eta bestetik, formatu horri aukera bat eman nahi genion».

Hirukoteak jorratzen duena «bazterreko musika» izan arren, orain artean harrera ona izan duela uste du Pirisek. Ildo edo eskola jakin batzuei lotuta ez egoteak diskoa jende gehiagorengana heltzea eragin du: «Harritu nau musika klasikoa edo rocka entzuten duen jendeak ondo hartu duela, beraz, pozik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.