Musika

Adele eta Whitney Houston izan dira Grammy sarietan protagonista

Abeslari ingelesak sei sari jaso ditu, tartean 2011ko abesti eta disko onenarenak. Whitney Houston gogoratu dute, horren heriotzean.

2012ko otsailaren 13a
09:08
Entzun

Adele Laurie Blue Adkins abeslari ingelesa izan da bart Grammy sarietan irabazle nagusia. Sei sari eskuratu ditu 23 urteko kantariak, hautagai izendatu zuten guztiak. Rolling in the Deep abestia 2011ko abesti onena eta letra onena duena izendatu dute, eta 21 diskoa, urteko onena.

"Nire bizitza aldatu duen urtea izan da hau", esan du Adelek saria jasotzerakoan. Iaz bertan behera utzi zuen AEBetako bere bira, eztarriko arazo bat tartean. Horregatik, saria jasotzerakoan ama eta lagunak gogoratzeaz gain, ebaketa egin zioten medikuak izan ditu gogoan, eskerrak emateko.

Adelez gain, Foo Fighters taldeak bost sari eskuratu zituen rockaren sailean, Kanye Westeri lau sari eman zizkioten raparenean (ez zen jaialdira joan) eta DJ Skrillexek hiru sari jaso zituen dance musikarenean.

Jaialdiaren beste protagonista Whitney Houston izan da. Larunbatean hil zen Los Angelesen (AEB). Heriotza oraindik ez dute argitu. 48 urte zituen Houstonek, eta Grammy sarien jaialdia hura gogoratuz hasi dute. 1980ko eta 1990eko ahots ezagunenetako bat izan zen, eta The Bodyguard filmean (1992) I Will Always Love You abestiarekin gorenera iritsi zen.

"Jainkoak gorde ditzala Whitney Houston, Etta James eta Amy Winehouse. Zeruan emakume banda polit bat dago", esan zuen Amy Winehouseren aitak jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.