Ahal duelako

Bob Dylanek kontzertua emango du gaur Bilboko Guggenheim museoko zabaldegian, BBK Live jaialdiaren atariko moduanSarrera eskaera handia dela eta, 5.000k beharrean 7.500 lagunek ikusi ahalko dute

Igor Susaeta.
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Rolling Stones-ek lehen kontzertua eman zuenetik 50 urte beteko dira bihar. Orduz geroztik 20 diskotik gora kaleratu dituzte, eta zuzenekoetan estadioak jendez eta pasioz lehertzen jarraitzen dute oraindik ere. Jarraitzaileek abesti klasikoak eskatzen dizkiete, eta horiexek jotzen dituzte Mick Jagerrek-eta. Bob Dylan estatubatuarra (Duluth, Minnesota, 1941) haien garaikidea da. Hark orain mende erdi kaleratu zuen lehen diskoa, eta haren zuzenekoetan ere sarrerak agortzen dira. Rolling Stones-ek hiru estudioko lan baino ez ditu argitaratu azkeneko bi hamarkadetan, eta Dylanek, aldiz, zazpi. Ahal duelako. Nahi duelako. Eta zuzeneko emanaldietako abesti zerrendaren erdia disko horietako kantuekin osatzen du. Nahi duelako, eta ahal duelako. Sortzaile ipurterrea delako. Indarrean dagoelako oraindik ere. Ez da klasikoak jotzearekin konformatzen, eta ahal duelako, abesti berriekin zein zaharrekin gorpuzten du kontzertua. Bilbon, Guggenheim museoaren zabaldegian joko du gaur 21:00etatik aurrera, BBK Live jaialdiaren atariko gisa. Espero baino eskaera handiagoa jaso dute antolatzaileek joan den maiatzaren 16tik, sarrerak salgai jarri ziren egunetik, eta, hortaz, 5.000 lagunentzako tokia beharrean, 7.500entzako lekua edukiko du zabaldegiak. 45 euro balio du pistako sarrerak, merkeenak, eta 85, berriz, harmailetakoak.

Arcade Fire kanadiarrak aritu ziren iazko uztailaren 13an toki berean, eta antolatzaileek 7.000 pertsonentzako tokia egokitu zuten. Ez zen zabaldegia bete, ordea. Aurten, baina, Dylanen emanaldiak aurreikuspenak gainditu ditu. Bide batez Guggenheim museoaren 15. urteurrena —urriaren 18an da, zehazki— ospatzeko ekarri dute Bilbora musikari mitikoa. Dylanek, baina, 24 urte daramatza jada The Never Ending Tour (Bira amaigabea) delakoan, eta pare bat buelta eman dizkio geroztik munduari. Kantugilea, hortaz, errepideko rockero bihurtuta. Gainera, ez du gogoko hegazkinean bidaiatzea, eta autobusean mugitzen da toki batetik bestera. Horregatik, ez da distantzia handiegia egoten saio bateko hiriaren eta hurrengokoaren artean.

Montreuxen (Suitza) jo zuen pasa den igandean, eta Bilbon aritu eta gero, uztailean beste zazpi emanaldi lotuko ditu Frantzian eta Italian barrena. Hilaren 20an Euskal Herrira itzuliko da, eta Baionako zezen plazan joko du. Abuztuan bueltatuko da sorterrira, AEBetara, eta han 10ean ekingo dio birari, atzera.

Europan zehar eman dituen azken emanaldietako kronikei erreparatuta, argi dago urteak Dylanentzako ere ez direla alferrik pasatzen. Kronika horiek esaten dute kontzertuak nahiko motelak izaten ari direla, eta kantugileak denbora gehiago ematen duela eserita zutik baino. Pianoa jotzen du, gitarra, eta poltsikotik aterata zukua ateratzen dio ahosoinuari, zaleak erotu arte. Ahal duelako. Badaki ezin duela bere ahots lakarra gehiegi astindu, eta inoiz baino gehiago zaintzen ari da. Bost musikariren laguntza izaten du eszenatokian. Une honetan Stu Kimball eta Charlie Sexton (gitarrak), Tony Garnier (baxua), Donnie Herron (hari instrumentuak), eta George Receli (bateria) ari dira Dylanekin jotzen.

Klasikoak eta berriak

Kontzertuko abesti zerrenda edo set-list-ari dagokionez, kondairak dio Dylanek kontzertu eguneko goizean erabakitzen duela gero zer joko duen. Gainera ezagun da bere kantuak eraldatu eta itxuraldatu egiten dituela zuzenean; batzuetan ezezagun bihurtu arte. 17 abesti jotzen ari da azken saioetan, eta kontzertuak ordu eta erdi pasatxoko iraupena izaten ari dira. Hasi, Watching The River Flow, Leopard Skin Pill Box Hat-ekin edo Just Like Tom Thumb's Blues klasiko zaharrekin has daiteke. Auskalo. Edo beste edozeinekin. Baina bukatu, Like a Rolling Stone, All Along The Watchtower eta Blowing in the Wind are klasikoagoekin bukatu ditu azkeneko lau kontzertuak: Bonn-goa, Bad Mergentheim-ekoa (Alemania), Salzburgokoa (Austria) eta Montxeux-koa.

Eta tartean Time Out of Mind bikaineko (1997), Love and Theft-ekoak (2001), edo Modern Times laudatuko doinu dezente; zazpi bat bai. Ahal duelako. AEBetako herri musikari buruz inork ez daukan ezagutza daukalako. Blues eta rock sustraietara maisuki hurbiltzen jarraitzen duelako, eta esaldiak errezitatzeko garaian parekorik ez duen sortzaile ipurterrea delako. Gainera, laster, urtea amaitu baino lehenago, bere ibilbide luzeko 35. estudioko lana kaleratuko du. Bada zerbait.

Ahal duelako egiten du. Hartzen ditu beste neurri batzuk ahal duelako, nahiz eta zaleek edo komunikabideek gustukoak ez izan. Esaterako, bere kontzertuetan debekatuta dago argazkiak ateratzea. Gainera, Rolling Stones-ekoek ez bezala, ez ditu gogoko pantaila erraldoiak. Nahiago soiltasuna. Bi urteren ondoren Euskal Herrira itzuli da, eta zortzigarren aldiz ariko da hemen. Bigarrenez Bilbon, 20 urteren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.