Musika

Ahotsari eta dantzari protagonismo berezia emango die Donostiako 86. Musika Hamabostaldiak

Hainbat orkestra, interprete eta obra lehen aldiz entzun ahal izango dira jaialdian, eta haurrentzako opera bat ere estreinatuko dute. Abuztuaren 1etik 29ra, 80 emanaldi programatu dituzte.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendaria, babesle diren erakundeetako ordezkariekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendaria, babesle diren erakundeetako ordezkariekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko maiatzaren 19a
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Musika Hamabostaldiak 86. aldia izango du aurtengoa. «Baina lehen aldien edizioa ere izango da, neurri handi batean», Patrick Alfaya jaialdiaren zuzendariak aurreratu duenez. Izan ere, Hamabostaldian inoiz entzun gabeko orkestrak, interpreteak eta obrak aditu ahal izango dira. «Aurten beste norabide bat hartu dugu hainbat arlotan, obretan ez ezik, baita gonbidatu ditugun orkestretan ere. Eta, hala, programa berri ugari ez ezik, jaialdian orain arte egon gabeko orkestrak eta artistak ere bildu ditugu egitarauan».

Abuztuaren 1etik 29ra bitarte, 80 emanaldi inguru izango dira, eta ahotsari eta dantzari lotutakoek protagonismo berezia hartu dute egitarauan. Maurice Ravel gogoan izango dute hainbat emanalditan, euskal konpositorea jaio zeneko 150. urteurrenean, eta haurrentzako opera bat ere estreinatuko dute. Halaber, orkestra handien bisita hartuko du Kursaaleko auditoriumak, eta ohiko zikloei ere eutsiko die jaialdiak. Sarrerak asteazkenetik aurrera eskuratu ahal izango dira, bai Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan, bai jaialdiaren webgunean.

Hasteko, dantza

Ohi ez bezalako hasiera izango du aurten Kursaal auditoriumeko zikloak, dantzak abiatuko baititu emanaldiak. Zehazki, Angelin Prelijocajen ekoizpen berriak hartuko du agertokia abuztuaren 1eko iluntzean: Requiem(s) dantza ikuskizunak. Horren aurretik, Lasala eta Verdini dantza konpainiek ere emanaldi bana egingo dute, San Telmo museoan eta Kursaaleko foyer-ean hurrenez hurren, jaialdiaren inaugurazioko ekitaldien barruan. 

Abuztuaren 5ean, berriz, flamenkoak hartuko du Viktoria Eugenia antzokiko oholtza, Rafaela Carrasco koreografoaren lan berriarekin: Nocturna. Arquitectura del Insomnio

Gainerakoan, eta aurreko urteetan bezala, Tabakalera izango da dantza eskaintzaren aterpe nagusia, eta eraikineko patioa, plaza eta prisma hartuko dituzte formatu desberdinetako proposamenek. Idoia Zabaletak sorkuntza egonaldi bat egingo du, eta Laida Aldaz, LaCerda, Melania Olcina, eta Jesus Rubio eta Luz Prado artisten emanaldiek osatuko dute zikloa —eskainiko dituzten piezetako hiruk zuzeneko musika izango dute lagun—.

Dantza beste ziklo batzuetan ere izango da ikusgai, hala nola Organo zikloan —Gure Kai eta Verdini dantza taldeekin— eta Musika Aitzaki zikloan —Haatik konpainiarekin eta Amaiur Luluaga dantzariarekin—.

Ahotsak protagonista

Euskal Herrian abesbatzek duten tradizioagatik, ahotsak beti izaten dira oso presente Musika Hamabostaldian. Baina aurten pisu berezia izango dutela adierazi dute antolatzaileek. Eta hainbat euskal artistaren izenak nabarmendu dituzte. Mundu osoko opera plaza nagusietan aritu ondotik, Xabier Anduaga tenorra sorterrira itzuliko da, eta bi emanaldi egingo ditu jaialdian: abuztuaren 4an, Valentziako Erkidegoko Orkestrarekin kantatuko du, Kursaalean; abuztuaren 12an, Maciej Pikulski pianistak lagunduta, Viktoria Eugenian. 

Beste ekitaldi garrantzitsuenetako bat abuztuaren 9an izango da: Guridiren Amaya opera kontzertu bertsioan berreskuratuko dute, eta, Easo Abesbatza ez ezik, Arantza Ezenarro, Gillen Mungia, Marife Nogales, Lucia Gomez, Juan Laboreria eta Jose Manuel Diaz ere ariko dira bertan kantuan. 

Abuztuaren 20an, berriz, Bernsteinen West Side Story-ren kontzertu bertsioan, Miren Urbieta-Vegak eta Nerea Berraondok kantatuko dute, besteak beste. 

Nazioarteko orkestrak

Lehen aldia izango dute zenbait orkestrak jaialdian, eta, haien artetik, Alfayak Leipzigeko Gewandhausena nabarmendu du, zeina bitan ariko den jaialdian —abuztuaren 28an eta 29an—.

Beste hainbaten artean, Parisko Operako Orkestrak ere lehen aldia izango du Hamabostaldian. Thomas Ades zuzendari eta konpositoreak gidaturik ariko da, eta Ravelen omenezko programa bat interpretatuko du abuztuaren 27an.  

Haurrentzako opera

Orain urte batzuk abian jarritako elkarlanari segida eman diote jaialdiak eta Easo Abesbatzak aurten ere. Eta Niguzu ekoizpen propioko haurrentzako operaren erabateko estreinaldia izango da Haurren Hamabostaldiko ekitaldi nagusia, abuztuaren 26an. David de Oliveiraren gidaritzapean, Iñaki Carcavillaren musika eta Marta Garciaren libretoa ditu lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.