«Bizitza irri, algara eta negar malkoek osatzen dute. Eta zuk, Kontxu, irri eta algara ugari sortu dizkiguzu zure paperen bidez. Baina utzi gaituzu, eta malkotik gertuago gaude algaratik baino». Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Uztarria.eus atarian argitaratutako testuaren hasierak aski ondo laburbiltzen du Kontxu Odriozolaren heriotzak eragin duen samina. Ez bakarrik Azpeitian, haren jaioterrian, baita Euskal Herri osoan ere. Atzo, sare sozialetan Kontxu Odriozola izan zen protagonista nagusia —Maria Luisa, askorentzat—, eta asko izan ziren aktorea ez ezik pertsona ere gogora ekarri zutenak.
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez adierazi zuen Odriozolaren heriotzak eragindako «samina». «Euskal antzerkiak, zinemak nahiz telesailetako platoek, bere aktore kuttunenetako bat galdu dute gaur». Jaurlaritzaren iritziz, «antzerkian hasi, zineman segi eta telebistan aurkitu zuen geroago antzezpenerako zeuzkan sena eta bokazioa garatzeko bidea».
Goenkale telesaileko Maria Luisa izan zuen pertsonaia ezagunena Odriozolak, eta EITBk ere ekarri nahi izan zuen gogora aktorea: «Lanerako zuen zorroztasun eta dedikazioa, eta aktore gisa zuen sinesgarritasuna gailendu nahi ditu EITBk (...) Kontxu artista eta laguna joan zaigu, baina Maria Luisa on bat utzi digu».
Donostiako Zinemaldiak ere gogora ekarri zuen Odriozola, ohar baten bidez.
Kontxu Odriozola hil da. Erreakzioak
Agurra lagun hurbilari
Kontxu Odriozolaren heriotzak agerian utzi du aktore azpeitiarrak lankide, adiskide eta herritarren artean zuen estimua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu