Afrikagatik beti negarrez ibili gabe

Afrikako hiru idazlek argi daukate: kontinenteari buruz Mendebalde «garatuan» dagoen irudi kaotikoa, erreala ez izateaz gain, «interesatua eta manipulatua» da.

Liburu bana aurkeztu dute Hammuk, Agboton-ek eta Botshok Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nekatuta nago Afrikaz beti zeinen txarto doan aditzeaz: gosea dagoela, hiesa hedatua dagoela, gatazkak daudela... eta, batez ere, nire herrialdera iristean, guztiok negarrari ematen diogu. Hori ez da Afrika; hori atal txiki bat baino ez da». Jean Bosco Botshoren berbak dira. Mongo etniako kidea da Botsho, Kongoko Errepublika Demokratikoan jaioa. Kataluniako bi unibertsitatetan irakasle jarduten du, eta Africat Afrika eta Kataluniaren arteko elkarlanerako elkarteko zuzendaria da. Haurralde gobernuz kanpoko erakundeak Afrikako sormen gaitasunari buruzantolatutako jardunaldietan egin den mahai inguruan parte hartu du, Agnes Agboton idazle benindarrarekin eta Mohamed M. Hammu ipuin kontalari berberearekin. Hirurek tinko heldu diote gai bati: Mendebalde «ustez garatuak» Afrika kontinenteari buruz daukan ikuspegi negatiboa deseraikitzea.

Botshoren berbei jarraipena eman nahi izan die Agbotonek: «Ordua da Afrikaren irudi manipulatu hori eteteko». Erantzuleak identifikatu ere egin ditu: «Intentzioz sortutako estereotipoak dira, bideratuta daudenak. Eta horrela izan dadin nahi da, atzetik mundua norabide bakarrean joatea nahi duen inperialismo bat dagoelako».Horregatik, ezinbesteko deritzo gizarte zibilak horri «entzungor» egiteari. «Arragoa honetan mugitzen garenok badakigu zer den hori. Ezin duzu parekoaren begiradak mindu zaitzan laga. Entzuten jakin behar da, egoa alde batera utzi. Ni, nire askatasuna, ni, ni eta ni horrek itsutzen gaitu».

Hammuren ustez, hori erdiesteko ezinbesteko ezaugarri bat behar dute pertsonek: jakin-mina. «Galdetu ohi didate: 'Nolatan egiten duzu horren ongi gaztelaniaz?'. Jakin-minagatik. On Kixote irakurri nuen, itzulita, eta zera pentsatu nuen: 'Hau Cervantesek ez zuen horrela esan'. Horregatik, ikasteari ekin nion». Huelvako (Andaluzia, Espainia) herrixka batean bizi da aspaldi Hammu. Kezkagarri deritzo horren gertu dagoen afrikar lurrarekiko jendeak jakin-minik ez izateari: «Frantsesez, ingelesez, alemanez ere, orain horren garrantzitsua dena... jakin. Eta putzuaren beste aldeari buruz, ezer jakin ez!». Are gehiago, «iraina» begitantzen zaio gaur egun dauden informazio iturriekin ezagutza gabezia hori.

Demokrazia, sistema hauslea

Agbotonek demokraziaren adibidetzat azaldu ditu Afrikako hainbat komunitate: «Zer herri dago demokratikoagoa, berba egin eta guztien erronda egin arte erabakirik hartzen ez duena baino? Beste demokrazia batez egiten digute berba, demokrazia izendatzen dutenaz. Eta guztiok jarraitu behar dugu, jarraitzen ez duena atzera geratzen da». Horrek guztiak «nazkatu» egiten du; «horregatik, nahiago dut mundu atzerakoian, tradizionalean geratu. Gure hiri, unibertsitate eta ministerioetan sortzen ari diren munstroak izugarriak dira». Horiek Afrikan esaten eta handik eskatzen dena ez dutela ulertzen uste du. «Horrenbeste sistema sozial hautsi dira, zentzua zeukatenak, funtzionatzen zutenak, beste horrenbeste sistema txertatzeko». Hortik, hainbat gizarte afrikarretan «ahal denaz» egiteko beharrean aurkitzea.

Lugares sagrados de África (Afrikako leku sakratuak) liburua egin du Botshok. Esan du kongoarrek istorio batekin ekiten diotelaedozein azalpeni. Honako hau kontatu du argazki liburua egin izanaren arrazoia azaltzeko: «Nire aitak —afrikar oso jakintsua bera— esan zidan: 'Seme, ezkondu nahi baduzu, bidalizure argazkiazure andrearen familiari. Baina, mesedez, izan dadila argazkirik ederrena. Ez goseak edo gaixorik agertzen zaren argazki bat! Andreak, hori ikusita, esango du: 'Ooo, zeinen gizon ederra!'. Horregatik, argazki ederrak jarri ditut liburuan».

Pertsona guztiek sustraiak topa ditzaketen leku eder modura aldarrikatzen du Afrika irakasle mongoak: «Afrika emakume bat da, nahiz eta ez den emakume modura erakusten. Baina guztion ama da, guztiok daroagu Afrikaren parte bat gure bihotzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.