«AEK-k merezi zuen nobela bat»

'Waterloo-n galdutakoak' eleberria plazaratu du Xabier Etxaniz Rojok. Iktus baten ondorioz euskara galdu duen pertsonaia bat dauka protagonistatzat

Xabier Etxaniz Rojo, atzo Donostian, Waterloo-n galdutakoak aurkeztu aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hogeita hiru urte daramatza AEK-n lanean Xabier Etxaniz Rojok; 1993tik irakasle modura ari da. Ondo ezagutzen ditu AEK-ren tripak, hortaz; ondo ezagutzen euskara irakaslearen poz eta nekeak, ilusio eta ezinak. «Uste dut ez dagoela AEK-ren inguruko nobelarik. AEK-k merezi zuen nobela bat». Waterloo-n galdutakoak eleberria plazaratu berri du Etxaniz Rojok Erein argitaletxearekin; bere ibilbideko bigarren eleberria, hain zuzen ere. 2003an argitaratu zuen orain arteko bakarra: Koadro isila (Erein).

AEK-k ematen dio testuingurua nobelari, eta AEK da istorioko bi protagonistak batzen dituena ere. Bakarne Valentziako (Herrialde Katalanak) emakumea da, 33 urte dituena, eta euskaldun berria. «Nerabezaroan Irunera iritsi eta euskal giroa eta euskaltegia ezagutuko ditu. Mikel izango du irakaslea, eta bien artean maitasun harremana sortuko da».

Biak ala biak AEK-n lanean ari diren sasoian, gaitz formako ezusteak erasango dio bien bizitzari. Iktus batek joko du Bakarne. Honela dio Izua hirugarren kapituluaren amaieran: «...Mikelen zain geratu beharko du mugitu ezinik. Altxatuz gero, dena bere onera etorriko da. Horren guztiaren jabe da. Horren guztiaren jabe zen izua sabela sastatzen sumatu duen arte. Eta Bakarne jabetu da jada ez dela ezeren jabe».

Ez da ezeren jabe, iktusaren ondorioz afasia duelako, eta «ikasi duen azken hizkuntza» galdu duelako: euskara. «Istorioaren abiapuntua lagun batek eman zidan, duela lau bat urte. Kontatu zidan lankide bati gertatu zitzaiola iktusaren ondorioz hitza eta euskara galtzea». Segituan konturatu zen Etxaniz Rojo hor nobela bat zegoela; aurrez istorioa landu behar zuen, landu nahi zuen. «Sei bat hilabete neramatzan gaiaren inguruan pentsatzen, eta erabaki nuen hitza galdu zuen pertsona harekin harremanetan jartzea aurrena, eta bere logopedarekin hurrena. Deus ez nekien ordura arte iktusez eta afasiaz. Pentsatu nuen niri gertatuko balitzait lana galduko nukeela; nik euskararekin lan egiten baitut».

Iktusa izan du protagonistak, eta euskara galdu du. Galeraren prozesua dakar liburuak, eta kontaketa «hiru planotan» egin du egileak. Lehen planoan, gaur egungo kontaketa dago. «Afasiari eta bizitzari gaur eguneko begiradatik nola egiten dioten aurre kontatzen da». Bigarren planoan, iragan denbora ageri da. «Nola elkar ezagutu zuten, eta bion arteko harremana nola sortu zen». Hirugarren planoan, Mikelen koadernoa da kontaketa erreminta. «Bere sentimenduak azaltzen ditu, kontatzen du nola bizi izan duen berak Bakarneri gertatutakoa. Bakarne da liburuko protagonista nagusia, baina Mikelek pisu handia dauka».

Liburuaren izenburuak eta azalak Waterlooko bataila dakarte gogora, baina ez da nobela belikoa. «Metafora bat da, liburuan gertatzen den batailarena. Hitza eta euskara galtzearena. Hitza galtzearekin, ia dena galtzen du. Bere izaera galtzen du. Ez da lehengo emakume bera». Errealitatean du sostengu handia nobelak, baina gaitz batez diharduen arren, ez da medikuntzari buruzkoa ere: «Nik ez dakit ezertxo ere gaitzari buruz; jasotako informazioa erabili dut, besterik ez».

Udetako idazlea

Istorioa bururatu orduko, «garbi samar» izan zuen Etxaniz Rojok nobela bat zuela esku artean: «Erabaki kontzientea izan zen hasieratik. Hari asko zituen kontuak; afasia eta hizkuntzaren galera, AEK-ren unibertsoa, aitatasuna ere azaltzen da, harreman bat...». Etxaniz Rojo ipuin idazlea izan da orain arte, batez ere: «Asko maite dut ipuinak idaztea, baina azkenaldian geroz eta narrazio luzeagoak ateratzen zaizkit. Urtean zehar ez dut idazteko denbora askorik izaten, eta udako oporraldi luzeak baliatzen ditut. Azken hiruzpalau urteetan horrela egin dut. Eta akaso denboraldi horretan denbora gehiagoz kontzentratzeko aukera dudalako, testu luzeagoak ateratzen zaizkit».

Bi nobelaz gain, bost ipuin bilduma kaleratuak ditu; Begiak itxi eta kitto (2000), Hamar manamenduak (2002), Nork bere ozeanoa (2006), Txatartegirako ipuinak (2010) eta Sirena-hotsak (2013).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.