Josu Okiñena. Piano jotzailea

«Aita Donostia bere garaiko konpositore handienetako bat zen»

Kontzertua emango du gaur Donostiako Kutxa aretoan, Almudena Ortega sopranoarekin, Aita Donostiaren abestiekin osatutako 'Integral de la obra para voz y piano' diskoa aurkezteko.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ikerketari emana bizi da Josu Okiñena (Donostia, 1971), eta egiten duena defendatzen du: «Interpretazioaren oinarrian ikerketa dago. Interprete modura aritzeko, ikerketa artistikoa egin behar da, ikerketa musikala. Jakin behar baita jotzen duzun musikaren historia ere, testuingurua». Aurrena, ikertzen, eta, gero, ikasitakoa, sakondutakoa, Europako eta AEBetako agertokietan zuzenean interpretatzen dabil. Eta ikertutakoari buruzko hitzaldiak ematen munduaren luze-zabalean. Gelditu gabe, alegia. Aita Donostia konpositorea (Donostia, 1886-Lekaroz, 1956) izaten da gehienetan haren aztergaien iturburua. Haren abestiekin beste bilduma bat atera du Okiñenak. Integral de la obra para voz y piano dauka izena (Warner) , eta etxean, Donostiako Kutxa aretoan joko du gaur, 19:00etatik aurrera.

Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia-k ahots eta pianorako sortutako kantuekin bost disko bilduma egin dituzu azken 10 urteotan. Eta orain, berriz, lau CDz osatutako beste bilduma bat osatu duzu, aurrekoak hartuta. 172 abesti guztira. Aurrerantzean ere Aita Donostiaren ondarean arakatzen jarraituko al duzu?

Bai, bai, arakatzen jarraituko dut. Aurten bertan pianorako soilik sortu zituen kantuak grabatuko ditut. Prestatuta dauzkat Euskal Preludioak eta pianorako obrak.

Oraindik ere haren obrako alderdi asko daude ikertzeke, hortaz.

Bai. Izugarria da haren obraren handitasuna. Artxiboetara joko bazenu, harritu egingo zinake. Bere garaiko konpositore handienetariko bat zen; baita nazioartean ere. Harreman bikaina zeukan Maurice Ravelekin, eta Igor Stravinski ere ezagutu zuen Parisen, adibidez. Garai hartako konpositore handienetarikoak dira bi horiek. Kalitateak bezainbesteko garrantzia dauka kantitateak Aita Donostiaren obran.

Portzentajeetan hitz eginda, pianorako eta ahotserako sortu zituen piezek haren obraren zenbatekoa osatuko lukete?

Laurdena? Haren obraren seirena? Zaila da kopuru bat ematea.

Zergatik harekiko miresmen hori? Zer transmititzen dizu haren obrak?

Felix Lavilla izan zen nire piano maisua Madrilen ikasten nengoenean. Espainiako gerra pasatuta, Aita Donostia Euskal Herrira bueltatu zen, Lasartera. Han, etxe batean, Felixek [Lavilla] eta berak lau eskuetara jotzen zuten pianoa. Oso ondo ezagutzen zuen hark Aita Donostiaren obra zein idazteko modua. Esan zidan obra hori ez zegoela ez grabatuta, ez argitaratuta, baina Ravelenaren, Claude Debussyrenaren edo Stravinskirenaren maila berean zegoela Aita Donostiaren obra. Horregatik hasi zen Felix obra hori aztertzen. Izan ere, denda batera joaten baldin bazara, ezin duzu haren obrarik aurkitu. Hasi nintzen joaten Iruñeko fraide kaputxinoen Aita Donostiaren artxibora, eta harrituta geratu nintzen liburuekin eta iturriekin.

Kalitateak harritu zintuen?

Bai. Baina kalitatea zuen, ez soilik konpositore gisa, folklorista gisa ere sekulakoa zen. 1.500 abestirekin bilduma bat egin zuen; hala, bere euskal kantutegia da Euskal Herriko inportanteena. Nik izugarri maite dut nola tratatzen dituen kantu folkloriko horiek; nola erabiltzen dituen harmoniak, hizkuntza abangoardistenak, kantu horiek tratatzeko orduan. Gure kultura txikia munduan zehar bere hizkuntzaren bidez zabaldu zuen, eta hori da inportanteena.

Hala ere, Aita Donostiaren obra nahiko ezezaguna da, ezta?

Bai, hala da. Oso ezezaguna da. Madrilen, esaterako, ez dute ezagutzen. Parisen, berriz, apur bat gehiago. Grabaketa Warner diskoetxearekin egitea inportantea izan da, Hego Korean, Japonian, AEBetan edo Australian Aita Donostiaren erreferentzia izango dutelako.

Eta berak zer sentituko luke bere abestiak ahots eta pianoarekin interpretatuta entzungo balitu?

Gustatuko litzaizkioke. Tira, berak inoiz interpretatu izan zituen bere piezetako batzuk Margueritte-Babaian abeslari armeniarrarekin batera. Euskal Herriko folklorea nolakoa zen azaltzeko batez ere Parisen ematen zituen hitzaldietan interpretatzen zituen pieza batzuk. Baina guk egiten duguna diferentea da...

Zergatik gustatuko litzaioke?

Hasteko, pianoaren soinuagatik, kalitateagatik. Eta, bestetik, gaur egun, haren musika irakurtzen dugunean, zerbait berria komunikatzen dugulako.

Lau kantu mota ditu Aita Donostiak, zure iritziz: kantu folkloriko hutsak, kantu folkloriko landuak, autorearen beraren doinuak eta helburu pedagogikoa dutenak. Alde handia al dago bateko edo besteko abestien artean? Edo pieza guztiek daukate ezaugarri komun bat?

Zaila da esatea, baina pieza guztiek dute ezaugarri komun bat: den-denak zehaztasun handiz landuta daude. Abesti batzuk, adibidez, motz-motzak dira, 20 segundokoak, baina, hala ere, zerbait berezia dute. Musika, soinua eta ahotsa ondo tratatuta daude beti, gustuz... Nik haren obra osoa dut gustuko, ezingo nuke multzo bat aukeratu. Multzo bakoitzak bere funtzioa dauka, eta nik lau multzoetakoak grabatu ditut.

Eta zer espiritu dauka diskoak?

Nik esango nuke espiritu onirikoa duela. Ametsak, gogoak, tristezia... Nabaritzen da haren bizitza ez zela batere erraza izan eta gorriak pasatu zituela.

Abestien hitzak ere Aita Donostiak berak egiten al zituen ?

Abesti batzuen hitzak berak egin zituen, bai. Abesti gehienak euskaraz dira, baina dezente daude katalanez eta frantsesez, sefardiz ere bai bakanen bat, eta bat, gaskoiz. Almudena Ortegak kantatu ditu denak.

Hainbat langintzatan ibili zara zure ibilbidean: kontzertista, hitzaldi emaile, ikertzaile, irakasle... Hainbeste zereginetan aritzeagatik bakarlari ibilbide arrakastatsu bati uko egin diozula pentsatu al duzu inoiz?

Aurten pianorako egingo dudan grabaketan bakarlari arituko naiz. 2013an aurkeztuko dut, eta, hortaz, bakarlari gisa ibiliko naiz munduan zehar. Urtean 50-60 kontzertu eman ditzaket.

Munduan zehar zure gisara bakarlari ibiltzen direnak bestelako langintzetan ere ba al dabiltza?

Ikertzen ere ibiltzen dira, baina zaila da esatea... Interpreteen artean eztabaida bat dago orain puri-purian: batzuek esaten dute interprete gisa baldin bazabiltza ezin duzula ikerketarik egin, eta nik, aldiz, interpretazio bat lortzeko ikertzailea izan behar duzula erantzuten diet. Ikerketa enpirismoa bezala baino ez da ulertu orain arte: tipo bat mantal zuri batekin laborategi baten, alegia. Baina ikerketa zientifiko bat zabalagoa izan daiteke... Kontzeptua behintzat.

Zure kasuan zer da ikerketa zientifikoa egitea?

Sistematizatutako metodo batekin zerbait ikasi, hausnartu, eta gero hori komunikatu. Nire kasuan pianoarekin egiten dut ikerketa. Oinarri bat daukazu, eta soinuak probatzen dituzu, esperimentatu egiten duzu. Pianoa jotzen ari zarela duda batzuk sortzen baldin bazaizkizu, artxibora jo behar duzu kontsulta egitera, eta atzera pianora. Eta gero kontzertua. Eta hurrena kontzertua analizatu. Horrela beti.

Harritzekoa da AEBetan kontzertuak ematen aritzea, eta hemen, jende gehienarentzat behintzat, ezezagun samarra izatea...

Normala da... Angel Illarramendi ezagutzen duzu, adibidez?

Joan den astean elkarrizketa zabala egin zitzaion BERRIAn.

Ba New Yorkeko musika giroan Illarramendi nor den galdetzen baduzu, mundu guztiak ezagutzen du; hemen, aldiz... Eta zarauztarra da!

Musika garaikidea deitzen den hori ez al da jendearengana iristen?Edo alderantziz da?

Zaila da horri erantzutea... Zer da musika hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.