Adostasunezko sariak

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Balorazioa ia aho batekoa izan da, azken urteotako Zinemaldirik tristeena eta pobreena izan da aurtengoa. Zinematografia aldetik konpetentzia gero eta gogorragoa da, eta oso bakanak izan dira programazioak eskaini dituen proposamen interesgarriak. Sail ofizialak kalitate benetan apala izan du, eskasa ez esatearren, eta epaimahaiaren erabakiak hori erakutsi baino ez du egin.

Oraingoan ez zen normalean egon ohi den titulu nabarmenen sorta, denen ahotan diren bi-hiru film horiek. Apusturik ausartenen artean -Elisa K, Mistérios de Lisboa, Aita- kontsolamendu sariak banatu eta azkenean kontsensuzko film bat atera da garaile.

Ziurrenik, epaimahaikideen artean Neds-ek aldeko sutsu gutxi zituen, baita aurkako gutxi ere. Askotan hori izaten da sari bat irabazteko modurik seguruena. Batera edo bestera muturreko erreakzioak eragiten dituzten horiek -arestian aipatutakoak, esate baterako- zail izaten dute denen onespena jasotzea. Horrelakoetan, B plana atera ohi da garaile.

Neds ez da film txarra, egunotako zurrunbilotik aterata gustura ikusiko dugu estreinatzen denean. Baina eskuzabalegia izan da Urrezko Maskorra hari ematea. Inork ez dezala proposamen berritzailerik espero, ñabardurak ñabardura zinema sozial britainiarraren barruan sartzen da bete-betean. Eta eredu ezagun horretan, ederki hasi bai, baina aurrera egin ahala indarra galduko du nabarmen.

Protagonista sinpatikoa du filmak, ez da zaila berekiko enpatia lortzea. Profesionala ez den aktore izanik meritu handia du haren lanak, baina horretan ere gehiegitxo dirudi bere interpretazioa beste batzuenari aurre hartu izana, Bruno Ganzena esaterako.

Faborito argirik izan gabe, Pa negre zen askoren ahotan zegoen filma eta ia esku hutsik joan da. Aktore talde osoak egindako lan onaren kontsolamendu sariak izan du, Nora Navasek eraman duena.

Aurtengoan gauzak nola joan diren ikusita, beharbada logikoena zirudien sariren bat edo beste eman gabe uztea. Horrek polemika eragin bai, baina Sail Ofizialak eman duenaren argazki zintzoagoa utziko zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.