Literatura

Ahanzturaren kontra idaztea

Gabriel Garcia Marquezen ‘En agosto nos vemos’ nobela argitara eman dute haren semeek, idazlea hil zela hamar urte bete diren honetan. Udaro, gau bakar batez, bestelako bizitza bat bizi duen emakume bat du protagonista.

Gabriel Garcia Marquez idazlea, 2006ko abuztuan, Mexikoko Monterrey hirian, ekitaldi batean. JOSE MENDEZ / EFE
Gabriel Garcia Marquez idazlea, 2006ko abuztuan, Mexikoko Monterrey hirian, ekitaldi batean. JOSE MENDEZ / EFE
Ainhoa Sarasola.
2024ko apirilaren 21a
05:15
Entzun

«Liburu honek ez du balio. Suntsitu egin behar da». Horixe izan zen bere azken idazlanetako bati egileak eman zion epaia. Idazleak, baina, ez zuen sutara bota, ezta haren ondorengoek ere. Ordutik ongi gordeta egon den testuak orain ikusi du argia, aitaren nahiak gorabehera, En agosto nos vemos plazaratzea erabaki baitute Gabriel Garcia Marquez zenaren semeek. Nobel sariduna hil zela hamar urte bete direnean argitaratu dute eleberria. 

Oroimena pixkanaka galduz joan zen idazlea bere bizitzaren azken urteetan, eta «izugarri gogorra» izan zen prozesu hori, haren seme Rodrigo eta Gonzalo Garcia Barchak liburu argitaratu berriaren hitzaurrean kontatu dutenez. Ohikoa zuen zorroztasunez idazten jarraitzeko gaitasuna urritu zion horrek, eta frustrazio iturri «eramangaitza» bilakatu zitzaion. «Hala esan zigun behin, idazle handi baten argitasun eta etorriarekin: ‘Memoria nire lehengaia eta nire tresna da aldi berean. Bera gabe, ez dago ezer’.  Hala, kosta ahala kosta sortzen jarraitzeko «azken ahalegin baten fruitua» izan zen En agosto nos vemos, semeen hitzetan; eta idazketa prozesua, «artistaren perfekzionismoaren eta buru ahalmenen itzaltzearen arteko lasterketa bat».

Kosta ahala kosta sortzen jarraitzeko «azken ahalegin baten fruitua» izan zen 'En agosto nos vemos', semeen hitzetan; eta idazketa prozesua, «artistaren perfekzionismoaren eta buru-ahalmenen itzaltzearen arteko lasterketa bat».

Luzaz landu ondoren, halere, testu hura baztertu egin zuen idazleak, eta ezereztu egin behar zela esana utzi. Semeek, ordea, ez zuten halakorik egin. «Ez genuen suntsitu, baina bai albo batera utzi, harekin zer egin denborak erabakiko zuen esperantzan». Urteekin berriz irakurtzean, testuak dohain ugari zituela jabetu ziren, nahiz eta aitortzen duten ez dagoela egilearen lanik handienak bezain sakon orraztua. «Baditu beheralditxoak eta kontraesan txikiak, baina ez Gaboren obraren onenaz gozatzea eragozten duen ezer: bere sormen gaitasuna, lengoaiaren poesia, narratiba xarmagarria, gizakiarekiko ulermena eta haren bizipen eta desbenturekiko txera, eta, batez ere, maitasuna. Maitasuna, ziurrenik bere obra osoko gai nagusia».

Gogoan zuten baino liburu hobea zela iritzita, beste aukera bat ere otu zitzaien semeei: idazleari lana amaitzea galarazi zion gaitasun galeraren beraren eraginez ez jabetu izana obraren balioaz. Hala, eta testuaren «inperfekzioak» gorabehera, hura argitaratzea erabaki zuten. «Traizio ekintza batean, haren irakurleen plazera bestelako gogoeten gainetik lehenestea deliberatu genuen. Haiek poztu badira, litekeena da Gabok gu barkatzea. Hala espero dugu». 

Udako gau batez

«Abuztuak 16 zituen ostiral batean itzuli zen irlara, arratsaldeko hiruretako transbordadorean. Galtza bakeroak zeramatzan, eskoziar koadrodun alkandora, takoi apaleko zapata soil batzuk galtzerdirik gabe, satinezko eguzkitako bat, eskuko zorroa, eta, ekipaje gisa, hondartzako poltsa bat baino ez. Kaiko taxi ilaran, zuzenean sartu zen kresalak jandako modelo zahar batera. Gidariak lagun baten gisan agurtu zuen, eta zabu-zabuka eraman herri txiro hartan barrena, han eta hemen agertzen zirela kanaberazko etxeak, palmazko teilatuak, eta hondar kiskalgarrizko kaleak suzko itsaso baten parean».

Ana Magdalena Bach protagonista duen eszena horrek abiatzen du nobela laburra. Urtero, amaren hilobia dagoen irlara joaten da emakumea, hari gladiolo sorta bat eramatera. Abuztuaren 16 guztietan berriro egiten du bidaia bera, taxi bera hartuz, loreak saltzaile berari erosiz. Ondotik, ez du beste zereginik izaten hurrengo eguneko goizeko bederatziak arte, itzultzeko lehen transbordadorea atera arte. Gaua hotel batean pasatu, eta goizez itzultzen da etxera; zain ditu senarra eta seme-alabak. Eta urtez urte, gau bakar batez, ez dio ihes egingo bestelako bizitza bat bizitzeko aukerari, ezta bere desirari ere. 

Martxoaren 6an atera zen liburua gazteleraz —pixkanaka, beste 40 hizkuntzatara itzuliko dela iragarri dute—, eta jada mundu osoko kritikariek idatzi dute hari buruz. Denetariko adjektiboekin; bada «maisulan» izendatu duenik, baita zirriborrotzat jo duenik ere —«maisu» baten zirriborrotzat, betiere—;  gorabeheratsua dela iritzi diote gehienek, baina baita hunkigarria ere; eta Garcia Marquezen obraren edertasunaren arrastoak ikusi dituzte askok. 

Testu berera itzultzea

Latinoamerikako XX. mendeko idazleetatik gehien laudatuetako bat da Garcia Marquez (Aracataca, Kolonbia, 1927-Mexiko Hiria, 2014). 1982an Literatura Nobel saridun egin zuen obra oparo baten jabe, 1940ko urteetan hasi zen lehen ipuinak argitaratzen, eta genero ugari landu zituen geroztik. 

Edonola ere, nobelak goraipatu zaizkio gehien. Lehenaren ondotik —La hojarasca (1955)—, Koronelari ez dio inork idazten (1961), La mala hora (1962), eta mundu osoko irakurleak liluratu zituen Cien años de soledad (1967) eman zituen. Beste hainbat etorri ziren segidan: El otoño del patriarca (1975), Heriotza iragarritako baten kronika (1981), El amor en los tiempos del cólera (1985), Jenerala bere laberintoan (1989) eta Del amor y otros demonios (1994).

1999ko martxoan, proiektu berri bat lantzen hasia zela iragarri zuen idazleak; protagonista bera izango zuten bost narrazio autonomok osatuko zuten, eta horietako bat jendaurrean irakurri ere egin zuen.

1999ko martxoan, proiektu berri bat lantzen hasia zela iragarri zuen idazleak; protagonista bera izango zuten bost narrazio autonomok osatuko zuten, eta horietako bat jendaurrean irakurri ere egin zuen. Cristobal Pera editoreak liburuaren hitzostean azaldu duenez, 2001ean Garcia Marquezekin eskuz esku jardun zuen Vivir para contarla (2002) memoria liburua lantzen. Hura amaituta, idazleak ez zuen beste proiekturik esku artean, harik eta haren idazkari Monica Alonsok karpeta bat aurkitu zuen arte tiradera batean. Bi eskuizkribu zituen barruan: Ella izenekoa —2003ko uztailera bitarte landu, eta Memorias de mis putas tristes (2004) izenburupean argitaratu zuena—, eta En agosto nos vemos.

Azken testu horretan buru-belarri murgildu, eta zenbait bertsio idatzi zituen, bosgarrena eta azkena ondu arte; 2004ko uztailaren 5eko data darama, eta «Gran OK final» idatzia lehen orrialdean. 2010etik aurrera, editoreak azaldu duenez, idazkariaren laguntzaz testu hura lantzen segitu zuen, eta, memoriak aldaketa guztiak ongi txertatzen utziko ez bazion ere, gainbegiratze aldi hartan gehien maite zuena egiten eman zituen egunak idazleak: «Hemen adjektibo bat proposatzen, han alda zitekeen ñabardura bat». Azken eskuizkribu hori eta Alonsok gordea zuen bertsio digitala izan ditu oinarri Pereak liburua apailatzeko: «Nire edizio lana zaharberritzaile batena izan da, maisu handi baten mihisearen gainean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.