Iñigo Ugarteburu. Musikaria

«Abestiak esperientzia pertsonaletatik eta esan nahi batetik sortzen dira»

Folketik nahiz musika garaikidetik edaten duen artisautza diskoa atera berri du Iñigo Ugarteburuk: 'Back & Forth'. Ingalaterran bizi da egun, baina Euskal Herrian da egunotan bere lana zuzenean aurkezten.

JUANAN EGIGUREN.
mikel lizarralde
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Cafe Teatro taldeko kide izan zen Iñigo Ugarteburu (Bilbo, 1979), eta Zarautzen kokatutako talde horrekin Euskal Herrian azkeneko hamar urteotan eginiko musika iradokitzaile, pertsonal eta askeenetakoa egin zuen. Inprobisazioa, folka, jazza eta bestelako ihesaldiak uztartzen zituen abentura hura amaituta, Ingalaterrara joan zen, «esperientzia berri bat bizi, hizkuntza bat ikasi eta beste ohitura eta kulturez gozatzera». Bi urterako asmoa zena luzatu, eta dagoeneko zazpi eta erdi daramatza han. Gaur egun, Londresen bizi da Ugarteburu, baina bi kontzertu emango ditu datozen egunotan Euskal Herrian. Gaur, Donostiako Le Bukowskin ariko da Botibol taldearekin, eta bihar, berriz, Robyn Hitchcock musikari ingelesarekin partekatuko du oholtza Balentziaga museoan, Getarian (Gipuzkoa).

Cafe Teatron ikasitakotik abiatu da Ugarteburu bakarka kaleratu duen aurreneko diskoa prestatzeko: Back & Forth. «Disko honek erronka suposatzen zuen. Denbora neraman egin nahian, baina beti uzten nuen, unean uneko denbora edo gogo faltagatik». Zarautz utzi eta Ingalaterrara joan zenean, gitarra etxean utzi zuen, Cafe Teatroren entseguetan besterik ez baitzuen jotzen ordurako, «eta haiek oso noizbehinka izaten ziren». Eta jotzeko beharrik ere ez zuen. «Egon naiteke urte erdi tresna bat jo gabe; hori bai, ez dago musika entzungo ez dudan egunik. Gehiago gozatzen dut entzule gisa interprete gisa baino».

Back & Forth zaletasun horren ondorio gisa uler liteke. Aste berean, «New Orleanseko kaleetako grabazioak, XX. mendeko musika garaikidea eta Kolonbiako cumbiak» entzun ditzake Ugarteburuk, eta izenak ematen hasita, esperimentazioari eta herri musikari lotutako izenak ateratzen zaizkio errenkan: Lubomyr Melnyk, Mustapha Skandrani, Philip Cohran and the Artistic Heritage Ensemble, Oren Ambarchi, Sexteto Habanero... Back & Forth, ordea, zerbait komunikatzeko beharrarekin besterik ez du lotzen Ugarteburuk: «Konposizioak esperientzia pertsonaletatik eta zerbait esan nahi izatetik sortzen dira, nahiz eta askotan ez dakidan zer den esan nahi dudan hori». Musikak, komunikatzeko ez ezik, ezezaguna zaiguna transmititzeko ere balio dezakeela uste du. «Hitza ez den hizkuntza bat erabiltzean, pertsona bakoitzak bere esperientzia eta oroitzapen pertsonalekin interpretatzen edo lotzen du. Edo, besterik gabe, ez dio ezer esaten». Musika eta komunikazioa eskutik doazela pentsatzen du Ugarteburuk: «Munduko folklore tradizioak, euren artean ezberdinak izan arren, beti sortzen dira komunikatzeko behar bati erantzuteko».

Grabazio luzea

Back & Forth disko ia erabat instrumentala da, hamaika tresna akustikoz jantzitako artisautza lana. «Abestien disko bat da. Gitarra, banjo eta ukelelearekin konposatutako oinarrizko egiturak melodiekin eta ehundurekin lagundu ditut. Kontu kantari izan ezik, abesti guztiak hiru tresna horiekin egin nituen hasiera batean. Hori izan zen denbora gehien kendu zidan prozesua». Melodiak «modu intuitiboagoan» etorri zitzaizkion. «Ahotsarekin eginiko melodiak grabatu eta grabatu aritu naiz, prozesu bera behin eta berriro errepikatuz eta aurreko guztia ezabatu gabe. Horiek dira diskoan haizeek, akordeoiak eta sokek abesten dituzten melodiak».

Diskoan hamabostetik gora musikarik parte hartu dute: Iban Urizar (tronpeta, saxofoia), John Hannon (biolina), Maite Arroitajauregi (biolontxeloa), Gill Sandell (akordeoia, pianoa), Iñaki Irisarri (perkusioa)... Parte bat Londresen grabatu zuten; beste bat, Berako Mik estudioan, eta azkenekoa, Elgoibarko zinema aretoan. «Distantzia eta proiektuan parte hartu duen jende kopurua dela eta, oso prozesu luzea izan da. Bakarrik Gill Sandellekin izan nuen entseguak egiteko aukera». Iban Urizar Cafe Teatroko lagunarekin, berriz, etxean aritu zen lanean, konponketak idazten: «Gero tresna birtualek irakurriak entzuten genituen! Esperientzia zoragarria izan zen demo-etako ahots eta txistuak musika hizkuntza batera itzultzea».

Proiektuz gainezka dauka burua. Prestatzen ari da disko berria, «oso ezberdina» izango dena, eta, horretaz aparte, besteak beste, Xabier Iriondok zuzendu eta Marina Mascarellek koreografiatutako dantzari buruzko film baten musika ere ari da egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.