«Nire ustez, eta zalantzarik gabe, Aita Donostiaren obra nagusiena da». Halaxe aurkeztu du Josu Okiñena piano jotzaile, ikerle eta irakasle doktoreak Aita Donostia konpositorearen 'llustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d'Assise d'Henri Ghéon (Henri Gheonen Asisko San Frantziskoren bizitza sakonerako ilustrazio musikalak). Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxearekin batera aurkeztu du Okiñenak konposizioaren testu osoa batzen duen liburua, eta itzultzaileak ere alboan izan ditu: Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzain eta frantziskotarrak euskaratu du liburua frantsesetik, eta Victor Herrero de Miguel poeta kaputxinoak gaztelaniaz paratu du.
Elkarlanean egindako edizioa dela nabarmendu du Okiñenak. Abiapuntua, ordea, berea da. Iruñeko Kaputxinoen Probintziako Artxibo Historikoan dokumentazio bila ari zela, Aita Donostiaren eskuizkribu autografoa aurkitu zuen. Baita haren frantsesezko beste eskuizkribu bat ere, «serendipiaz»; hain zuzen, piezari antzerki-forma emateko eta oholtzaratzeko idatzitako egokitzapena da bigarren eskuizkribu hori. Besteak beste, aktoreentzako dialogoak eta kanturako hitzak agertzen ditu eskuizkribu horrek.
Okiñenaren aburuz, nekez sailka liteke Aita Donostiaren pieza hori genero jakin batean, baina izatekotan «teatro lirikotzat» joko lukeela esan du: «Aita Donostiak ere halaxe deitzen zion».
Illustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d'Assise d'Henri Ghéon 1926ko azaroaren 1ean eta 6an taularatu zen Eliseoko Zelaietako Antzokian. Max Eschig argitaletxeak edizio moduko bat egin zuen urte hartan, baina, Okiñenaren arabera, «pieza oholtzaratu ahal izateko justuko lanak hartuta. Geroztik deskatalogatuta zegoen». Henri Ghéon poeta frantsesaren testu bat du oinarri. Hura egokitu eta musikaren lengoaiara eraman zuen Aita Donostiak. Bost zatitan, San Frantziskoren bizitza kontatzen da bertan; konbertitu zenetik hil zen arte. Haren heriotzaren zazpigarren mendeurrenaren karietara ondu zuen pieza Aita Donostiak, eta zortzigarren mendeurrenaren atarian heldu da liburua.
«Mugarri bat euskal musikan»
Agirrebaltzategik Okiñena joan zitzaionekoa ekarri du gogora. Kaputxinoen edota frantziskotarren artetik liburua nork euskaratu zezakeen galdegin zionean, ez omen zitzaion inor bururatu. Baina biharamunean bazuen kandidaturik: «Obra San Frantziskori buruzkoa izanik, eta laster haren haiotzaren zortzigarren mendeurrena izango dela kontuan hartuta, ilusioa egin zidan neuri». Itzultzeak eman dion lanaz mintzatu da Agirrebaltzategi: «Testua oso poetikoa da. Eta logika sarritan apurtzen denez, interpretazio problemak ere baditu. Erraza ez da izan, baina gozatu egin dut, testua oso bihotzekoa delako».
«Testua oso poetikoa da. Eta logika sarritan apurtzen denez, interpretazio problemak ere baditu. Erraza ez da izan, baina gozatu egin dut, testua oso bihotzekoa delako»
PAULO AGIRREBALTZATEGI Itzultzailea
Gozatuagatik ere, horretan ordu asko eman behar izan dituela aitortu du Agirrebaltzategik. Hasierako poema neurtu bat ipini du zailtasun horren argigarri: «Benetan bihurria da. Interpretazio aldetik batetik, baina bestetik, neurtua delako». Itzultzailea neurri jakin horretara errenditzen saiatu zen lehendabizi, baina gustura gelditzen ez. Besteei begiratuta heldu zitzaion irtenbidea: «Gaztelaniazko itzulpena ikusi nuenean liberatu nintzen. Utzi ditzagun neurriak eta goazen itzulpen libreagoa egitera, neurririk gabe». Ordura artekoa bertan behera utzi, eta beste itzulpen bat egin zuen. Azken horrek gogobete zuen.
Herrero de Miguelek ere testua itzultzeko zailtasuna aipatu du: «Ez da erraza piezaren sinbolismoa ulertzea. Edertasun handia du, bai estetikoki, bai etikoki ere. Frantzisko poetikoki bizi izan zen eta poema guztiak barne hartzen dituen poema idatzi zuen».
Bengoetxeak Aita Donostia goraipatu du, bai euskal folklorearen biltzaile gisa, bai eta sortzaile gisa ere: «Ziurrenik, Aita Donostia Aita Gurea musika piezaren konposatzailea da gehienentzat, baina gure herri ondareko ia 2.000 letra eta partitura jaso zituen Euskal Eres-Sorta bilduman». Bengoetxearen ustez, liburuak aparteko garrantzia dauka euskal gizartearentzat: «Mugarri garrantzitsua da gure herrialdeko kultura ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta aitortzeko. Liburu honek herri gisa dugun historiaren zati bat irudikatzen du, gure identitate kolektiboaren parte da, eta, horri esker, gure iraganari etorkizuna ematen diogu, gure kultura bizirik mantentzeko. Lan zoragarria da».
Parekorik ez duen obra bat dela dio Okiñenak: «Euskal musikaren historiako lan nagusietako bat da, besteak beste, folklorea eta Parisen ezagututako lengoaia abangoardista uztartuz, espiritualtasunean sakontzen duelako musikaren eta kantu gregorianoaren bidez». Aurrerantzean, obra interpretatzeko eta ikertzeko helduleku bat eskainiko du liburuak.
«Euskal musikaren historiako lan nagusietako bat da, besteak beste, folklorea eta Parisen ezagututako lengoaia abangoardista uztartuz, espiritualtasunean sakontzen duelako musikaren eta kantu gregorianoaren bidez»
JOSU OKIÑENAMusikari eta ikerlea