«Senarra atxilotzera etorri zirenean, urte betez-edo erabat blokeatuta geratu nintzen. Gauerdia heltzean, jantzi egiten nintzen, eta ohean eserita gelditzen nintzen, zain, argi nuelako Polizia berriz sartzen bazen ez nindutela ohean harrapatuko. Ez dut hau sekula kontatu». Egon, egon ziren emakumeak ere 1980ko hamarkadan Euskalduna ontziolaren itxieraren aurkako borrokaren lehen lerroan, baina historiak itzalean utzi ditu haien hitzak, eta, hain zuzen ere, historia hori gogora ekartzea da Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren asmoa. Itxialdietan, manifestazioetan eta batzarretan aritutako emakume haietariko zazpi bildu dituzte horretarako, eta haien lehen eskuko lekukotzen bidez kontatu dute Euskaldunaren itxierak Bizkaiko ehunka etxetan eragin zuen trauma. Loli Garcia, Bego Gutierrez, Eva Cerrato, Maribi Marañon, Eli Zugaza, Andrea Gutierrez eta Yoli Rodriguez dira filmeko protagonistak, eta haien hitzen eta oroitzapenen bidez kontatzen dira gatazka haren barrunbeak. Aipatzen dira itxiera ostean izandako suizidioak, alkoholismo arazoak, Poliziaren errepresioa eta baita bikote banaketak ere, baina borroka hura gidatu zuten elkartasuna eta duintasuna dira azkenean nabarmentzen direnak: «Borrokatu beharra dago». Larraitz Zuazo zinemagileak zuzendu du lana, eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ekoitzi du. Gaur abiatuko da jaialdia, eta azaroaren 25era bitarte iraungo du. Lehiaketaz kanpo estreinatuko dute Euskaldunari buruzko dokumentala, bihar, BBK aretoan.
«Memoria falta zen», aitortu du Zuazok. «Emakumeek eurek ere ahaztuta zeukaten borroka hartan izan zuten pisua». Zuzendariak dioenez, ordea, dokumentalerako garai hartan bizitakoak gogora ekarri ahala, «ahaldunduta» eta jokatutako rolaz «kontzienteago» amaitu dute bidea zazpi emakumeek. Euskaldunan gertatutakoak zauri sakonak utzi zituela azaldu du Araitz Rodriguez dokumentaleko gidoilariak ere. Etxean ezagutu du hori berak, adibidez, Euskaldunako langilea baitzuen aita, eta itxieraren aurkako protesta eta borroketan aritua baita haren ama ere. «Aitortza behar dute emakume eta gizon haiek guztiek».
Ernesto del Rio Zinebi jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, Bilboren historia gogora ekartzea da jaialdiaren helburuetariko bat, eta horregatik ekoitzi dute Euskaldunako emakumeen filma. ETBren eta EHUren laguntza ere izan dute horretarako. Jaialdiko zuzendariaren hitzetan, funtsezkoa da hiriarekin lotutako memoria ariketa hori. «Bi ildo nagusi ditu jaialdiak: nazioarteko ibilbidea egin duten kalitatezko lanei eskainitakoa da bata, eta ekoizpen propioekin eta bertako pelikulekin osatutako ildo lokala da bestea. Bi puntu horien arteko tentsioan dago jaialdiaren nortasuna».
Sail ofizialaz harago
Gaur arratsaldean egingo dute jaialdia hasteko ekitaldia, Arriaga antzokian, 20:00etan. 4.109 film labur eta dokumental jaso dituzte antolatzaileek aurten, eta haietariko 71 aukeratu dituzte sail ofizialean lehiatzeko. Nazioarteko jaialdi nagusietatik pasatutako film dokumental luzeak emango ditu Beautiful Docs sailak, eta Euskal Herriko produkzioei eskainiko diete Bertoko Begiradak saileko programa. Hor estreinatuko dute, esate baterako, Kirmen Uribe idazlearen sorkuntza prozesuaren inguruko Gutariko azkena filma, igandean. Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan, Campos antzokian, Guggenheim museoan eta BBK aretoan egingo dituzte proiekzioak.
Jaime Chavarri zinemagile espainiarra eta Bahman Ghobadi zinemagile kurdua ere sarituko dituzte aurtengo jaialdian: Ohorezko Mikeldi sari bana jasoko dute biek.
Orain arte banatu dituzten sariez gain, sari berri bat ere izango da aurten. Film laburrak egiten ibili ondoren film luzeak egiten hasi diren zinemagile gazteentzat izango da Zinebi First Film saria, eta 7.000 euro jasoko ditu irabazleak.
Ahaztutako borrokalariak
Gaur hasiko da Zinebi film labur eta dokumentalen jaialdia, Bilbon; 71 pelikula lehiatuko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu