Kei Chika-Ura zinemagile japoniarraren bigarren film luzea da Great Absence. Familia harreman batean dago oinarrituta, eta duela urte batzuk urrundu ziren aita-seme batzuen arteko elkartzea kontatzen du. Dementzia du aitak, eta desagertuta dago haren bigarren emaztea. Jazotakoa aztertu eta egia bilatzen saiatuko da Takashi semea, aitarekin harremana berrartzen duen bitartean. Misterioaren erdian, hainbat ezusteko eta ezkutuan gordetako kontu izango dira.
Zuzendariak azaldu du pandemia garaian dementzia izan zuela bere aitak, eta bi arrazoi horietatik tiraka sortu duela filma. Halere, garbi utzi du fikziozko pelikula bat dela, eta ez dagoela egiazko gertakari batean oinarritua. Dementziaren gaiak kezkatzen ote duen galdetuta, hala erantzun du: «Datu estatistikoen arabera, herrialde garatuetan Japoniak du dementzia kasuen ehuneko handienetarikoa; alde horretatik, pentsa genezake Japonian arazo sozial bat izan daitekeela. Egia da jendea geroz eta urte gehiago bizi dela, eta arazo horrek zerikusia du gai honekin».
Denboraren, memoriaren, maitasunaren eta harremanen inguruko lanketa egiten du pelikulak, eta dementzia prozesua eta horrek eragindakoak ere jasotzen ditu. Tatsuya Fuji aktoreak azaldu duenez —dementzia duen aitaren papera antzezten du—, erraza egin zaio pertsonaia interpretatzea, eta filmatzeko denbora «oso azkar» pasatu zaio. Zuzendariak eta aktoreak elkarrekin lan egiten duten hirugarren lana da, eta esperientzia «positiboa» izan dela adierazi du Fujik.
Elkarlanean
Lantaldeko kide gehiago ere izan dituzte gogoan; tartean, Yutaka Yamazaki argazkilaria, zeina irudiaz arduratu baita. Lan egiterakoan askatasuna izan duela azaldu du zuzendariak: «Argibideak ematen nizkion, eta, aldi berean, berak ideiak helarazten zizkidan. Eztabaida edo feedbacka zegoen elkarren artean. Agian emaitza ez da Yamazakiren estilo purua; zerbait mistoa da, fusionatua».
Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Aita-seme batzuen elkartzea
Kei Chika-Ura zinemagile japoniarrak dementziaren eta familia istorio baten inguruan gertatzen den pelikula bat aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean: 'Great Absence'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu