Afrika, hizkuntzaren bila

Kontinente horretako idazleek literaturarako hizkuntzaren inguruan duten eztabaida jaso du 'Erlea' aldizkariak

Bilbo
2011ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Afrikako literaturan bizi-bizirik dagoen hausnarketa bat jaso du Euskaltzaindiaren Erlea aldizkariak. Horren lekuko dira Ngugi wa Thiong'o, Ken Saro-Wiwa, Obiajunwa Wali eta Amos Tutuola idazleen gogoetak. Walik, esaterako, Afrikako idazleek pentsatzen eta sentitzen duten hizkuntzan idatzi behar dutela aldarrikatzen du Afrikako literaturaren kale itsua artikuluan: «Afrikako hizkuntzek garapenaren premia gorria dute, ez frantses eta ingeles sobera landuak». Nola AEBetako unibertsitateetan hala Afrikar Idazleen Biltzarrean hizkuntzari buruz egindako ekarpenengatik hautatu ditu Atxagak lau idazle horiek: «Tutuolak afrikar denek ulertzeko ingelesez idaztea aldarrikatzen du, baina gaizki idatziz, broken estiloan».

Atzo aurkeztu zuten Erlea-ren laugarren zenbakia Bernardo Atxaga eta Andres Urrutia euskaltzainek. 127 orrialdetan, 28 idazle eta musikariren testuak bildu dituzte; ipuinak, olerkiak, bizipenak, iritziak... Atxagaren hitzetan, irakurleek Afrikako eta Euskal Herriko hizkuntza auziari buruz gauza berriak ikasiko dituzte. Besteak beste, Anari Alberdik, Koldo Izagirrek, Aingeru Epaltzak, Pello Esnalek, Miren Agur Meabek, Iban Zalduak, Jabier Muguruzak, Aritz Galarragak eta Urtzi Urrutikoetxeak hartu dute parte aldizkarian.

Atxagaren aburuz, Erlea-k «lotutako narrazio bat» izatea izan du helburu, eta lortu duelakoan dago idazlea. «Ale hau Afrikako idazleek erabili beharko luketen hizkuntzaren inguruko aldizkaria da; txinera, ingelesa...».

Idazle bakoitzak bere ikuspuntu eman dio. Aingeru Epaltzak, adibidez, Afrikan girotutako istorioa egin du. Urtzi Urrutikoetxeak, berriz, Ken Saro-Wiwa idazle afrikarra urkatu zuten gertakaria gogora ekarri du.

Baikortasuna gako

Atxagaren ustez, hizkuntzaren aferan baikortasuna beharrezkoa da. «Gure sabaia ez da oso handia baina euskaldunak dagoen baino beherago jarri izan dugu goia, geure burua itoz. Aurrera ateratzen diren herri bakarrak baikorrak direnak dira».

Argitaletxeetako datuetan oinarrituta esan duenez, gaztelaniaz saritzen diren liburuak ez dira 7.000 aletik gora banatzen,«nahiz eta mundu osora zabaldu». «Frantziakoak 5.000tik pasatzea oso zaila da», erantsi du.Horregatik, banaketa kopuruari begira ez du beltz ikusten Erlea-ren geroa: «Erlea-ren lehen zenbakiaren 3.000 ale banatu genituen. Bigarrenaren mila, eta hor jarraitzen dugu». Aurrera begira, 1.700 ale banatzea gustatuko litzaioke, baina ez, ordea, edonola: «Gauzak ondo eta eder egiteko momentuan gaude».

Andres Urrutia euskaltzainaren ustez, literatur sorkuntzaren sentsibilitate eta ikuspegiak biltzeko balio behar du proiektuak. «Munduko literaturak euskararen bidez ezagutarazi nahi ditugu. Etxekoa ahaztu gabe kanpokoa gureganatzen dugu», nabarmendu du.

Ekimenak abiatzeko garai onena ez den arren aldizkariarekin irakurleak ziztatzen jarraituko dutela ohartarazi du, «emaitza ederrak dituelako euskal kulturarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.