Aitormena landa arkitekturari

Fuerteventurako paisaia erretratatu du airetik Eduardo Bidartek eta landa eremuko egiturak koadro gisa erakutsi

Eduardo Bidarte bere lan batzuekin, Donostiako Ekain galerian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lur bolkanikoek badauzkate ezaugarri bereizgarriak. Gizakiak, lurrari bere beharren araberako erabilera emanda, hori moldatu egiten du, egitura egokituak eta erabilerari lotutakoak eginda. Fuerteventurako (Kanariar Uharteak, Espainia) paisaia berezia da parametro horiei erreparatuta, baita beste hainbatetatik begiratuz gero ere. Koadro itxura eman nahi izan zien hasieran lanei Eduardo Bidartek (Eibar, 1967): «Koadro abstraktuak. Horretarako aukera bakarra bi dimentsiotan egitea zen, perspektiba plano batean». Bestelako elementuak garrantzia hartuz joan ziren, lana gauzatzeko modua erabaki ahala. Maiatzaren 25era arte egongo da ikusgai erakusketa, Donostiako Ekain galerian

«Ondare etnografikoa da bertan dagoena, ondare eraikia eta existitzen dena, eta erakutsi beharrekoa, nire ustez. Nik helburu artistiko batekin atera ditut, baina herriaren kulturaren parte dira, industrializazioa eman baino lehen landa eremuko gizarteak irauteko zeukan moduaren parte». Horiek dira Bidartek Fuerteventurako paisaiak airetik erretratatzeko arrazoietariko batzuk: «Arkitektura mota horri daukan balioa eman nahi izan diot. Askotan, herri arkitekturari, elizei eta horrelakoei soilik erreparatzen diegu». Fuerteventurakoa gisa horretako interakzio bakarra dela uste du Bidartek, jatorrizko lur eremu bolkanikoen eta landa eremuko pertsonen artean: «Pertsonek egindako elementuak dira, muturreko funtzionalismo baten barruan, abeltzaintza eta nekazaritzarako. Ez zeukaten asmo artistikorik; hori da nik eman nahi diedana».

Ozeanografoa da formazioz Bidarte, baina argazkilari eta diseinatzaile grafiko moduan jarduten du. Kirol argazkilaritzan egin zituen bere lehen lanak, Zarauzko surf txapelketetan argazkiak ateratzen. Urteak daroaz Kanaria uharteetan bizitzen, eta Fuerteventurarekin «maitasun kolpea» izan duela dio: «Joan izan naizenero, sentsazio berezia sortu izan dit paisaiak, magnetismo edo indar moduko bat».

Ortzimugak, alderik alde

Ingurune berde eta urbanizatu batetik etorri izana izan daitekeela horretarako arrazoia azaldu du: «Leku biluzia da, ez dago zuhaiztirik, elementu gutxi daude paisaian... Bertan ortzimugaren alde batetik besteraino ikus dezakezu. Badira bertako arrokak, likenak, landaredia... Berez ikusten ez diren elementuak dira. Argazkiak egin ahala, mailaketa agertzen zitzaidan; errebelatzerakoan gauza berriak agertu dira. Bestela azaleratzen ez diren gauzak azaleratzen dira». Izan ere, argazkilaritza garaikidea eraikuntzan zentratua begitantzen zaio .

Lurraren kolore sortak eta itxuraldatzeak urtaroka erretratatu ditu Bidartek, aro bakoitzeko landarediari erreparatuz zikloen fase ezberdinetan. Zirkulu eta laukizuzenen formak ere behatu ditu. Bertako ahuntzainek eta nekazariek eraikitakoak dira, hamarkada batzuk edo mendeak izan ditzaketenak. Aldez aurretik lan handia egin duela dio, horiek ikertzen eta hegaldiak planifikatzen. Lau hegaldi egin ditu ultra-arinarekin horretarako, 2008. eta 2011. urteen artean.

Hamasei argazki jarri ditu ikusgai Bidartek, erdiak formatu handian eta besteak txikiagoan. «Oso obra originala dela deritzot. Begirada berezia da, lehenago egin ez dena. Horren berezia da, hemengoaren horren ezberdina den leku batekoa... Jendeak ikusi eta erreparatu diezaiola nahi dut, nahiz eta agian ez den oso lan erraza hemengo publikoarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.