Nouvelle vague mugimenduko kide izanagatik ere, estilo berezi eta sailkaezina garatu zuen bere lanetan. Garaian garaiko modak gorabehera, bide propioa jorratu zuen, «zinema abestua» berrasmatzeko. Genero musikalaren berritzailerik handienetako bat izatea aitortzen zaio Jacques Demy zinemagileari (Pontchateau, 1931-Paris, 1990), eta Frantziako zinemagintzaren izen handienen artean dago horregatik. Haren obra eta zinema ikuskera erakusteko, Donostiako 59. Zinemaldiak atzera begirako bat eskainiko dio zinemagileari. Demyk sortutako lau film labur, hamalau luze eta zuzendariari buruzko hiru dokumental emango dituzte zikloan.
1950eko urteen amaieran Frantziako zinemagintzan molde berriak esperimentatzeari ekin zioten hainbat zuzendari gaztek, eta nouvelle vague (olatu berria) izena ezarri zien kritikak. Horien inguruan aritu zen Demy hastapenetan. Arte Ederrak ikasita, animazioko zinemagintzan hasi zen lanean, Paul Grimault zein Georges Rouquier-en laguntzaile moduan. François Truffaut ikaskide eta lagunak poliziaren rolean aritzeko lantxo bat eskaini zion Les quatre cents coups (1959) bere estreinako filmean, eta Jacques Rivette-ren Paris nous appartient (1960) lanean ere agertu zen.
Hainbat film labur zuzendu zituen lehen urteetan —Le sabotier du Val de Loire (1956) Loira haraneko eskalapoigile bati buruzko dokumentala izan zuen lehen lana—, eta urte gutxira egin zuen lehen film luzea: Lola (1961). Max Ophulsi eta Lola Montes (1955) haren azken filmari eginiko omenaldia zen lana, baita Der blaue Engel-en (Josef von Sternberg, 1930) Marlene Dietrichek interpretatu zuen Lola-Lola pertsonaiari eginikoa ere. Anouk Aimee aktorea aukeratu zuen Lola izeneko kabareteko artistaren rolerako.
Zuzendari gazte haien mugimenduko erakuslerik esanguratsuenetakoa bilakatu zen lana. Demyren zinemagintzan etengabe errepikatu ziren zenbait ezaugarri biltzen ditu filmak, tartean, maitasunarekiko obsesioa, Nantes hiria agertoki gisa, patuaren eragina istorioetan, eta musikaren garrantzia. Hain zuzen, Lola-rekin hasi zuen zuzendariak Michel Legrand musikariarekin urteetan izan zuen lankidetza.
Patua eta maitasuna ditu berriro ere ardatzak bigarren filmean, La Baie des Anges (1962) lanean. Urte berean ezkondu zen Agnes Varda zinemagilearekin. Jokoarekin obsesionatuta dagoen femme fatale baten rolean jardun zuen Jeanne Moureau aktoreak lan hartan. Ordea, Lola-ren arrakastari esker atera ahal izan zuen aurrera bere proiekturik handinahiena, eta hirugarren film harekin iritsi zitzaion nazioarteko ospea: Les parapluies de Cherbourg (1964) du lanik ezagunena. Catherine Deneuve jarri zuen protagonistaren rolean —gerora haren film askotan aritu zen—, eta, Legranden doinuekin, erabateko musikala sortu zuen.
Generoen arteko bereizketa zurruna hautsi eta drama musikala eraikitzeko, elkarrizketa guztiak abestuak izatea erabaki zuen, ordura arte oso ezohikoa zena. Halaber, nouvelle vague mugimenduaren oinarriei jarraiki egin zuen Lola zuri-beltzean, baina hirugarren lana superkolore saturatuan filmatu zuen, kontrasteekin xehetasun bakoitza nabarmentzeko. Filmari esker, Urrezko Palma lortu zuen Cannesko jaialdian, eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatuta egon zen.
Maitagarrien munduak
Hollywoodeko musikal klasikoei omenaldia egin zien hurrengo lanarekin: Les demoiselles de Rochefort (1967). Musikalean Deneuvek lan egin zuen berriro ere, haren ahizpa Francoise Dorleacekin batera. Gene Kelly Hollywoodeko izarrarekin eta Legranden musika alaiarekin sortu zuen zuzendariak bila zebilen giroa. 1982an beste musikal bat filmatu zuen, Une chambre en ville, Michel Colombierren musikarekin. 1980ko urteetako joerekin hautsi nahi izan zuen berriro ere, eta Nantesko langileen grebak hartu zituen opera moderno haren ardatz gisa.
AEBetara jo zuen 1969an, Model Shop film esperimentala grabatzeko. Anouk Aimee Lolaren rolean ageri da berriro —pertsonaien errepikapenak ere ohikoak dira haren lanetan—. Demyren estetika ilusionista nabarmena da hurrengo bi lanetan: txikitakoipuin gogokoenetariko bat, Charles Perraulten Peau d'âne filmatu zuen 1970an —zuzendariak azaldu zuenez, irakurri zuenean bezala, «zazpi urteko haur baten begietatik»—, eta maitagarri ipuinen munduan bigarrenez murgildu zen The Pied Piper-ekin (1972), Hamelingo txirulariaren bertsioarekin. Orfeoren mitoa rock mundura eraman zuen gero Parking (1985) berritzailean. Inor gutxik ulertu zuen proposamena, eta kritikak ez zituen Demyren azken filmak aurrekoak bezain ongi hartu. 59 urterekin hil zen, hiesak jota.
Haren bizitza, ibilbidea eta zinemagintza erakusteko zuzendariaren lan gehienak erakutsiko ditu Zinemaldiak, baita Agnes Vardaren hiru dokumental ere, Demyren bizipenetan eta zinema ikuskeran sakontzen dutenak. Varda Donostian izango da zikloa aurkezten, baita bikotearen seme Mathieu Demy aktore eta zuzendaria ere; Americano, haren lehen film luzea, sail ofizialean lehiatuko da. Demyri buruzko argitalpen bat ere kaleratuko du jaialdiak.
Abestuz berritu zuen zinema
Jacques Demyren 18 film erakutsiko ditu Zinemaldiak, zuzendari frantsesari eskainitako atzera begirakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu