The Girl From Ipanema-k, Antonio Carlos Jobimek eta Vinicius de Moraesek idatzitako kantuak, aurretik ere izan zituen hainbat bertsio. Grabatzen lehenengoa Pery Ribeirorena izan zen, 1963an, baina Astrud Gilbertoren senar Joao Gilbertok eta Stan Getz saxofoi jotzaile estatubatuarrak elkarrekin egindako Getz/Gilberto (1963) azaldu zenean lortu zuen nazioarteko oihartzuna. Bossa Nova eta jazza uztartuko zituen disko bat grabatzea zen Joao Gilbertoren eta Getzen asmoa, eta, aurretik musikan beste esperientziarik ez bazuen ere, Astrud Gilberto azkeneko momentuan gonbidatu zuten diskoan kantatzera. Estrofa batzuk kantatu zituen lehendabizi, proba modura. Haren ahots leunak liluratuta, album hartan parte hartu behar zuela erabaki zuten Astrud Gilbertok eta Getzek. Hain zuzen ere, senar-emazteek, biek abestu zuten The Girl From Ipanema-n. Joaok portugesez, eta Astrudek, berriz, ingelesez.
Arrakasta handia lortu zuen kantuak berehala: bost milioi kopia baino gehiago saldu zituen mundu osoan, eta 96 astez Billboard musika aldizkariko albumen zerrendetan egon zen, 5. postua lortzeraino. Are, lau Grammy sari irabazi zituen; tartean, emakumezko ahots interpretazio onenarena. Hala, abeslariak mundu osoan egin zuen ezagun bossa nova musika.
Arrakasta horren bidea, ordea, ez zen hain atsegin amaitu. Izan ere, Stan Getzek hasieratik jakin zuen Astrudena berehalako arrakasta izango zela, eta ahaleginak eta bi egin zituen arrakasta horren irabazien jabe egiteko. Gene Lees DownBeat aldizkariko editorearen arabera, saxofoi jotzaile ospetsuak Astrud royalityen banaketan sartzea eragotzi zuen, eta, beraz, Artisten Sindikatuak ezarritako 120 dolarrak baino ez zituen kobratzen abeslariak saio bakoitzeko. Gainera, albumaren kredituetan ez zuten haren izenik aipatu ere egin.
Honela justifikatu zuen Getzek orduan: «Etxekoandrea baino ez zen orduan Astrud, eta disko horretan parte hartu zezala nahi nuen The Girl from Ipanema kantua ingelesez abestu behar zelako, eta Joaok ezin zuen hori egin, ez baitzekien ingelesez. Arrakasta handia lortu zuen kantu hark, zorte handia izan zuen horrekin».
Bakarkako bidea
Kantuak izandako oihartzunaren ondorioz, Astrud Gilbertok ibilbide arrakastatsuari ekin zion, eta, senarrarengandik bananduta, bakarkako bidea hartu zuen. Hainbat artista entzutetsurekin ere aritu zen elkarlanean; besteak beste, Ennio Morriconekin, Chet Bakerrekin, George Michaelekin, Toots Thielemansekin, Stanley Turrentinerekin eta James Lastekin.
Bossa nova beti ardatzean izanda, baina jazzera eta estandarretara ere hurbilduta, 1960ko hamarkadan Verve jazz diskoetxeari lotutako hainbat disko grabatu zituen: The Astrud Gilberto Album (1965), Look to the Rainbow (1966). The Shadow of Your Smile (1965), Beach Samba (1967), A Certain Smile, A Certain Sadness (1967) —Walter Wanderley pianistarekin—, I Haven't Got Anything Better to Do (1969) eta beste.
Hemeretzi album kaleratu zituen denera, eta nazioarteko sari ugari jaso zituen horiekin. 2022an erretiratu aurretik, musika estilo guztietan aritzeko astia eman zion kasik: bossa nova, Brasilgo herri musika, jazzaren estandarrak eta klasiko amerikarrak zein europarrak abestu zituen. Hainbat hizkuntzatan aritu zen kantari: ingelesez, espainieraz, frantsesez, italieraz eta alemanez. Ziurrenik horregatik izan zuen arrakasta handiagoa Brasildik kanpo, Brasilen baino.
Musikatik erretiratu zenean, filosofiari eta pinturari buruzko interesa piztu zitzaion, eta animalien eskubideen alde militatu zuen. Behin eta berriz esaten zuen ez zuela sumatzen kontzertuen falta, ezta musika industriaren «mespretxuaren» falta ere.