Aitor Arana idazleari egindako elkarrizketa luzea plazaratu du Cyril Taffin de Tilques Akitanian jaiotako irakasleak, Aitor Arana: bizitza eta obra elkarlanean liburuan (Hiria). Luis Haranburu Altuna Hiria argitaletxeko editoreak ere parte hartu du liburuaren prozesuan, elkarrizketa horretarako interesgarri iruditzen zitzaizkion gaien zerrenda bat osatuz. Ondoren, gai horietako bakoitzaren inguruko galderak idatzi zituen Taffin de Tilquesek, eta horiei banan-banan erantzun die, azkenik, Aranak.
Horretaz gain, Haranburu Altunak idatzitako hitzaurrea eta Aitor Aranaren hainbat adiskidek —Maite Urkia, Eukene Herrera, Mari Eli Ituarte, Lander Etxebarria, Wim Jansen, Michael Larkin eta Aitor Arrutik— libururako idatzitako testuak ere aurkituko ditu irakurleak; baita Aitor Aranaren bibliografia oso bat —itzulpenen, sarien eta abarren berri ere ematen duena— eta aurkibide zehaztua ere.
Arana eta Arretxe gustuko
Parisen euskara irakasle da Cyril Taffin de Tilques; eta euskarazko literaturaren jarraitzaile porrokatua. Aitor Arana eta Jon Arretxe ditu bereziki gustuko euskal idazleen artean, eta haien lanak oso ondo ezagutzen ditu. Zubiak aldizkariak literaturari eta euskarari zegokion atalaz arduratzen hasi zen 2004an, eta zeregin horren ondorioz Aitor Aranarekin harremanetan jarri zen hurrengo urtean. Harrezkero gutxienez urtean behin biltzen dira biak, eta duela hiruzpalau urte bururatu zitzaien orain liburu gisa gauzatu den egitasmoa. Ezeren okerrik ez dela, ondorego egunetan iritsiko da liburua dendetara.
Aranaren bi liburu frantsesera itzulia da Taffin de Tilques: Urtegi misteriotsua eta Irunberriko sorginak; Hiriak argitaratu zituen itzulpen horiek ere. Aranaren obran bi gairen agerpenak piztu du batez ere Taffin de Tilquesen arreta, hark liburuaren sarreran dioenez: «heriotzak eta sexu-tabuen urraketak».
Aitor Aranari egindako elkarrizketa luzea argitaratu du Hiriak
Cyril Taffin de Tilques irakaslearen galderei erantzun die 'Aitor Arana: bizitza eta obra elkarlanean' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu