Adam Bodor idazlearen 'Artzapezpikuaren bisita' itzuli du Unai Elorriagak

Hungarierazko idazleak hamar liburu ditu idatziak, eta horietatik sei zinemara eramateko moldatu dituzte

Adam Bodor hungarierazko idazlea, artxiboko irudi batean. Z / BERRIA.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Duela bi urte Londres kartoizkoa da eleberria (Elkar) argitaratu zuenetik, hurrengo proiekturako dokumentazioa biltzen, irakurtzen, oharrak hartzen ari da Unai Elorriaga idazlea. Buelta ugari ematen dizkio ideiari idazten hasi aurretik. Horretan ari zela, Adam Bodor idazle errumaniarraren Artzapezpikuaren bisita irakurri zuen, eta guztiz liluratuta utzi zuen. «Lau aldiz irakurri nuen, atzean zegoena hobeto ulertzeko. Eta itzultzaile garaian ikasitakoaz gogoratu nintzen: testu bat ondoen ulertzeko modu perfektuena itzulpena egitea dela». Hala, ariketa literario gisa hasitakoa liburu bihurtu da Elkar argitaletxearen eskutik.

Bogdanski Dolina herri imajinarioan kontzentrazio eremu bat dago, baina agintariak ez dira naziak edo komunistak, eliz hierarkia baizik. Gabriel Ventuza atzerritarra herrira heldu da aitaren errautsak hilobitik atera eta eramateko asmoz, baina iritsi bezain laster arropa eta diru guztia lapurtu diote; kapilau lanetan aritu beharko du diru apur bat irabazi eta gorpuzkinekin alde egin ahal izateko. Horixe da 130 orrialdeko nobelaren abiapuntua. «Erabat zoroa da dena, baina aldi berean ederra», dio Elorriagak.

Ez da gogoratzen nola heldu zen Adam Bodorrengana. «Lantzean behin egiten ditut sartu-irtenak Europa ekialdeko literaturara». Joan den mendean denetik bizi izan zuten inguru hartan: gerrak, mota guztietako diktadurak... Eta «asko bizi izan dutenez», idazle oso interesgarriak dira Elorriagarentzat, «nortasun literario indartsua dutelako».

Egitura txundigarria

Kontakizunaren estiloa eutsia, lehorra eta zorrotza da, itzultzailearen ustez, eta pilula txikietan ageri dira poesia, erotismoa eta umorea. «Maisutasuna erakusten du Bodorrek pertsonaiak pizten, giroak iluntzen, harremanak narrasten, baina gorengo maila lortzen du kontakizuna egituratzen. Hori da txundigarriena: nola zatikatzen duen haria, zatikatuta ez dagoela uste izateraino».

Cluj hirian jaio zen Adam Bodor, 1936an, Errumaniako gutxiengo hungariarraren barnean. Hemen ez da idazle ezaguna, baina hamar liburu ditu idatziak, eta horietatik sei zinemara moldatu dituzte. Golina izena du liburu honetan oinarritutako filmak.

Adan Kovacsicsek eginiko gaztelaniazko bertsiotik egin du itzulpena Elorriagak, baina Karoly Morvay hungariar hizkuntzalariaren laguntza izan du testua orrazteko. Jatorrizkoa eta euskarazkoa hitzez hitz erkatu ditu, euskara ere menderatzen baitu. Hungariera-euskara hiztegia dauka orain esku artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.