Abstrakzioaren arriskua

Pablo Palazuelo Espainiako abstrakzioaren aitzindariaren hastapenetako obrak bildu dituzte Altzuzako Oteiza museoanArtistak Parisen eman zituen 20 urteei buruzko aurreneko azterketa sakona da

Noir Central lana da Oteiza Museoan Pablo Palazuelo artistari eskainitako erakusketa ixten duena. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Altzuza
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Gero etorriko ziren aitortza eta fama. Baina 1948an Parisera heldu zenean, bere buruaren bila zebilen oraindik gerora Espainiako abstrakzioaren margolari garrantzitsuenetariko bat bilakatuko zen Pablo Palazuelo (Madril, 1916- Galapagar, Espainia, 2007). Obsesio bat zen, berak kontatua duenez: «Koadro asko hautsi ditut kasik bukatuta zeudenean, lanean urte bete pasa ondoren. Parisen egon nintzenean izan zen hori, gertatzen zitzaidana zen tranpa moduko batean erortzen nintzela. Koadroak buruhauste ikaragarri bihurtu daitezke, maneiatzeko oso zailak. Ni neu amaraun batean nola, hala nahasten nintzen koadroetan, eta labana hartu eta haiek haustea zen nire burua libratzeko nuen modu bakarra. Arriskutsua da pintura». Parisko garai hartan egindako lanak biltzen ditu orain Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan prestatu duten erakusketak, maiatzaren 29ra arte; 1948tik 1968ra arteko artistaren lehen lan haiek.

XX. mendeko Espainiako margolari garrantzitsuenetariko bat da Palazuelo, eta hainbat atzera begirako eskaini dizkiote jadanik. Hala egin zuen Bilboko Guggenheim museoak, esaterako, 2007an. Artista madrildarraren figura ikertzen buru-belarri sartua zela, ordea, hutsune bat aurkitu zuen Alfonso de la Torre Altzuzako erakusketako komisarioak. «Inork ez zuen orain arte artistak Parisen eman zituen 20 urteei buruzko lan sakon eta zehatzik egin». Eta horri erantzuteko asmoz sortu du erakusketa. Hiru zatitan banatuta ikus daiteke Palazuelo aurreko Palazuelo hori.

Ez zen artista izatekoa. Oxforden (Ingalaterra) arkitektura ikasten hasi zen Palazuelo 1933an, baina 36ko gerran pilotu aritu zen Errepublikaren aurka altxatutakoekin, eta guda bukatzean Madrilen gelditu zen, harik eta 1948an Frantziako Gobernuaren beka bati esker Parisera joan zen arte. Kubismoaren eta figurazioaren eragina izan zuen hasieran bere lanak, baina bere benetako iturriei heldu zien berehala. Bi dira izen nagusiak: Paul Klee eta Wassili Kandinski. Abstrakziora jo zuen. Eta hor hasten da erakusketa. 1948tik 1954rako tartean.

Oraindik ere figurazioaren eta kubismoaren aztarnak igartzen dira bilduma zabaltzen duten lehen bi lanetan. Nahiko agerikoa da eragin hori, adibidez, Kleerengan hain ohikoa den arrain bat ageri duen Palazueloren litografian; baina nahasiagoa da erreferentzia Fougue izeneko kolore gorriko koadro abstraktuaren kasua. Izan ere, aurrez margoturiko beste koadro baten gainean margotu zuen Fougue Palazuelok. «Koadro kubista baten gainean», zehazten du de la Torrek. Eta arrazoi posibleak aipatzen ditu: «Akaso, ez zuen mihise gehiago erosteko dirurik, baina, agian, abstrakziora heldu aurreko urratsak ezabatu egin nahi zituen».

Erakusketaren lehen atal horretan daude, maiz, Espainiako lehen margolan abstraktutzat aipatu den Palazueloren Sur noir koadroa, eta Parisen zela hainbat jatetxetako manteletan egindako marrazkiak ere. Oraindik ez dira madrildarraren helduaro artistikoko lanak, baina hor daude jadanik gerora bere lanetan hain ohiko eta indartsu bihurtu ziren lerro zuzen beltzak. Ordurako hasia da lan horietan gerora konstante bihurtuko zen geometriaren presentzia agertzen.

1954tik 1967rako tartea hartzen du erakusketako bigarren atalak, Palazueloren estiloaren sendotze garaia, hain zuzen ere. Maeght familiaren babespean hizkuntza pertsonalagoa hasten da lantzen garai hartan artista madrildarra, eta orduan egindako erakusketa propioak dira horren froga. Argi ikusten da koadro horietan Palazueloren lan egiteko modu obsesiboa. Gai bera behin eta berriz landuz, aldian-aldian detaileren bat aldatuz, eta ia seriean ariko balitz bezala. «Oso artista gogoeta zalea eta motela zen», dio de la Torrek.

Eskulturarekin saioak

Eskulturan ere egin zuen saiorik Palazuelok Parisen, eta erakusketan bada horren adibide bat, bakarra; Ascendente izeneko pieza. Bakana da, hamarkada haietan egindako bakarretariko bat. Parisen lagun egin zuen Eduardo Txillidak fedea zuen Palazuelorengan. «Eskultore handi» izango zela esan zuen hari buruz bere lehen lana ikustean, baina Maeght familiak eskultura hura atzera bota, eta frustrazioak jota eten egin zen urte luzez Palazueloren eskulturarako joera.

Poesia bai idazten zuen. Bi koaderno badira Parisen idatzitakoak, 1953koa bata, eta 1961ekoa, bestea. Eta horregatik, haren poemak ere badaude erakusketan, koadro eta koadro artean, hormetan idatzita. Maiz, bere margolaritzarekin lotutakoak dira, gainera olerki horiek: «Zentzumenen kartzelan/ bilduta/ objektuak,/ ez heriotzarik/ ez argirik».

Bere lanik ezagunenetariko bati eskaini diote erakusketako azken atala. Omphale izenekoari, hain zuzen. Formatu handiko serie hori izan zen artistaren ibilbideko garrantzitsu eta originaletariko bat, eta hari eskainitakoa da bilduma ixten duen areto osoa. Geometria eta abstrakzioa berriz. 2007an hil zen arte landu zuen obsesioa. Pinturaren arrisku hori.

Beste bi fundaziorekin elkarlanean antolatu du Oteiza museoak erakusketa; Palazuelo fundazioarekin eta 36ko gerrako altxamenduaren finantzatzaile nagusi eta gerora arte mezenas ezagun izandako Juan Marchen izen bera duen fundazioarekin. Margolariari buruzko publikazio bat ere kaleratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.