ACT, arte eszenikoen agertoki

Jaialdia antzerki eta dantzako profesionalen bilgune izatea nahi dute, eta 20 lan inguru erakutsiko dituzte

Cabaret Magritte antzezlaneko aktoreak, ACT jaialdiaren aurkezpenean, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Antzerkizale eta arte eszenikoetako profesionalen arteko topagunea izango da aurten, bederatzigarrenez: ACT Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdia. Sortzaile eta aktoreen arteko esperientzien trukea bultzatzearekin batera, jaialdian munduko zein Euskal Herriko konpainien 20 lan inguru erakutsiko dituzte, horien arteko 11 lan labur jaialdiko atal ofizialean lehiatuko dira. Ikuskizunak Bilbo eta Barakaldoko (Bizkaia) zenbait aretotan ikusi ahalko dira, maiatzaren 30etik ekainaren 2ra. Antzerkialdia azoka izatea ere nahi dute eta, aurrekoetan bezala, nazioarteko programatzaileak ere bilduko ditu.

Australiako, Erresuma Batuko, Herbehereetako, Italiako, Portugalgo, Errusiako, Espainiako eta Euskal Herriko konpainiak lehiatuko dira ACT Arriaga saria lortzeko. Guztiak ere, Barakaldo antzokian eta Bilboko Kafe Antzokian arituko dira. Besteak beste, Australiako Emma Fishwick Inc.-en In-human on her Sleeve, Italiako eta Herbehereetako Fernando Belfioreren The Miserable Thing, Bizkaiko E. M. Tejeren Suspiros en el vertedero eta Australiako Trewstone Productions-ek Lost and Found ikuskizunakaurkeztuko dituzte.

Lehiaz kanpoko lanak, berriz, Bilboko Kafe Antzokian ikusiko dira. Horietako batek emango dio hasiera jaialdiari, hain zuzen ere, Suediako Alma Soderbergen Travail antzezlanak. Halaber, La Casa en el Arbol Espainiako konpainiaren Manual básico de cine experimental eta Ingalaterrako Kindle Theatreren The Furies lanak ikusteko aukera izango da.

Aurreko urteetan bezala, Guggenheim museoko Zero espazioak Dantzine bideodantza atala hartuko du. Horretan dantza eta zinema uztartzen dituzten zenbait bideolan labur erakutsiko dituzte. Bilborocken,berriz, antzerki eskoletako ikasleen antzezlanak emango dituzte, baita Barakaldo antzokian ere. Aurten, BAIko ikasleen Cabaret Magritte lana ez ezik, RESAD Madrilgo Arte Dramatikoko Erret Eskolaren Grietas eta Alemaniako Folkwang Arte Unibertsitateko BAHAR and OMID = spring AND hope ikusi ahalko dira.

Nazioarteko proposamenak erakustearekin batera, jaialdian sortze eta lan prozesuen inguruko eztabaida piztu nahi dute artisten artean.Hala, artistak Bilboko Da Vinci kafe antzokian bilduko dira beren lan prozesuen inguruan hausnartzeko. Formakuntzak ere izango du tartea, La Casa en el Arboleko kideek, Rachel Krischek, Kate Crassockek eta Charles Haldersekek emango dituzten ikastaroen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.