Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Perlak

Ahalmen eraldatzaileaz

Irudimena eta errealitatea nahasten dituzten sormen lanen balioa defendatzen du Nick Cave musikari australiarrari buruzko '20.000 Days on Earth' dokumental fikzionatuak.

Nick Cave Brightongo (Ingalaterra) bere etxeko langelan, 20.000 Days on Earth filmaren fotograma batean..
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Warren Ellis The Bad Seeds taldeko biolin jotzaile eta pianistarekin bazkaltzen ari da Nick Cave musikaria (Warracknabeal, Australia, 1957), aurrenekoaren etxe ederrean, Brightongo (Ingalaterra) itsaslabar baten ondoan. Hasi dira hizketan zuzenekoez, eta gogoratu dute biek inoiz ikusi duten onena: Nina Simonek Londresen eman zuen bat. Nola oholtzaratu zen soularen, bluesaren eta jazzaren dama xanpainaz eta kokainaz goraino, umore txarreko, zaleak izutuz ia; nola atera zuen txiklea ahotik eta pianoan itsatsi, eta nola hasi zen jotzen, herio batean. Hura oroituz lilura ezin disimulatuta, keinuka hasten da Ellis. Eta Cavek, bazkaltzen ari diren bitartean, adierazten dio ikus-entzuleek dantza batean amaitu zutela kontzertu hura, erabateko estasian. Zuzeneko batek ahalmen eraldatzailea izan dezakeela ondorioztatu dute biek.

Sormen lanean irudimenaren eta errealitatearen arteko nahasketa gauzatu zuen Simonek egun hartan. Eta, hain zuzen ere, konbinazio hori defendatzen du 20.000 Days on Earth filmak, Nick Caveren ohiko egun bat fikzionatuz Iain Forsyth eta Jane Pollard bideo-artista ingelesek osatutako dokumentalak—Cavek berak ere parte hartu du gidoian, besteak beste—.

20.000 dira, gutxi gorabehera, Cavek bizirik daramatzan egunak. Horietako askotan rock izar bat izatea amestu zuen; haurra zela, behintzat, ez zuen gustuko ispiluaren aurrean zuen itxura, eta aldizkarien azaletan agertu nahi zuen. Lortu du. Orain, ordea, ez darama 80ko hamarkadan zeraman bizitza. «Oso lausotuta daukat sasoi hura...», dio dokumentalean. 07:00etan jaikitzen da, dotore jantzi, eta langelako idazmakinaren aurrean esertzen da. Orduak eman ditzake idazten; hor sentitzen da babesean, bere munduan.

Kanpora ere atera beharra dauka; psikologoarenera, adibidez. Galdetu dio sexuarekin izan zuen lehen harremanaz, haurtzaroaz... Malenkoniaz gogoratu du nola jauzi egiten zuten zubitik ibaira, esaterako, eta aitak, «lekuko isilak», nola irakurtzen zion Vladimir Nabokoven Lolita eleberria. Memoria galtzeak, horrek beldurtzen duela aitortu dio psikologoari. «Izan ere, memoriak definitzen gaitu». Eta kontu horiek guztiek definitzen dute Cave.

1980ko Jaguar XJ beltz dotore bat gidatzen du. Hala iritsi da The Bad Seedsekoekin entseatzen duen ukuilu nolabait erreformatura. Iruditzen zaio beharrezkoa dela norberaren mugak ezagutzea, gainontzekoekin, kasu honetan taldekideekin, elkarlanean aritzeko. Konposatzea kontrapuntua bilatzea dela uste du: «Haur bat gela batean psikopata mongoliar batekin sartzea, adibidez».

Mamuei ere aurre egin behar izaten die. Horietaz mintzo zaizkio adiskideak —Ray Winstone aktorea eta Kylie Minogue abeslaria, esaterako—, Jaguarra gidatzen duen bitartean.

Eta gauzekin bezala, obsesionatuta dago eguraldiarekin. Egin kontu: Brightonek daukan klimari buruz eguneroko bat idatzitakoa da. Pentsatzen baitu ideia bat eduki behar dela eta hori muturreraino eraman behar dela. Bere argazkien eta dokumentuen artxibo bat osatzea izan zen bere ideietako bat; edo testamentu bat idaztea —bere ondarea balizko Nick Cave museoaren eskuetan utziko zuela sinatu zuen, jolasti—. Mundu konplexu eta aberats hori eramaten du bere sormenera Cavek.

Push the Sky Away haren azken diskoko pare bat abesti entzuten dira (Higgs Bosson Blues eta lanaren izen bera duena), eta baita Jubilee Street ere, Sydneyko kontzertu batena. Eta abestiak zera dio une batean: «I'm transforming...». Hain zuzen, ahalmen eraldatzaile horren bila dabil Cave.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.