Narrazioa 

Ahazten diren gauzak

Zuzenbidean lizentziaduna da Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975), baina, besteak beste, zutabegile, irakasle eta itzultzaile jardun du. Durangon eta Donostian antolatzen diren Pentsamenduaren Poesia jardunaldietako antolatzaile taldekoa da. Literaturan poesia, nobela eta narrazioak landu ditu. 2000. urtean, Irun Hiria saria eskuratu zuen Kafkaren labankada eleberriagatik. Iaz, berriz, Donostia Hiriko Kutxa Literatura saria Zer egingo dugu orain opariekin ipuin bildumagatik. Aurten argitaratu du lan hori Algaida etxearekin. 2015ekoa da Koldar hutsa zara (Erein) haren azken nobela.

MARTINTXO.
Aritz Gorrotxategi.
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Taberna irekitzera doala, itsaso aldera zuzendu du begirada. Haize epela dabil gaur ekialdetik, arrantza eta legeltxor usainarekin nahasian. Etxe bloke baxu sorta bat dauka parean, kai aldera doana, eta itsasoa erdizka ikusten da kalexken eta zintzilikatutako arroparen artean. Irakasleak txikitan erakutsitako zerbait etorri zaio gogora bat-batean. «Itsasoa urdina da. Haur batek ere ulertuko luke begi bistakoa den gauza hori. Baina itsasoa urdina al da benetan?». Ezer ez da dirudiena, egin du bere artean Kyorgos-ek. Tabernaren sarreran jarri beharko luke esaldi hura, edo antzeko beste bat. «Gizakia da gauza guztien neurria». Hori ere eskolan ikasi zuen. Ez daki norena den esaldia. Agian, Delfoseko orakuluarena, edo filosoforen batena.

Bat-batean, haur saldo bat pasa da korrika tabernaren paretik, eskolara bidean, barrezka eta algaraka. «Aio, Kyorgos», deiadar egin dio haurretako batek. Yannis dela iruditu zaio, lehen solairuko bere bizilagunaren seme txikiena, beti baloiari joka dabilena, baina hain azkar igaro dira haurrak, ezen ez baitu astirik izan haietako bakar baten aurpegia ondo ikusteko. Kyorgos-ek agur keinua egin die eskuarekin. Irribarre amultsu bat marraztu zaio aurpegian, bai eta zimur sorta bat geratu ere agerian, itsaskirri itxurakoa. Bizarra igurtzi, besoak luzatu, eta sakon hartu du arnasa hurrena. Hatzetan dardara moduko bat sumatu du berehala, bere borondateari ihes egiten dion eta adinarekin lotzen duen urduritasun hozkada bat. Ezkerreko zapatan urratu txiki bat ikusi du, galtzerdiaren kolorea ikusteko aukera ematen duena. Zapataren kolore bereko galtzerdiak erabili beharko ditu bihartik aurrera.

Gaur zurrunagoa dago atariko leiho-sare metalikoa, zerbaitek traba egingo balio bezala. Ohi baino denbora gehiago behar izan du hura jasotzeko. Pintura arrasto gorri txiki batzuk geratzen zaizkio oraindik, orain hilabete egin zioten pintadarenak. Duela aste pare bat, halaber, hildako katu bat utzi zioten etxeko lanpasaren gainean. Telefono bidezko mehatxuak ere jaso izan ditu noizbehinka. «Tentuz ibili, Kyorgos, ezer txarrik gertatzea nahi ez baduzu». Hitzok esatea eta deia etetea gauza bat eta bera da. Ez daude elkarrizketetarako. Ez du telefonoz bestaldekoaren ahotsa ezagutzen, baina deigarria egiten zaio bere izenez deitzea. Agian, tabernako bezeroren bat izan daiteke, edo bezeroren baten senide bat. Jendea burua galtzen ari da, egin du bere artean Kyorgos-ek. Hipnosi edo histeria orokor baten mende bizi direla iruditzen zaio, gero eta beldurtuago. Horregatik oihu egiten dute gero eta ozenago, beldurra gainetik astintzeko. Erasoak ere ugaldu egin dira. Egunsenti Urrekara-koek koktelekin eta harriekin erasotu izan dute Souda-ko kanpamentua. Egia da gauzak zaildu egin direla; berez, lehen ez zeuden etxafuegoak botatzeko moduan. Turistak etorri ohi ziren ontzi edo yateetan; azken aldian, ordea, ontzietan nola-hala etorri direnak errefuxiatuak izan dira. Datuen arabera, turista kopuruak nabarmen egin du behera azken hilabeteotan. Gora, berriz, bertako biztanleen suminak, baita ultrakeriak ere. Denetarik entzuten da bazterretan: «Itzul daitezela beren herrietara!»; «Har ditzala Europak, ez al da hain demokratikoa eta solidarioa?»; «Gizajoak, lehenbizi gerra eta gero hau...»; «Seguru erdia baino gehiago terroristak direla!»; «Lagundu egin behar diegu»...

Leiho-sarea goratzea lortu duenean, barrura begiratu du. Bere sudurraren kurba bezain ongi ezagutzen du areto hura. Barra ezker aldean, mahaiak eta aulkiak eskuinean; ertzak altxatuta dituen ispilu erdi herdoildu batek luze zabalean hartzen du atzeko aldea. Herdoila disimulatzeko kirolarien posterrak jartzea erabaki zuen. Hormak kolore hori higatukoak dira, eta ke geruza lodi bat itsatsi zaie, huntzaren parekoa. Urpeko ontzi batetik lapurtua dirudien kafe-makina zaharra ere hor dago, lokalari distira apur bat emanez.

Belaunak apur bat gogortuta dauzka Kyorgos-ek, eta pauso motelean sartu da. Hasperen egin du. Aulkiak mahaietatik jaisten hasi da, mugimendu bare eta neurtuekin. Badaki zein den egitekoen ordena. Arratsari denbora apur bat kentzen badio, Soniarengana joango da. Sonia Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin etorri da Kios-era, ahal duen guztian laguntzera, eta elikadura kontuak koordinatzen aritzen da; ez da harritzekoa, bere sorterrian elikagai-bankuan egiten baitu lan. Frantziarra da, baina badaki grezieraz, haren aitona Samos uhartekoa baitzen. Etorri zenetik dezente argaldu da, eta gero eta betzulo handiagoak dauzka. Errefuxiatuen gero eta antz handiagoa hartzen ari da. Azala ere ilundu egin zaio, eta errefuxiatu batek oparitutako zapi berde batekin babesten da eguzkitik. «Hainbeste gauza ahazten ditu munduak», esan zion lehengoan, «ezen ez baita ohartu ere egiten zer ahaztu duen». Kyorgos-ek behin eta berriz errepikatu du esaldi misteriotsu hura, burutik joan ez dakion. Buruz ikasi du azkenean, poema bat bezala.

Orain arte Kyorgos-ek ahal zuen moduan lagundu du: janariarekin, zamaketari gisa, konponketa txikiak eginez... Errefuxiatu batzuen izenak ere ikasi ditu: Nadim, Ajmal, Kamal... Keinu bidez hitz egiten du haiekin, edo Soniari eskatzen dio itzultzaile lanak egiteko. Errefuxiatu familiaren bat etxera ekar dezakeela ere otu zaio. Egia da etxe apala duela, bai metro karratuei bai altzariei dagokienez ere, eta, gauzak dauden bezala, badaki ez dela samurra izango. Katu hilek ez dute hitz egiten, baina hitzen ordez katuak erabiltzen dituztenek ondo baino hobeto dakite adierazi nahi duten hori adierazten. Zenbait bezerok utzi diote bere tabernara etortzeari; beste zenbaitek, berriz, ezikusiarena egiten dute kalean berarekin topo egiten badute, edo are disimuluaren protokoloak bete gabe ukatzen diote agurra, argi eta garbi.

Lehen bezeroak sartzen hasi aurretik, tragoxka bat eman dio beheko apal batean aparte gordetzen duen ardo botila bati. Badaki eguerdia iristerako hutsik egongo dela, garrafoitik bete beharko duela berriz. Zapi batez garbitu du kafe-makina. Kikarak eta platerak prest dauzka. Kyorgos-ek erlojuari begiratu dio. Atea ireki du hurrena, eta berehala heldu dira lehen bezeroak. Lanean ari dela, ahaztu egin da tarte batez kanpamentuaz, dei mehatxagarriez, Soniaz... Noizbehinka, tragoxka bat ematen dio ardo botilari, ahaztu nahi duen horretaz ohartuko ez balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.